« Minaren jaiotza | Ene begien akatsetatik, lurreko poeta begitandu zait »
Itzulbidea / Amaia Iturbide / Erein, 1992
Itzulbidea Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-07
Eduardo Txillidaren Zuhaitz saileko irudiak edertzen du Amaia Iturbide poeta bilbotarraren Itzulbidea deituriko bigarren poema-liburua, eta, beraz, egokia deritzot eskultorearen hitzok gogora ekartzea: “Zuhaitz bat bezalakoa naiz, sustraiak herrialde batean eta adarrak mundurantz zabalik”.
Halaber, itzulbideak badu herritik eta badu mundutik; alegia, itzulbidean dagoenak oinak atzerrian izan ohi ditu, eta gogoa, berriz, aberrian. Ondotxo zekien hori Odiseok. Itzulbidea usu fisikoa izan daiteke, edo geografikoa, baina baita oroiminezkoa ere, norbere herrirakoa izan daitekeelako, baina baita iraganeko bizipenetara ere, haurtzarora kasu.
Liburuaren izenkidea den poemak introspekzioaz dihardu, hain justu ere, eta puntuazio-markarik gabeko lerroetan barneranzko behaketan ikusitako gogoetak aipatzen ditu azkenean argi bat ikusteko “ttikia baina argia / bakoitzak daraman gau zuriaren / isla errebelatua / bakoitzaren zeru artisaua”.
Guztiok gara bidaiari bizi garen heinean, horrexegatik denok daramagu koaderno bat aldean edo barnean, non gure gauak eta egunak zenbatzen ditugun “amets-loak lapurtutako begiradekin batera”. Karmen Agirreren bertsoak izeneko atalean, hau da, Erregina esklabuen diario batetarako bertsoak azpititulua duen sailean, Agirre antzezlearen VII. poeman, “Bizitza / berbaro estupidoa” dela esaten digu poetak, jakin gabe oraindik bizitza zehazki zer den.
Beste emakume baten bertsoetatik, aldiz, Klara Lumo andereñoari eskainitakoetatik alegia, sinpletasunaren aitormena eta herabetasun ia adoleszentearen gozamena dastatzen ditu irakurleak, egileak ezaugarri bi horiek zabal adieraztearen alde egindako aldarri zuzenean.
Bigarren pertsona bati zuzenduriko poemak ere oso esanguratsuak dira, izan baitaitezke Katuloren Lesbia antzeko bati zuzendurikoak edo oroimenak itsasoan utzitako lorratz zilarkara baten arrasto galdua. Oroimena gordetzea aholkatzen digu bestetik poetak: “angorazko katu baten imajinak / oraindik iraganeko karriketan paseiatzen / oraindik aholkuz tatuatutako mihia luzatzen”.
Ezjakintasuna, berriz, izarrena zein geurea, bizitzaren gatibua denez, ezin jakin dezakegu orain elkar ezagutzen dugun hori bihar aurkituko ote dugun. Horrexegatik sarritan itzulbidea baino ez zaigu geratzen mira dugun harengana bueltatzeko, absentzia gogoetaz betetzen dugulako.
Laburbilduz, itzulbidea norbere barreneko gelara sartzeko giltza izan daiteke, han gordetzen den isiltasunak asko baitu esateko, baina ez ezein preziotan.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez