kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Airezko emakumeak / Felipe Juaristi / Erein, 2003

Ziurgabetasunaren ertzean Esteban Antxustegi / El País, 2003-12-07

Felipe Juaristik Erein argitaletxean plazaratu berri duen Airezko emakumeak liburua identitate bakarrez, identitate anitzez, identitate exkluienteez eta identitate konpartituez ari zaigun lan ederra da. Eta identitate bakoitzari dagokion leialtasunaz.

Baina, zein leialtasun izan behar zuten “kristau zirenek itxuraz eta hebrear min eta zinez zirenek”; “federik gabeko kristau eta jakiterik gabeko judu zirenek”; “kristauentzat judu eta juduentzat kristau zirenek”; “Portugalen portugesez eta Gaztelan gazteleraz hitz egiten zuten arren, inondar ere ez zirenek”?

Antolamendu identitario orok bi momentu dituzte. Lehenengo mugimendua bertako kideekin elementu komunak aurkitzean datza, bigarrenean, “gutasuna” gauzatu ondoren, “besteekin” bereizketak egiteari lotzen gatzaizkion bitartean. XV mendearen bukaeran sortutako eraikuntza komunitario berrietatik egotzitako “besteez” ari zaigu Felipe liburu honetako lehenengo kapituluan. “Beren buruak haragizko kandelak izan ondoren ke bihurtuak baitziren herrietako plazetan, hodeiek zerura eramanak gero eta euri gisa itzuliak berriro lurrera, haragi errearen usaina itsatsita utzirik bazterretan”.

Bigarren mugimendu horren bidez, gainera, gizabanakoak, bere probetxu propiorako egindako zenbait ekintzez lotsa sentituko lukeen bitartean, ekintza berberak baliagarritzat joko ditu nazionalak egiten direnean, mina, lapurreta, gezurra edo injustizia bertute bilakatuz. Ekintza hauek jasan zituztenez ari zaigu Felipe, “min askotako partaide, pairamen askoren ikusle, tragedia askoren lekuko” bilakatu zirenen istorioez.

Eraikuntza etniko guztietan naturaltasuna aldarrikatzen da, partaidetza garbitasun horrek erabakitzen baitu. Non da, orduan, juduen naturaltasuna? Nazio sortu berrietan nazionalitatea hartzeko aukerarik gabe, emigrante izateak ematen zien naturaltasun bakarra, hori zen beren jatorria: emigrazioa, diaspora. Heriotzak baino desagerrarazi ezin zuen naturaltasuna.

Frantziako Iraultzara ere gerturatzen gara liburu honekin. Oraingoan elkargo politikoa borondateen batasunetik sor daitekeela gogoratzen zaigu, kasik kontratu sozial gisara. Nazionalitatea, beraz, ez litzateke determinazio natural bat izango: eskubidez, gizaki oro lotu daiteke horrelako naziora, haren printzipioak Gizakiaren Eskubideen Aldarrikapenean aurkitzen baitira. Horrelako elkargoa, betiereko bakearen moldetik abiatuz, noraezeko juduaren pausaleku bilaka zitekeen.

Baina, Rousseauk defendatutako “erlijio zibila”ren izenean, Robespierrek eta zenbait gidari jakobinok Herri-Osasunerako edo Herri-Salbaziorako Batzordea izeneko erakundea sortu eta susmagarrien legea martxan jarri zuten, gillotinaren gozamenerako. Egoera nahasi horretan kokatzen ditu Felipek lau emakume: Circe, Virgilia, Safo eta Egea. Garaiaren gatibu bilakatuko dira, iratiltza, aux armes citoyens, terrorea, La Marseillaise, marchons, erreakzioa… eta Napoleon.

“Urteak isuri ziren —dio Felipek— odola bezainbeste, elur ura bezainbeste, negarra bezainbeste. Urteak igaro ziren, baina ez zen denborarik igaro, ez zen bekaitzaldirik ez gorrotoaldirik ez izualdirik igaro. Lehengo tokian geratu ziren, lehengo tokian sustraiak gero eta sakonago, gero eta lodiago eginda”. Eta Auschwitzeko sarreran “lanak aske egingo zaituzte” idatzi zuten.

Hannah Arendt gogoratuz, nola iritsi ginen hain muturreraino? Biktimen memoria ez galtzeko apustua egin zuen emakume honek, orduko pasibotasuna salatuz. Felipek Alma, Klara Sara eta Agnèsen historiak kontatzen dizkigu. Musikarekin nahastuak, musikaren oihartzuna liburu guztian entzuten baita.

Felipek agertzen duen ofizioaren maisutasunak ziurgabetasuna zer den oso ongi ezagutzen duten pertsonaiak eraikitzen ditu. Eta hauen kontaketen bidez, liburuaren narratzaile gisa aritzen den Spinozak galdera uzten du airean: zer jakin behar da ongi aritzeko eta besteei sufrikarioa ez eragiteko?

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak