kritiken hemeroteka

8.615 kritika

« | »

Bederatzietatik bederatzietara / Leo Perutz (Anton Garikano) / Elkar / Alberdania, 2003

Bederatzietatik bederatzietara Mikel Garmendia / Gara, 2003-12-06

Eleberriaren atzeko azalean ematen zaigu eleberriaren argumentua: protagonista —Stanislaus Demba ikaslea—, goiz batean, behartua dago ilunabarra baino lehenago diru kopuru bat biltzera, neskalaguna berreskuratzeko eta biak elkarrekin Veneziara bidaiatzeko. Hala, delitu txiki bat egingo du, eta hortik aurrera eleberri poliziakoaren antza handia hartzen du Perutzen obrak: etengabe ihesi eta ezkutuan ibili beharko du Demba ikasleak. Eleberriaren atal bakoitzean, protagonistaren bizitzako pasarte bat agertzen zaigu.

Protagonista fisikoki nolakoa den ez dugu jakingo 133. orrialderaino, hantxe zehaztuko digu, poliziaren txosten batean, nolakoa den pertsonaia: “Gizon gaztea, hogeita bosten bat urtekoa, itxuraz etxe onekoa, garaia, indartsua, bibote gorrixka…”. Psikologikoki nolakoa den, berriz, apurka joango gara deskubritzen narratzaileak hirugarren pertsonan eta elkarrizketa nahiz bakarrizketetan pertsonaiak berak emandako datuen arabera.

Eleberrian denetarik aurkituko dugu: umorea, ironia fina, kaustikoa izatera ere iristen dena, egoera absurduak edo, hobeto esanda, egoerak azken muturreraino eramanak… Horren guztiaren atzean gizaki baten borroka dago. Maitea berreskuratzeagatik zernahi egiteko prest dagoena, nahiz eta berreskuratzea lortzen duenean jadanik “erabat desinteresatua” dagoela esango digun. Pentsatzen jarrita, maitea berreskuratu nahi duen gizona baino, bere askatasunari uko egin nahi ez dion gizon ausart baten borroka ikusten dut nik eleberri honetan, azken ondorioetara arte borrokatzen den gizonarena. Hala irakurriko diogu irudizko hizkera erabiliz egindako esaldi ezin esanguratsuagoa: “Beharrak apurtu ditu kateak”. Bada, ordea, horri guzti horri buruz zer eztabaidatua, eta interesgarria litzateke, esaterako, protagonistaren lagun den Steffi, berarekin maitemindua dagoena, eta haren papera aztertzea.

Hasieran esan bezala, ez dugu bakerik izango, behin eleberria irakurtzeari ekiten diogunetik, harik eta eleberria amaitu eta protagonistarekin batera atseden hartzen dugun arte. Eta eleberriaren erritmo biziak ez ezik, Garikanoren itzulpenak ere badu horretan zerikusia. Itzulpen onak itzulpen direla nabaritzen ez direnak direla esan ohi dugu. Eta hala da, eta kasu honetan ere hala gertatzen da. Harantzago doa, ordea, itzulpen hau. Irentsi egiten diren horietakoa izateaz gain, oso hurbilekoa egiten da idazteko tankera hau edo, bestela esanda, oso urrun dago itzulpen bortxatu edo ortopediko bat izatetik. Horra, labur beharrez testuingururik gabe, adibide pare bat esandakoaren adierazgarri:

“Nik bai tankera txarra hartu: iritsi zenean, hirurogeita lau kilo pisatzen zuen ardi-gaztaren kaxak”. “A, ba nire atean jota ez dute asmatu. Berehalakoan ametituko dut! Tuntuna behar nuke!”.

Hiztegia erabili gabe irakurtzeko modukoa, bestalde, itzulpen-lan hau. Alde horretatik, ezer nabarmentzekotan, burutu (moldatu) eta galarazi (molestatu) aditzen esanahi ez ohiko bezain interesgarriak nabarmenduko nituzke. Eta amaitzeko, itzultzaileak ñabardurarik txipienak ere kontuan izan dituela esan. Hona nola aukeratzen digun, esate baterako, inportante adjektiboa garrantzitsuren ordez: “Dendaria ez zen, horratik, bere gai inportantetik saihestu”. Azkenaldian irakurri dudan eleberririk interesgarrienetakoa, nola istorioak berak sorrararazi didan tentsioarengatik, hala maila horretako idazlan bat euskara onean irakurtzeak ematen duen plazerarengatik.

Azken kritikak

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak