kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Lurraz beste / Garazi Arrula Ruiz / Txalaparta, 2023

Latentziak Ibon Egaña / Deia, 2023-04-01

Badira liburu batzuk irakurritako unean inpaktu handirik sortu gabe ere, gogoaren txokoren batean geratzen direnak, haietara noiz itzuliko garen zain. Garazi Arrula Ruizen lehen liburuko zenbait ipuinekin hala gertatu zitzaidan, gerora eskatu egin didatela itzultzeko liburura, “Ederra eta piztia” kontakizunak, esaterako. Bigarren ipuin liburua du Arrulak Lurraz beste hau, eta narrazio hauek irakurri ahala etorri zait beharbada idazlearen ipuinen izaerak ere baduela harrera horretan zerikusirik. Ez du, izan ere, su-festarik bilatzen ipuingileak, ezta irakurlea bat-batean inarrostea ere. Bestelakoa dute ipuin hauek tempoa, pausatuagoa, soseguz irakurtzea eskatzen duena, gozamena eskaintzen duena esaldien egiturarekin edo irakurleoi egiten dizkigun keinuekin. Halako aldarte berezi bat geratzen zaio bati ipuinak irakurritakoan, erabat sosegatua ez den baretasun moduko bat.

“Bataioa” izeneko kontakizunean, ginekologoaren itxarongelan dago narratzailea, giza papilomaren birusaren jarraipen-kontsulta batera joana. Birusak eta pertsonaiak “elkarbizitza adeitsua” izan arren, “cáncer” hitza irakurtzen du medikuak emandako informazio-liburuxka batean. Kontrolpean dago birusa, baina desagertuko den edo minbizi forma hartuko ote duen zalantza airean dago, arrisku eta beldur gisa. Izan liteke hori ipuin hauen poetikaren metafora ere, badelako baretasun ustezko bat, egunerokotasun arrunt xamar bat, ezin duena erabat ezkutatu ekaitzaren arriskua. Ricardo Pigliak zioen ipuin klasikoetan bi istorio kontatzen direla, bata agerikoa eta bestea ezkutukoa, eta amaieran ezkutuko hori ageriko egiten dela, sorpresa eraginez. Ipuin modernoetan, berriz, zioen kritikari eta idazleak, bi istorioak aldi berean kontatzen dira, etengabe nahasten dira irakurlearen gogoan, eta bien gurutzaketatik sortzen den arroztasunak osatzen du ipuina.

Arrularen ipuin hauetan apustu sendoa dago ageriko istorio horrekin batera ezkutuko istorio bat garatzeko narrazio bakoitzean, erabat esplizitu egiten ez dena, baina zeharkako aipamenen bidez pixkanaka tokia egiten doana irakurlearen buruan, arrisku, aukera, birus latente gisa. Areago, askotan ezkutuko istorio hori da kontatzen zaiguna (demagun, zoramena, abandonua, edo lesbianismoaren aukera) ageriko kontakizun edo trama baten bidez. Horrek darama idazlea estridentziarik gabe idaztera, garapen luzeagoetara, helmugari bainoago bideari erreparatzera. Ez du ipuin guztietan beti lortzen, baina bi geruzen arteko pultsu hori amaieraraino eramaten duenean, ipuinek beste dimentsio bat hartzen dutela iruditzen zait.

“Amona nirekin bizi da hil zenetik”. “Zazpi ez da zenbaki handia mahai laukizuzen batean”. Hala hasten dira liburu honetako bi paragrafo, eta gisako aurkikuntzaz beterik dago liburua; irakurketaren plazeraren parte bat hor ere badago. Arroztasuna, gauzak bestela esatea bilatzen du hizkuntzak, dela metaforaren bidez, dela lexikoaren bidez, edo erregistro anitzen bidez. Begirada propio bat dago liburuan zehar, ironiak eta umoreak han-hemenka zipriztindua, eta aldi berean pertsonaiei enpatiaz begiratzen diena. Baina konplizitatea (ezen ez kondeszendentzia) pertsonaiekiko ez ezik irakurlearekiko ere bilatzen du idazleak, nagusiki klabe feministetan irakurtzen duen irakurleari egindako keinu ugarien bidez (Zafra, Plath, Gornick…). Eta hala, toki propio horretatik lortzen du Arrulak ingurune hurbil bat (nagusiki Iruñerria), eta bizitza eskuarki arruntak hartu eta haiei arroztasun batetik begiratzea, beste norabait eramatea, eta ipuin sorta eder hau ontzea.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak