kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Azken etxea / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2022

Kaleidoskopiotik ikusitako metafora beltza, gorria, urdina, morea… Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-11-14

Sarrera gisa

Bitxi egin zait Azken etxea eleberria, hainbat ere arraro. Bitxia edota arraroa adjektiboek ez dute zertan gutxiesgarri izan. Bi adjektibo horiez beste, eleberri berezitzat jotzea bururatu zait. Nire burutapena duzu. Liburu bakoitza mundu bat da, eta nork bere mundutik dakusa berau.

Arantxa Urretabizkaiaren literaturarekin “sentipen” bestelako bat nabari izaten dut: bere bizipenak ez ditut arrotzak, baina arraroak edota bitxiak egiten zaizkit. Badago haren liburuen eta nire artean “hesi” gisako bat. Jakina, liburuetako pertsonaien sentipenak —eta aburuak, noski— egilearenak dira niretzat. Alegia, Azken etxearen baitan dagoen pertsonaia nagusia bera delakoan nago, bera delakoan ere, narratzailea. Bera dago bi protagonisten baitan: kaskagorriaren eta txanodunaren alter egoa bera da. Horiek horrela, etor bitez liburuaren gainean hainbat iruzkin eta gogoeta.

Eleberri(ar)en gaineko ele zaharrak

Bizitza metafora da. Bizitza baina ez da metafora bakarrean sartzen, bistan da. Bizitza metafora jarraikor txikiez osatutako alegoria da. Bizitza metafora handia da. Nobelako istorioa konposizio literarioek eta sinbolikoek osatzen dute. Halarik ere, Urretabizkaiaren nobela hau metafora sinbolikoa besterik ez dela adieraztea, erredukzionismora mugatzea litzateke. Nobelagile honen literatura sinboloez hornituta besterik ez dela adieraziko banu, craso error nirea.

Liburuaren azalak ondo baino hobeto ilustratzen du Azken etxea: Xabier Idoateren irudia duzu. Irudiez osaturiko bisaia. Egokia ez ezik, nobelaren bereizlea da. Nobelaren jite poliformikoaren adierazlea. Adjektibo hau ez da oso ortodoxoa. Liburua ere ez. Liburugilea zer esanik ez. Liburuko protagonistek —nagusiek— ez dute izen propiorik. Liburuan sartu eta iraganerako bidaia eginen duzu. Munduan —bizialdi berezko batean— ibili ostean, pausaldia hartu nahi duen pertsonaren metafora da Azken etxea, kaskagorria eta txanodunaren pertsona(ia)ren bilakaera.

Azken etxea pertsona baten bizialdiaren errepresentazioa da. Inpresioak inpresio, hauxe niri jalgitakoa: nobelako protagonistaren mundua —bizialdia— iragana da, joan doan —joan den— mundu baten potreta. Mundu modu hori —idealismo, klandestinitate edota errebeldiarena— XX. mendeko munduari dagokio, mundu horren aiurria eta seta ez dira engoitik gure jendartearen ikur. Mende baten joan-etorrian arras aldatu da pertsonen idiosinkrasia. Nobelako pertsonaien izaerak —iragan berri bateko pertsonengan funtsatuta—, euren akzioak, erreakzioak edota jokamoldeak iraganeko jiteak dira. Mundu hori badoa —mendebaldeko munduaz ari naiz, subjektu europarren izaeraz— eta hark utzitako balore eta gabezien ondoren beste bat heldu da. Mundu berri bat osatzen ari da.

Nobelaren hainbat ezaugarri aipatu aldera: mundializazioa da XXI. mendeko ezaugarri nagusietako bat. Mundializazioa baina ez da mende berri honetako fenomeno berria arras. Mundua abiatu zenez geroztik —biztanleak etengabe sakabanatu dira giza historian— etengabe gauzatu da mundializazioa. Alta bada, milurteko berrian pertsona menturatzeko manera aldatu da erabat, aldaketa oso esanguratsua izan da. Aldaketa honen ezaugarri bakar bat adierazi beharrean, honako hauxe: gizateriaren bilakabidean etxeak izan duen munta edota ospea iraganeko irudikapena baino ez da egun. Etxearen inguruan osatu ziren jendarteak “zeharo” aldatu dira. Eleberriko protagonistaren azken etxea, bere bizialdiaren azken aterpe modura begitandu zait, baita begitandu ere deseraikitzen doan jendarte baten babesgune artifiziala. Etxea engoitik ez da bilgune naturala, ez da pertsonaren bere-berezko aterpea.

Zaila zait mundua eta berean eraiki den/dugun jendartea adieraztea. Iraganekoa bizi gabe zaila zait berau adieraztea, baita gaur egungo munduan bizi duguna zaila ere. Mundua izan ere, gero eta gehiago, jendartearen errepresentazioa baita. Ez dugu munduan bizi, baizik eta munduaren errepresentazioan. Mundua pertsonon nahimenaren ondorioa da, baina gure nahimena adierazi ezinik bizi gara. Ezaugarri horiek ez dira berriak, munduaren sorreratik beretik daramatzagu gurekin. Alabaina, mundua, gero eta gehiago, pertsonon ezagutzaren errepresentazioa besterik ez da. Errealitatearen adierazpidearen simulakroaren “jokalariak/aktoreak” gara. Halakoxeak begitandu zaizkit Azken etxearen pertsonaiak. Halakoxeak dituzu Azken etxea eleberria irakurri ostean jalgi izan zaizkidan ele —dagoeneko— zahar hauek.

Literatura berebizikoa —izan— da fikzioaren errepresentazioan. Eleberria bereziki, mundua errepresentatzeko espresioa den aldetik —munduaren bilakabide izugarri azkarra dela medio—, hiltzera bidean doan espresioa “bihurtu” zait. Azken etxea irakurrita, egungo pertsonon jitea nekez hauteman ahal izan dut nobelako pertsonaiaren ildoan. Heldu berri den milurteko pertsonari bizitzen ahazten ari zaio. Horixe duzu eleberri honek egin didan inpresio larriena.

Azken etxea adierazteko (nire) orokor tasun molde hau, orokor keriatzat har dezakezu. Azken etxea metafora beltza, gorria, urdina, morea, berdea, zuria… begitandu zait. Neure kaleidoskopiotik ikusia, bistan da. Azken etxea joan doan mundu bateko pertsona baten azkeneko begirada egin zait. Etxea azken aterpea eta babeslekua izan ezik

—euskaldunon kasuan areago— iraganeko —euskal— jendartearen aiurria eta aurria da etxea. Protagonistaren azken etxea interpretatu daiteke ere lehen etxe gisara.

Post scriptum

a/ Horixe Arantxa Urretabizkaiaren azken nobelaren nire interpretazioa. Bihar, naski, bere azken etxearen gaineko bestelako interpretazio bat egin nezake. Izan ere, literatura bizitzaren ifrentzua da. Ez da bizitzaren ordain zehatza. Kaleidoskopioaren irudiak aldatzen diren legez, aldatuz doa mundua bera ere. Areago fite milurteko berrian.

b/ Nolanahi den ere, horrelako interpretazio estranbotiko barik, hona liburuaren gaineko iruzkin katolikoago bat. Azken etxea Hendaian dago. Iruzkin hau idazten ari naizen herrian. Protagonistak, itxura eta nortasun aldaberakoa, nerabezaroan Bidasoa izan zuen bizitoki. Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia gurutzatzen zuen egunero, ausaz. Gaztaroan munduan barrena menturatu zen: Hendaiatik Bordelera, Bordeletik Parisera… Txileko Santiagoraino ere aldatu zen. Halabeharrez eta beharrizanez.

c/ Izen gabeko protagonista, etxez etxe ibili zen munduan barrena. Komunismoaren —gorriak— eta anarkismoaren loraldiak —beltzak— esperimentatu zituen, bete-beteko aldiak eta hustu-hustuko aldiak biziz. Klandestinitatea ezagutu zuen. Etengabeko sortze eta birsortze aldiak bizi izan ditu. Bere nortasuna bizimolde eraikitzaile eta deuseztatzaile baten emaitza da.

d/ Azken etxearen bizilaguna emakumea da. Avant-gardeko feminismoan zaildu zen, garaian aurreratua bizi izan zen, emakume izatearen kontzientziaduna zenez gero. Emakume libre izateko bere kontzientzia irauli behar izan zuen, baita hurkoen kontzientzia inarrosi ere. Bere bizitza aldatu aldera menturatu zen eta orain, mundua zeharo eraldatu denean, bere azken etxearen bizilagun soila izan nahi du, etxearen arduradun esklusiboa izan ere. Bere azken etxearen lorategian wisteriak dira lili nagusiak. Bere azken etxea munduan zehar bizi izan dituen loraldien errepresentazioa da, edo hala izatea nahi du.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak