kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Poema bilduma / Mikel Lasa / Erein, 1984

Poema bilduma Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-02

1. Cesare Paveseren poesi-narrazioaren teknikaz baliatu poesi-lehen-gaiak egiteko.

2. Beste poeten materialeaz baliatu, poema batzuk birkreatzeko.

Ikarorena izan daitekeen esku batek gogor eusten dio hormaren ertzari irristatzen ari diren atzamarren azken ahaleginean. Edo lurrean egon nahi ez duen ameslariarena, poesiaren harresian gora, bestaldean zer dagoen ikusteko grinaz. Edo bizi den munduak asetzen ez, eta beste zerbaiten etengabeko bilaketan ari den bakartiaren eskua izan daiteke, atzamarrei itxaropen sutsua dariena, gauza guztien hutsunearen ispilu izango den itsasoaren xerka nahiz amodioaren ehun beroaren bila.

Izan daiteke, aitzitik, ardura orotatik aske bizi nahi duen iheslariarena, zorionari segika. Han, hormaren bestaldean, zorionik ez bada, edozein gauza zorionttoa izango delakoan. Eta han du poetak abestuko edozein kanta axola gabe inorentzat.

Lasak guzti horietatik duela esango nuke. Esku bat Ikarorena, gauerdian, erromantikoen uhartean, hilak baino lagun ez dituen hegazti malenkoniatsuarena. Bestea poetarena edo ameslariarena, batzuetan izate biak bat direlako. Egiatik askatzen ditu poemak poetak, odolarekin urratzen bertsoak, osterantzean, graziarik gabeko pailazoa bailitzateke. Eta bien bitartean gezurrak amesten ditu; norbaitek maite duela eta berea dela esaten diola amesten du. Hasieran zirimola zaion ametsa bide estu izatera helduko da, eta zaldia askatuko du. Zaldiek, batzuetan, etsaiak gordetzen baitituzte barruan. Eta iheslaria da, gerrate ondorenean, gizona mututu eta oroitzapena galdu duen bere herria galdutzat jotzen duen heinean. Deshistoriaren erreinuan bizi den behatzaile zolia.

Baina badu itxaropenik. Iluntasuna aldentzen denean, eta argitasuna gailentzen, orduan, eguzki berritan gaudela baieztatzen digu poetak; alegia, mundu zabalaren beharra sumatzen badugu, edo beste izaki batena, eguzki berritan gaude, nahiz eta oraindik eguzkia ez agertu. “Eta orain banoa, argia ere nirea ez delako”. “Gaur ideki diet itsasoari eta haizeari leihoa”. Akaso hormaren ertzari nekez eusten dion eskua egia agirian ipintzen duen eguzki-begi-haundia ikusi nahi duen gizon berriarena da. Edo agian Leon Feliperen poemako leihoa ere izan daiteke Lasak berak marrazturikoa, non testu honen hasierako bi ohartxo horiek eskuz idatzi idatzi zituen; tranpa bat, gaztelaniazko poetarentzat; esperantzazkoa euskaldunarentzat.

Paveseren teknikaz baliatu nahi du Mikel Lasak poesi-lehen-gaiak egiteko. Poesia, izan, aurretik beste poeta batzuek esandako gaiez hornitzen baita; poesia birsorkuntza ariketa baino ez delako; hitza berreskuratzeko ariketa bat. Italiarraren errealismoa eta estetika, eta Baudelaire frantziarraren etsipena arnas daitezke, besteak beste, donostiarraren poema bilduman. Egilearen beraren irudiek aberasten dute Erein argitaletxearen edizio txukuna; musikaz laguntzen, berriz, poetaren izenarekin Susak argitaraturiko XX. mendeko poesia kaierak. Biak dira ederrak, biak osagarriak, biak ala biak ezinbestekoak.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak