kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Garondoan / Gorka Bereziartua / Alberdania, 2026

Ni lanbrotuak Ibon Egaña / Deia, 2026-07-18

Duela hamar urte ekin omen zion Gorka Bereziartuak bere lehen nobela, Garondoan, idazteari. 2016an izan zen, hain justu, Donostia Europako kultur hiriburu, eta garai hartako giro politiko eta kulturaletik abiatzen da nobela ere. Bi idazleren arteko indarkeria eta literaturari buruzko topaketa bat fikzionatzen du lehen kapituluak, solasaldion ardura duen narratzaile eta protagonistaren ahotik. Kontsentsuaren eta adiskidetzearen aldeko ahotsak ugaritzen ari ziren une horretara itzuli da Bereziartua, narratzaile izengabea lagun, eta hortik atzerantz eta norabide ugaritara zabaltzen den nobelak ere badu indarkeriaren eta kontatzearen arteko loturak aztertzetik asko. Errelatuak azaldu ezin dituen xehetasun, ñabardura eta kontraesanen bila abiatzen da nobela, eta bidean gogoeta sakona eskaintzen digu trauma kontatzearen zailtasunei buruz, eta norberaren nia eraiki eta berreraikitzeari buruz, besteak beste. Bilaketa horretan, 1980ko hamarkadaren lehen erdian jaio ginen askoren bizipen, eszenatoki, erreferentzia eta oroitzapenetan barrena ere eramaten gaitu Bereziartuaren nobelak.

Kontatu izan da lehenago ere gatazka bi pertsonaia antagonikoren bidez, edo ispilu-lana egiten duten figuren bidez (idazlea eta ekintzailea; borreroa eta biktima…), eta bitasun batera jo du Bereziartuak nobela hau idaztean, baina antagonismoak bilatzeko asmorik gabe. Narratzaile izengabea Donostiara itzuli da urte batzuk Bartzelonan eman ostean, eta M-15ari buruz idatzi zuen liburu arrakastatsu baten aparrak apaldu ostean. Sormen-krisian, kontatu nahi eta ezinean dabil Alexekin topo egiten duen unean. Alex da bigarren narratzailea, ikastolan ikaskide izandakoa, Aliziaren, bien ikastolako gelakide eta ondoren ETAkide izango zenaren bikotekide ohia. Txandakatuz doaz bi narratzaileak kapituluz kapitulu, baina ohiko narratzaile-aldaketatik harantzago doa nobela honetan proposatzen zaigun jolasa. Subjektua urtu, desegin, bitan eszinditzen baita narratzaileak aldatzen diren uneetan (baita beste une batzuetan ere) eta, hartara, subjektuaren eta identitatearen ezegonkortasunari buruzko gogoeta bihurtzen da nobela, teknika narratibo soil bat erabiltzetik haratago, eta gogoeta eginarazten digu niaren mugei buruz, traumak eragindako hausturei buruz. Kontaketa errealista izanik ere, elementu erdi-fantastiko horiek txertatu ditu idazleak eta nobelak berak hizpide dituen auziez narratiboki hausnartzeko proposamen interesgarria egiten du hartara. Akaso difuminazio, lanbro, lausotze horretan soilik konta daitezke zenbait gauza, nobelak iradokitzen duenez. Eta, gisa berean, narratzailearen haria eten, bideratu eta galdekatzen duen ahots bat sartu izana nobelaren beste aurkikuntza formaletako bat da: nobelari erritmoa eta dinamismoa emateaz gain, kontaketa orotan dagoen zerbait isilpean uzteko joera, sakonean dagoenari iskin egiteko tentazioa lehen lerrora ekarri eta problematizatu egiten baitu.

Arrapaladan irakurtzen da Garondoan, eta sumatzen da kazetaritzan trebatutako luma dela idazlearena. Baina prosa ez da kazetariarena, elaboratua da, esaldi luze eta bihurgunetsuz betea, aurkikuntza estilistikoz betea, eta hala ere batere trabarik gabe irakurtzen dena. Testuinguru askotako erregistro eta oihartzunei lekua egiten die Bereziartuak bere prosan: dela M-15 eta osteko erregistroei, dela ezker abertzalearen 2000etako diskurtsoei, dela Donostia 2016ko kultur kudeatzaileen hizketa-moduei. Hizketa-molde horiek nobelaren lehengai bihurtuz, eta unean uneko giroak erabat sinesgarriki birsortuz lortzen du nobelak garai baten erretratu lanbrotsua osatzea, ni apurtu baten kontaketa belaunaldi baten narrazio ere bilakatzea.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak