kritiken hemeroteka

8.826 kritika

« | »

Estuarioa / Patxi Iturregi / El Gallo de Oro, 2022

Leku bat Asier Urkiza / Berria, 2023-02-05

Ipuingile saiatua dugu Patxi Iturregi, generoari fidelak diren horietakoa. Izan ere, narrazio laburrari dagozkio orain arte argitaratu bere lan guztiak; berriki Bilboko El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratutako Estuarioa da azkenengoa. Liburua hamar ipuinez osatuta dago, eta ezaugarri batek batzen ditu: denak ere Bilboko itsasadarraren inguruan girotuta daude. Hala, ipuinak hurrenkera kronologikoan eman ditu autoreak, leku eta giro jakin baten bilakaera adierazteko moduan. Esan daiteke, beraz, liburuak baduela zentzu organikoa, eta, berez ipuinek elkarrekiko loturarik ez izanagatik, guztiek batera obra bakarra taxutzen dute, denboraz gaindiko mosaikoa.

Lehendik ezaguna zen Iturregiren itsas bazter eta portu inguruekiko joera; hortxe dago, esaterako, 2019ko Ur biren artean aipagarria zein aurreko zenbait lan. Estuarioa-n Bilboko itsasadarra darabil Bilboren —hau da, Euskal Herriko bilbe urbano eta industrial handienaren— bilakaera politiko, ekonomiko eta kulturala islatzeko. Iturregik XX. mendeko lehen erdialdetik hasi —gerra zibil garaikoa da lehenengo kontakizuna—, eta aro garaikidean amaitzen du bidaia. Gurmatan galdurik izeneko azken ipuinak egungo Bilbo eraberritu eta post-industrialean kokatzen du irakurlea. Liburuak Euskal Herriko iruditeria paisajistikoaz gogoeta egiteko ematen du, industrializazioak ekarri eta eraman zuenaz, tokiei lotutako identitateaz. Egituratik hasita, lekuaren konplexutasuna aurkezten zaigu, ipuinez ipuin identitate ñabardurez kargatuta aurkezten delako berau, mundu materialak zein gizakion harremanak zehaztuta. Horri metatzen doazen oroitzapenak erantsi behar zaizkio, azken narrazioko protagonistaren malenkoniak seinalatu bezalaxe. Ingurua ardatz hartuta gizarte aldakor baten erretratua eskaintzen du idazleak.

Ipuinak, espazioak elkartuta egon arren, ez dira zur bereko ezpalak, baina badute ezaugarri komunik. Esan legez, autoreak gizarte baten antzaldaketa marrazten du, eta nabarmentzekoa da narrazioetan emakumeek duten protagonismoa. Bestalde, gizarte gaiak suma daitezke, baina ez dira modu manikeoegian ageri; Iturregik asmatzen du, oro har, horiek tentsio narratiboaren gainetik ez jartzen. Orobat, giro politikoaren deskribapen hutsa egin baino gehiago, hura etxe giroko gatazka intimoen bidez azaleratzen da. Adibidez, frankismoko errefuxiatu baten ingurukoa anaia gaztearen begietatik dakusagu, edota Euskaldunako borroka langile baten alaba nerabearen ikuspegitik. Halere, ipuin batzuek neurriz gain kontatzen dutela iruditu zait, beren laburrean orohartzaileegiak direla, alegia. Ekintza gehiegi jasotzen dituzte, arrapaladan. Elipsien erabilera ona egiten dutenak —Egiturak eta mekanismoak— , erritmo motelagokoak —Hiru maitasun, Berri ona— edo amaiera eraginkorrekoak —Biziak, hilak…— dira osoenak. Esan eta isildu beharrekoaren dekantazio zorrotza behar du narrazioak —laburrak bereziki—, eta horretan gorabeheratsuak dira. Ez du horrek Iturregiren proposamen orijinal eta interesgarria zapuzten, jakina.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Ibon Egaña

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak