kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Beirazko kanpaia / Sylvia Plath (Garazi Arrula) / Txalaparta, 2022

Poeta martiriaren narratiba Hasier Rekondo / Deia, 2023-03-04

Sylvia Plath-en (Boston, AEB, 1932- London, Ingalaterra, 1963) nobela bakarraren gainean zaila da oso bereiztea non hasten den fikzioa, non errealitatea, eta non, kezkagarria dirudien arren, aurre-ikusmena. Plathek 1961ean idatzi baitzituen Beirazko kanpaiaren pasarterik gehienak; epealdi berean idatzitakoak dira, halaber, haren poemarik onenak. Ariel liburu gogoangarria lekuko. “Maitasunak giltza eman zizun erloju mazizo bati bezala”.

Plathen literatura iruzkintzean, zoritxarrez eta zorionez, askotan ezin dira bereizi literatura eta errealitatea, historia pertsonal tragikoaren oihartzun demasezkoak literaturari berari itzal egiten baitio. Poesiarako izugarrizko talentuaren eta gaitz bipolar baten artean dagoen eremu ez lurtarrean mugitzen baitzen idazlea. Nobelari dagokionez, opera prima eta azken honetan, ez baitzen izango besterik argitaratu eta hilabete batera suizidatu baitzen, Esther protagonistari gertatutako zenbait bizipen, iraganean eta gerora, bizitza errealean bizi eta biziko zituzten Plath-ek berak edo haren ondokoek.

Ted Hughes poeta laudatuaren bikotekide Plathek bere buruaz beste egin zuen Londoneko apartamentuan labean buruan sartuta, bigarren umea erditzearen eraginezko depresioaz gain, Hughes-ek eta bikotearen lagun eta poeta Assia Wewill-ek maitasun afera zutelakoaren susmopean. Zenbait urte geroago, Wevillek berak ere suizidioaren bidea hartuko zuen, hark bere umea bidaide hartuta. Beldurgarria bada ere, nobelan, Estherren zoroetxe-lagun Joanek ere hautu hori hartu zuen, bai Estherrek bai Joanek amorante bera dute nobelan: Buddy Willard. Nobela amaieran, Willardek galdera inozoa gaztigatuko dio Estherri: Uste al duzu emakumeak zoratzen ditudala? Ted Hughes bera mintzo al da, bigarren suizidioa gertatu baino askoz lehenago?

Literatura etorrita, liburuak erantzun epela jaso zuen bere garaian kritikaren aldetik, Plathen narraziorako ustezko indar faltaren karietara. New Yorken emakumeen aldizkari batean lan egiten duen ikasle bekadun baten bizipenak eta haren gainbehera narratzen da nobelan. Beirazko kanpaiaren metafora darabil Plathek, Esther munduaz babesteko tresna gisa. Egia da, naiftasunaren ajeak jota daudela lehen begiratuan zenbait gai, baina bere garairako planteatzen zituen gauzak ez ziren ahuntzaren gauerdiko eztula, oraindik orain eztabaidagai baitira gurean: maitasunaren lokarriak, emakume aske eta aldi berean gatibu baten hastapenezko ikaspena, abortua, amatasuna, suizidioa, heriotza, poeta izateko grina geldiezina, gaixotasun mentalaren alde ilunak eta sortzaileak, sexuaren eta maitasunaren arteko bidezidorrak… Kritikaren epeltasunak gorabehera, talentu, ironia eta malenkonia existentziala ezin hobeto uztartu zituen, autofikzioaren garaiak ere iragarriz.

Garazi Arrulak fin eta distiraz itzuli du irudiz betetako Plathen prosa poetikoa, izan ere, Bostongo idazleak lehenetsi egiten baitu eszenaren gaineko deskribapen kaleidoskopikoa. Itzulpenaren zehaztasun neurtuak mesede egiten dio patuari aurre hartu nahi izan zion eleberri poetikoari.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak