« Giro arrotzean | Lokarriak solte »
Su festak / Jon Urzelai Urbieta / Susa, 2023
Zer den ‘basque’ Irati Majuelo / Berria, 2023-06-18
Heldu da uda, zeru urdina eta europarren azal zuriak eguzkipean kiskaltzen, pulseratxoak eskumuturrean, eguzki betaurrekoak, outfit ez-axolati neurtuak. Oholtza gainean nazioarteko pop talde ezaguna, edo pop-rocka zen, indie, techno edo trapa, berdin da, bozgorailuak topera. Jendetzaren itsasgora eta itsasbeheren artean, belar horitua, plastikozko edalontziak zabor tontorretan. Kantariak azken oihua egin du, azken riff ezinezkoa gitarra joleak, baterian azken plater jolasak. Publikoaren eztanda, koloretako konfetiak lehertu dira airean. Su festa ikusgarri bat.
Dirua jaso eta amaitu da festibala, zer da geratzen dena? “The magic of the mountain”, esango lukete BBK Liven antolatzaileek, “basque experience”, aldarrikatuko Basque FESTekoek, “a lifestyle”, Bay of Biscay-n egondakoek. Zer esan nahi du horrek, baina? Galdera horri tiraka, Euskal Herrian gaur egun egiten diren musika festibalen oholtza gainekoak eta azpikoak, esloganetako leloak eta promotoreen bulegoetako asmoak arakatu ditu Jon Urzelaik Susa argitaletxearekin plazaratu berri duen saiakera mamitsuan.
Egungo festibalizazio fenomenora iritsi aurretik, baina, musika jaialdien sorrerara jotzen du lehendabizi idazleak, bai AEBetako lehen kontzertu kontrakultural eta bakezale jendetsuetara, bai Mairuelegorretako kobazuloko kontzertuen oihartzunera. Eta handik abiatuta, musikak zein jaialdiek duten sozializazio indarrei egiten die beha, euskaltasun ereduak eraikitzerakoan izan duten garrantziari, komunitatea saretzeko eta politizatzeko egin duten lanari. Hala, euskal unibertso musikalaren errepaso esanguratsua egiten du, garairik garai Euskal Herrian zein nazioartean gertatzen ari ziren aldaketa kultural, soziopolitiko eta ekonomikoak aintzat hartuz: kantagintza berria, euskal rock erradikala, Berri Txarrak-en fenomenoa, EHZ zein Gazte Topaguneetako jaialdiak, gaztetxeen zirkuituak eta libertimenduak, besteak beste.
Aipaturiko ekimen musikalek bulkada eraldatzaileak, izpiritu kontrakulturala edota komunitatea biltzeko xedea bazuten, ordea, azken urteetan loratu diren musika festibalek guztiz bestelako balioak dituztela salatzen du Urzelaik: instituzioetatik bultzatutako jaialdiak izan ohi dira, promotora handiek antolatuak eta atzerriko turismoa helburu dutenak; Euskal Herria marka gisa saltzen dutenak. Hori dela eta, nazioartean gailentzen den eredu horrek sorrarazten dituen arazoak gure testuinguruarekin gurutzatzen ditu idazleak, eta eragiten dituen turistifikazio eta folklorizazio prozesuak azaltzen ditu, besteak beste.
Saiakera sendo eta interesgarria osatu du Urzelaik, genero honek hartu ohi duen idazkera akademiko lehorretik urrundu eta estilo adierazkorra lantzen baitu, ideien argudiaketari bezainbat azaldu nahi duenaren argitasunari bideratua. Hori hala, digresioak biderkatzen dira, haria erabat galdu gabe, eta joan-etorriei esker testua aberastuz. Izan ere, informazio asko lantzen da liburu honetan, izan gertaera historikoak, anekdotak, kontzeptu musikalak, datu soziologiko zein ekonomikoak, baita betiere esan nahi denaren mesedera, erreferentzien kateatzean irakurlea ito gabe. Ikuspuntua argi du idazleak eta horrek indartzen du lana bera; saiakeraren helburuari bete-betean heltzen dio, beraz.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi