kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Egurats zabaletako izendaezinak / Rakel Pardo Perez / Maiatz, 2024

Egurats zabaletako izendaezinak Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-06

Poeta askoren eragilea bilaketa da, izatearen nolabaiteko ziurgabetasuna izendatzeko ahalegina, bizipenak eta, ondorioz, sentipenak, eta irudiak hitzen bidez josteko beharra, hain zuzen. Zailena, ordea, bilatzailea zeren bila dabilen jakitea da. Bilaketa bera etengabea izan baitaiteke, eta horretarako poesiaren edertasunaz baliatu, egilea zeren bila dabilen ohartu gabe.

Bizitza osoa eman dezakegu Delfosko orakuluak ohartarazitako mandatuaren erantzunaren xerka, norbere burua ezagutzearena, alegia. Bizitzaren zein etapatan heltzen den gizakia bere burua ongi ezagutzera oraindik asma ezin dezakegun itauna da. Baina Descartesen latindar esamoldeari keinu eginez, hots, cogito ergo sum ezagunari, urdazubiar poetak baieztatzen duenez, Begiratua naiz, beraz banaiz. Halere, nago behatzailearen arabera izate bat ala beste har dezakegula, nork begiratzen gaituen esanguratsua delako nor garen baldintzatzeko, besteentzat batez ere. Euriarena poemako bertso-lerro batzuen arabera, “Hedapenak izendatzen du begirada / eta begiradak / jatorria”.

“Adina / ezponda batean laburbiltzen da”, hala dio poetak. Eta galdera litzateke, hortaz, zertan laburbiltzen den bizitza, gailurrean ala zuloan; edo akaso bi kanalen arteko pasabidean, jaiotzaren eta heriotzaren arteko itsasartean, alegia. Litekeena da, ordea, erantzuna bizitza osoko bilaketaren ondoren aurkitzea, edo agian ez da aski izango. “Bizitzarekin oheratzean / amildegiak sostengatuko zaitu”.

Poemen artean letra etzanez idatzitako bakarrizketa itxurako elkarrizketak tartekatzen dira. Poetaren zalantzen eta kezken adibide argigarriak. Esate baterako, bizitzaren asots etengabearen erdian, isiltasunaren espazioa non dagoen jakin nahi du, batak zein besteak osatzen dutelako eguneroko melodia, eta biak direlako arnasa hartzeko eta botatzeko ezinbestekoak, batak duelako bestearen beharra bera izateko.

Gizabanako bakoitzak bizitzaren espazioan hartzen duen lekua ere ez da ausazkoa izaten animalia sozialak omen garen heinean. Horregatik galdetzen du Pardok: “Artaldea zu adi-adi begiratuz, zein narratibaz ari dira?”, kurioski otzantasun deituriko poeman. Eta dio, poema berean, “integrazioa ez da beti kondena”. Isiltasuna ulertzea ikasgai garrantzitsua baita esaten ez denaren sakontasuna antzemateko. Neurriak eta mugak jartzean datza gakoa, norberarenak eta gizartearenak, zein baino zein zailagoak.

Eta isiltasuna, elkarrizketa bidezko gogoetak eta irudiak bezain beharrezkoa da pausa, etenaldia, esparrua edozein delarik ere, baita egurats zabaletako izendaezinak zein edo zer diren hausnartzeko ere. Izaten ez omen da inoiz ikasten, egilearen arabera, “Ikasketa bat baino, naufragio bat da”, hala dio behintzat poetak.

Galderek betetzen dituzte erantzunen txokoak geuk nahi baino gehiagotan, eta bilaketa estu horren ibilbidea sasitsua izan ohi da sarri askotan, amildegia bera tentazio bihurtzeraino. Hortaz, erantzuna aurkitzeko grina horretan, zera galdetzen digu Pardok, guri edo bere buruari: “Zer galdetuko zenioke oihartzunari?”.

Eta, azkenik, bakardadeari buruzko galdera: bakarrik egotea ahalbidetzen duenik badago, zer da bakardadea? Bakardadea, beraz, sekula ez dago bakarrik, denbora izan daitekeelako bakarrik dagoenaren lagun mina. Bakardadera, hortaz, ez litzateke existituko konpainiarik gabe, isiltasuna existituko ez litzatekeen hein berean asotsik gabe. Eta bakarrik dauden gizaki biren arteko harremanean hartzea eta ematea ezinbestekoak dira elkarrengana gerturatu ahal izateko, bietako egitate bat kolokan badago edo, besterik gabe, ez badago, ezinezkoa da egotetik izatera igarotzea, izateko egon egin behar delako, eta egoteko izan. Erabakia eta heldulekua izan daitezke bilaketaren zedarri bi. “Helmugatik ihes egitea edo bizitzea, / ez ote dira ur nahasian ikuskatzen den / turrusta bera?”.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak