« Askotarikoak | Herriaren historia, jendearen istorioak »
Ethan Frome / Edith Wharton (Miren Arratibel / Aintzane Atela) / Igela / Erein, 2022
Her(r)i(h)otzaren mugetan Nagore Fernandez / Berria, 2022-11-13
Edith Wharton idazle estatubatuar entzutetsu eta sarituaren Ethan Frome eleberri laburra euskaratu dute Miren Arratibel eta Aintzane Atelak, Erein eta Igela argitaletxeekin eta EIZIErekin elkarlanean. Jatorrizko bertsioaren izenburu bera dakarren itzulpena XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako Ingalaterra Berrian girotuta dago. Mintzagai dugun nobelak, badu, baina, Whartonen lan gehientsuenekiko berezitasun txiki bat: kasu honetan, eleberriak klase ertain-altuko bizilagunak ez, ezpada landa eremuko Starkfield txikiko herritar xeheak bistaratzen dizkigu. Elurrezkoak dira deskribatzen diren paisaiak, hotzak neguko egunak, eta zuriak pertsonaien bizitzak, batez ere Ethan Frome protagonistarenak, maitasun istorio tragiko baten pertsonaia nagusia izaki.
Maitasun ezinezkoa gai errepikakorretako bat dugu arte adierazpen eta garai guztietan. Hizpide dugun obra motibo diakroniko eta unibertsal horren adibide argi bat dugu; ez da, hortaz, gai aldetik originala, bai, ordea, gaia tratatzeko eta kontatzeko moduan. Pretentsio handirik barik, itzulinguruak eta betegarriak albo batean utzi eta soiltasunetik dakartza istorioko gertaera eta pertsonaia guztiak. Zuzen eta artez kontatzearen aldeko hautua egin zuen idazleak obra idazterakoan, eta modu berean hezurmamitzen dira pertsonaien barne munduak ere. Nago, itzultzaileek ere premisa horri men egin eta erabili duten erregistro linguistikoarekin hori bera transmititu nahi izan dutela. Alde horretatik, azpimarratzekoa iruditzen zait Arratibelen eta Atelaren lana, beste hizkuntza batera ekarri arren, jatorrizkoaren esentzia mantentzeko giharra dutela erakutsi baitute, irakurketaren sinesgarritasunaren eta jariakortasunaren mesederako.
Narratzaileak ere badu berea. Hirugarren pertsonako kontalari bat agertzen zaigu, zeinak aktiboki parte hartzen ez badu ere, istorio barrutik diharduen. Bere presentzia pertsonaia bezala, obraren lehenengo eta azkeneko orrialdeetan da nabarmena. Gainontzekoan, nitasunetik diharduen ahots hori, frometarren bizitzetan urtzen da, hain non, Ethan Frome eta enparauen nondik norakoez hitz egiterakoan, pertsonaia izatetik, kontalari “tradizional” bat izatera pasatzen den, horrek dakarren pertsona gramatikalaren aldaketa eta guzti. Egia da joko narratibo horrek ez nauela ezustean harrapatu, idazleak, obraren hitzaurrean, erabilera horren zergatia luze eta zabal azaltzen baitu, baina, ez da izan, traman sartu aurretik, espero nuen erabilera. Kontakizunaren plano diegetiko edo narratiboen joko biziagoa espero nuen, liburua irekitzearekin batera aurkitu dudan narratzaile pixka bat detektibea kontuan izanda, Edgar Allan Poek Rue Morgueko hilketak lanean egiten duen antzeratsu, esate baterako. Idazlearen hautuaren zergatia ulertzen dudan arren, eta nahiz eta argi izan hizpide dugun obra ez dela polizia-nobela bat, aitor bekit alderdi horrek nire espektatiben horizontearekin talka egin duela. Hortaz, gai ohikoa erabili arren, esan daiteke idazleak erakutsi duela irakurle hau harritzeko trebezia nahikorik.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez