« “Zoriona, edo antzeko zerbait”, joan zirenen absentziarekin bizitzen ikasteko bidaia | Itzultzailearen ertzak »
Oihangintzako eskuliburua / Ramón Andrés (Castillo Suarez) / Pamiela, 2024
Oihangintzako eskuliburua Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-03
Honako hau ez da oihanak nola egin irakasten duen eskuliburu bat, hau zuhaitzez osaturiko poema-liburu bat da. Zuhaitzak ez dira eragozpen haien artetik herabeki ageri diren eguzki-printzen fereka gozoak azalean sentitzeko, ezta euriari busti gaitzakeela gogorarazteko ere. Zuhaitzak babes izan daitezke ekaitza denean, baina baita oztopo ere haratago behatu nahi dugunean. Hor gabiltza denok, poetak, irakurleak eta basoaren kide izateko ahaleginean bizi garen zuhaitz guztiok oihana zeharkatu nahian, inor ez baikaude bakarrik.
Jakinduria ageri da liburuko olerki orotan, poeta nafarrak poemen barrunbeetan islatzen duena, batetik; eta norbaitek zuhaitza aizkorakadaz botatzen duenean, bizitako urteak azaleratzen dituzten enbor-eraztunena, bestetik. Enborraren beheko puska horretan, laburra izanagatik, irakur dezake aizkolariak nahiz ibiltariak edo turistak adinak ez duela zahartzaroa bakarrik esan nahi, ezpada bizitza osoan zehar oharkabean metatzen joan den jakituria ere. Poema labur horiek, aforismoak alegia, soroa ereingo duten haziak dira, ametsak ernetzeko edo bakardadea oihantzeko.
Halaber, haizearen isilunea hausten da oihanera sartzeko ahaleginean. Zuhaitzek ez diote haizeari sarbidea galarazten, ezta ukatzen ere. Doinu leun horretaz osatzen dira antologia honetan bildutako poema guztiak. Musikaren ikastuna eta aldi berean poeta den Andrésentzat tonuak berebiziko garrantzia duelako, bizitza bera soinuz eta doinuz osaturik dagoelako, erritmo eta tonalitate anitzez, poesian bezalaxe.
Horrez gainera, poetak naturaz dihardu etengabe, haren mira izatearen ondorioz ziurrenik. Litekeena baita zerbaitez sarri jardutea hura gertu ez daukagunean, edo haren hutsunea mingarriegia zaigulako, edo miresmena handiegia betiko ahazteko. Bukolikotasuna nagusi den bilduma honetan, paisaiak erabateko protagonismoa du, basoak ez ezik, hiriak ere bai. Poetari umetako oroitzapenak eraikiko zizkion Baztan-Bidasoa eskualdeko zoriontasuna eta genesiaren osteko bizipenek nahiz haien gabeziak osatuko dituzte bertso-lerro ugariak.
Ama-hizkuntzen heriotzak ere kezkatzen du, bestalde, egilea. Berak aitortu bezala, euskaraz idazterik izan ez arren, Euskal Herriaren zati bat arnas daiteke bere olerkietan. Eta elur dezente ari du liburuan, agian ezer ez dela gai heriotza estaltzeko azaldu nahi digulako, ezta elurra bera ere.
Eta maitasun-poemak ez diren maitasun-poemak era badaude, maitatua izateko eta maitatzeko eskaerak, hain zuzen. Ustezko maitasun-poemak maitasunezkoak izateko hitzei lotuegiak daudela baieztatzen du Andrések. Ahotsak islatzen du norbaitek maite izan duen ala ez. Soilik maitalearen oroimenean gelditzekotan oihanera sartzeko aholkatzen digu, osterantzean, hobe kanpoan gelditzea. Semeaz ahaztu den aita eta aita izan ez den gizona elkartzen dira baso sarri honetan. Ez sortzea ere sortzeko era bat da, nolabait. Hutsunetik ere eskulturak sortzen diren hein bertsuan. Umerik egin ez izana ere ematea dela baieztatzen digu, bestalde, beti aurretik zerbait dagoelako. Aski da zerbait edo norbait gogoan gordetzea lehen izan zela konturatzeko.
Bizitzea zer den argi azaltzen digu poetak: ilunabarra heldu baino lehen lana bukatzea, alegia. Laino artean ikasten omen dugu pentsatzen, eta han jabetzen omen gara, bere arabera, sekula ez duela oskarbituko.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi