kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

London Calling / Goio Ramos / Elkar, 2024

Musika, bihotz ororen taupada Sara Cabrera / Bilbao, 2025-03

Musikak bizitzak eraldatzeko ahalmen izugarria dauka. Berdin du punk, ska, rock, pop edota musika klasikoa entzuteak, bihotz-taupadak erritmo bakoitzera egokituko direla. Eta musikan master bat daukala soberan frogatu du helduentzako bere lehenengo eleberrian, London Calling izenpean, Goio Ramos idazle eta irakasle bizkaitarrak.

Umeentzako pare bat ipuin argitaratu ondoren, Euskal Filologia ikasi zuen irakasle honek bere bi pasioak elkartu ditu 260 orrialde dituen eleberri honetan: musika eta literatura, hain zuzen. Bertan, azken finean, 80ko hamarkadan modan zeuden taldeak deskubrituko ditugu: Hertzainak, La Polla Records, Hombres G… Hertzainak taldeari lotuta, gainera, hitzaurrean taldeko kidea izan zen Gariren hitzak aurkituko ditugu, eta hauek oso ondo laburbiltzen dute liburuan zehar aurkituko ditugun hainbat xehetasun.

Goio Ramos idazleak, beraz, emozioz beteriko eleberria aurkeztu digu London Calling liburuan, non 80ko hamarkada horretan emandako hainbat gertakarien berri ere izango dugun: gatazka politikoak, drogaren eragina, musikaren boterea gauzak aldatzeko baita munduan zehar gertatzen ari ziren hainbat gauza ere aurkituko ditugu, hala nola Txernobyleko istripu nuklearra. Bertan, gainera, Mikel eta Josu ezagutzeko aukera izango dugu, bi lagun hain minak bikiak diruditela. Haiek ere gertakari hauek guztiak bizi izango dituzte, biok batera, beti batera, eta musikan aurkituko dute haien ihesbide, haien mundua aldatzeko tresna. Eta gaztaroan gertatzen den beste gauza bat ere deskubrituko dute, lehen amodioaren txinpartak nola mundua hankaz gora jar dezaketen.

Osagai hauekin guztiekin Goio Ramosek 2023. urtean irabazi zuen Agustin Zubikarai saria ex aequo Karmele Mitxelenarekin batera. Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera antolaturiko XXIII. edizio honetan bien proposamen bikainek beka hau jasotzeko merituak egin zituzten eta hala ikusi zuen Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak.

Orain, London Calling liburuaren deia erantzuten baldin badugu eta bere orrialdeetan murgiltzen baldin bagara, bidaiatzeko aukera bikaina izango dugu, musika, denbora eta espazioan barrena.

Musikari erreparatzen baldin badiogu, hainbat abesti, artista eta talde gogoratzeko aukera izango dugu: David Bowie, Lou Reed, Rolling Stones, The Clash, Specials, Kortatu, edota lehen aipatutako La Polla, Hertzainak… Gainera, 80ko hamarkada horretan existitzen ez ziren teknologiak erabiltzeko aukera ere izango dugu liburuan zehar. Izan ere, kapitulu bakoitzaren hasieran QR kodeak aurkituko ditugu, eta hauek desblokeatzeko aukera.

Baina, esan bezala, bidaiatzeko beste hainbat aukera aurkeztu dizkigu Ramosek. Izan ere, denboran zehar ere egingo dugu bidaia. Hasieran XXI. mendean ezagutuko dugu neskato bat, bere lagunekin oporretan joan dena eta hildako bere aitaren kanta galdu bat deskubrituko duen. Gero aita horren istorioa ezagutuko dugu, eta horretarako XX. mendera joango gara, historian zehar gertatutakoa deskubritu ahal izateko.

Espazioan ere bidaiatuko gara, hain zuzen, Londresetik Bizkaira, eta hainbat lekutik pasatuz: Bilbo, Laudio, Londres berriz ere, Gasteiz. dena Mikel eta Josu protagonistek sortutako Hilotzak taldearen pausoak jarraitzeko, fikziozko talde honen “grupiak” izango bagina bezala.

Eta horrekin nahikoa izango ez balitz, gure barnean ere egingo dugu bidaia, hamarkada horretan bizitako guztia gogoratuz, eta bizipen hauek ekarritako irakaspenetan hausnartuz, bidaia ororekin gertatzen den moduan honekin ere ikasteko aukera izango baitugu.

Beraz, liburu honek, musikarekin gertatzen den bezala, gure bihotza mugitu eta dantzan jarriko du, emozioz beteriko eleberri honetan maitatzeko, kantatzeko, triste egoteko eta irribarre egiteko aukera izango dugu, literatura eta musika antzeko samarrak baitira alor horretan, emozioak elkarlotuta baitaude bi diziplina hauei.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak