kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Francesco Pasqualeren bosgarren arima / Unai Elorriaga / Susa, 2024

Italiarra Bermeon Joxe Aldasoro / Deia, 2024-07-20

Unai Elorriaga López de Letona (Bilbo 1973) idazlea, irakaslea eta itzultzailea da. Bost eleberri kaleratu dizkiote orain arte, Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa 2024) da seigarrena. Haur literatura, antzerkia eta komikigintzan aritua. SPrako tranbia (Elkar 2001) lehen eleberriarekin Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen. Igartza saria eman zioten 2003an argitaratu zen Van’t Hoffen ilea (Elkar 2003) lanarengatik.

Egin behar ez dena egin dut Elorriagaren azken lanarekin. Eskutan izan orduko irakurtzen hasi. Ez hitzaurrerik, ez sinopsirik, ez elkarrizketarik. Hortzak ogiari, zuzenean. Hasiera bikaina, lehen kapituluak janaurreko on batek betetzen duen lana primeran betez: bigarrenari ausiki egiteko gogoz. Ez dut nire ezjakintasunaren deskribapena gehiago luzatuko. Kontua da zalantza sortu zitzaidala bigarren kapitulua bukatutakoan: eleberria ala ipuin liburu baten aurrean nago? Ez da garrantzitsua berez hanka sartzea, irakurtzen ari zarena gustukoa baduzu behintzat. Baina krak egin zidan zerbaitek: burua babarrun platerkada gozoaz disfrutatzeko prestatzen nuen bitartean, dastatzeko mokadutxoak ateratzen ari zitzaizkidan liburuan idatzitako ipuinek. Eleberriak jan egiten ditut nik, ipuinak dastatu. Ez da bat bestea baino hobea. Diferenteak. Lehen sorpresa.

Bigarrena zailagoa da esplikatzen ipuin edo ipuinen erraiak agerian utzi gabe. Imajina ezazu, balizko irakurle, magia ikuskizun bikaina ari zarela ikus eta entzuten. Disfrutatzen ari zara, pixa egiteko beharra, amoranteari mezua bidaltzeko gogoa, aste osoan desiratzen ari zaren zerbeza beltza dastatzekoa ere ahaztarazi dizu magoak. Behin eta berriro galdetzen diozu zure buruari nola demontre egiten duen ilusio hutsa dena hipoteka baino errealagoa bihurtzeko. Jakin nahi duzu eta ez duzu jakin nahi. Eta bat-batean, ondoan duzun babalastoa hasten zaizu ilusionismoaren erregeen pare duzunaren trukuak aletzen. Esplikatzen dizu non gordetzen duen pilota, nola lortzen duen soka zatiek bakarra osatzea, kapela erantzita hondo bikoitza duela erakusten dizu. Antzeko zerbait gertatu zait pertsona errealen bizitzak ipuinetan txertaturik irakurri ditudanean. Ez dakit literarioki zein motako berrikuntza den. Ez dakit kalitatea eransten dion. Ez dakit literaturaren aurrealdean kokatzen duen idazlea. Ez ninduke harrituko Elorriagaren ibilbidea ezagututa. Baina nire gusturako, grazia guztia kendu dio lanari. Pertsona baten bizitza oinarritzat hartu, asmatu pasarte batzuk, beste batzuk interpretatu, beste pertsona batzuen bizitzak txertatu. Collage deitzen zaiola uste dut artean erabiltzen den teknikari. Gustatzen zait. Ikusi ditut gustatu zaizkidan collageak eta nik neuk egin dut baten bat sormena lantzeko ikastaro pare batean. Unairena ez zait gustatu.

Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa (Susa 2018) gogorarazi didate idazten ari naizen lerroek. Hartan ere pertsona erreal baten bizitza fikzionatzen da. Ados. Desberdina da, ordea. Edo desberdin irakurri dut nik behintzat Hasi aurretik ezagutzen nuelako planteamendua Canorenean, agian. Francescorenak oker hasi nintzelako, beharbada. Bi lanak erkatzea astakeria hutsa dela usteko du norbaitek. Kontsolagarri bekio idazleari zein editorialari azken iruzkina: lehenengo irakurketan batere gustatu ez zaizkidan lanen artean, egon dira Euskadi Saria irabazi duten bi.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak