« Babesten gaituen itsasoa | Aktualitate zaharra »
Sastraka / Askoren artean / Erein, 2022
Apur bat sikiera. Amiñi bat bederen Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-05-16
Mamira bitarteko harian
Aspaldi eskuratu nuen. Aldian-aldian itzultzen naiz bere baitara, nahi baino gutxiagotan haatik. Itzultzen naizenean, baina, sastrakan bezala, beti idoro dut zer edo zer berririk. Iturri zaharrera hurbiltzen naizenean legez, ur berria heldu zait beretik. Ez da eskuetan aise erabili dezakezun liburutzarra. Ez da “literatura liburua” soila ere —hertsiki errana—, eta ez da horregatik zaharra ez txarra. Ez horixe!
Lau lagunek ondutako obra duzu. Lau espresio biltzen ditu berean: hitza, pintura, musika eta fotografia. Irudia Jose Ignacio Agorretaren eta Imanol Rayoren lanetan. Hala ote? Edo ez arras hori ere, soilik espresio bi horietan. Pello Lizarralderen eta Imanol Ubedaren lanetan ere, irudiak antzeman ditzakezu-eta. Lau disziplina dituzu batera eta batbedera. Nork bere ezaugarriekin, bateragarriak oso, bistan da; bistan denez.
Horrelako sarrerarekin heldu naiz honaino
Eta segidan zer? Bada, ohiko post scriptuma aitzinatuko dut. Hiru bat berba paratu nahi dut lana gauzatzea posible egin zuen/duen argitaletxearen alde: Txapela kentzekoa/Chapeau! Izan ere, ez da samurra izan behar —pentsu dut— tamaina horretako proiektu bat babestea. Beraz, joan bitez ele hauek sortzaileek behar duten sostenguaren errekonozimendu gisara.
Hariaren bitartez mamira
Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik. Ele horiek ez dira nireak. Hitz horiekin abian da Sastraka, sastrakan barrena eramanen zaituzten bideak: lau bideko errepidea gurutzatu ostean erreka baten ondoan pausatuko duzu soa. Lizarralderen hitzak eta Agorretaren irudiak elkarren segidan dituzu. Idazlearen paper zuria eta boligrafo beltza abiaburuan. Lizarralderen hitzei neronek irudiak jarri beharrean, lehen aldikoz, Agorretak ipini dizkie. Ez dizut pistarik ez detailerik —gehiago— emanen. Zu zeu, hurbil zaitez hona, eta deskubritu ezazu sastraken arteko paisaia.
Labur zurrean iritsia nauzu honaino. Anartean baina, Ubedaren CDa emana dut ordenagailuan berean, bere kantek lagundu didate bidean. Entzuten ari naiz, artean entzun ere. Paisaiaren kolorearekin batera barneratu zaizkit musikariaren doinuak. Bere gitarra eta eskuen zuri-beltzak —liburutzar honen kolore mortal-biziak— eta Agorretaren okreak nostalgiaren amildegira eraman naute. Oroipenak jalgi zaizkit bidera. “Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik”. Ez horixe!
Ubedaren CDa atera dut eta Rayorena sartu. Imanol, biak ala biak. Sastrakaren koloretan sastraka aditzen dut: txitxarrak, kilkerrak, larrepetit… Mamutxak. Baita txori ahularen baten txioa tartean sumatu ere. Abandonatutako fabrikek iraganeko zarata oroitarazi didate segituan, zarata baino hots motelak dantzut. Bai ote? Sargorian argiantza ageri zait, orbanak gogoan, memoria freskatu zait iragaitzaz.
Udaberri sasoian bide —omen/ei— gaude. Egun eguzkitsuak ageri. Liburuak tzar izateari utzi dio, edo ni neroni, liburuaren bolumenari egokitu ote natzaio? Eskuen artean darabil berriz ere. Rayoren kamera trenbide ertzean paratuta antzeman dut, zuri-beltzean hau ere. Trenbide ertzean ez eze, bide zabal baten barrena ikusi dut nire burua. Hala ote? Nebulosa batean nago, naski.
Soinu-espazioan barrena nago eta Rayoren argazkien espaziora hurbildu naiz, oroimenaren amildegitik so egitera nonbait. Arestian, Ubedaren espaziora egokitu naizen gisara, egokitu dut nire burua oraingoan ere. Rayoren gama-sorta anitzek kolore zuri-beltz, okre eta pastelen oroimina uxatu didate, apur bat sikiera aldenarazi ere. Oroitzapen zaharrek ez dute zertan txarrik izan behar.
Agian, beharbada, Sastrakan ibili ostean kalterik gabe irtengo naiz oroitzapen hauetatik. Amiñi bat bederen. Bai horixe!
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi