« Kantu mutua | Lagunarte onean »
Kangaroo / Martin Etxeberria / Elkar, 2023
Ulertezintasunaren onarpena Maddi Galdos Areta / Argia, 2023-06-04
Ulertezin zaigunari hitzak jarri zaleak gara, ulergaitza ulergarri bihurtzeko nolabaiteko teman. Atzeman ezin dugun horri begiratzeko beste talaia batzuk badira, ordea. Tartean koka genezake poesia: konprenitu ezin dugun horri begira gera gakizkion gonbita izan daitekeena. Ulertezintasunaren onarpena izan ei du abiapuntu Martin Etxeberriak (Zarautz, 1974) argitaratu berri duen Kangaroo poema bilduman. Beste genero batzuetan ere aritua dugu zarauztarra, eta hauxe da bere bosgarren poesia liburua.
Aipatutakoa iradoki xede du 42 olerkien aurretik den kontakizunak. Dioenaren arabera, Britainiar Inperioa lehenbizikoz Australian lehorreratu zenean, konkistatzaileek ezezagun zituzten basapiztiak harriduraz begiratu eta haien izena galdetu zieten aborigenei. “Kan ghu ru” izan omen zen erantzuna, eta halaxe izendatu zuten animalia, haien hizkuntzan esaldi horrek “ez dizut ulertzen” esan nahi zuela jakin barik.
Zuzentzat jo ohi denaren ertzetara hurreratzen den lohitasuna eta iluntasuna dira gailen orriotan: giro kaletar hordigarriek, hautsontzi bakartiek, kristal hautsiek, karminaren eta odolaren gorriek eta bestetzuek ontzen dituzte poemotako irudiak. Tartean, azpimarragarri dira gorputzari edo, hobeki esatearren, haragiari loturikoak: giro horretan agertzen zaizkigu maitasunik gabeko amodio-egiteak eta elkar mintzen duten ohaideak, baita tristurari zein norberaren islari idatzitakoak ere. Halaber, ugari eta deigarri dira erlijio kutsudun poemak, eta, tartean, badira idazketa bera gaitzat dutenak ere: “Hitzen itzaletan / iltzatu hintzen / Jesukristo depilatu baten antzera (…) / Poesia delako / onartzen gaituen / infernu bakarra”.
Aipatu oro, irakurleak hara eta hona jo dezan sustatzen duten erreferentzia doiez inguratuta dakarkigu bildumak, Etxeberriaren orain arteko gainontzekoek bezalaxe: Pizarniken lanturuak, Txaikovskiren ezpatak, irribarrerik gabeko Buster Keaton…
Baina irakurleari sosegua eskaintzen dioten argi printzak ere badira liburuan, besteak beste, Egunsentia edota Terra incognita poemetan. Izan ere, bizitza euripe estalgabe izan badakiguke ere, “Seguru gaude / lurrak topatuko gaituela, / jitoan behar adina mantenduz gero”. Guztia ez da, beraz, desesperantza: arretaz begiratuta, onarpena bera erresistentziarako bide dela ere uler baikenezake orriotan.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez