kritiken hemeroteka

8.790 kritika

« | »

Zirku bat hegan / (Liburu zehatzik ez)

Zirku bat hegan Gerardo Markuleta / Berria, 2003-09-06

Ez da aspaldi literatur bidaide bat, lagunarteko literatur bilkura batean, konbentzitzen saiatu nintzela —aitor dut— idatzia zeukan literatur iruzkin bat bere hartan argitara ez zezan.

Idazle gazte sonatu baten lanari buruzkoa zen erreseina, luze eta zehatza, deskribatzailea eta baloratzailea; halere, hoztasunari eta gutxieneko errespetuari eutsirik isuria zela garbi ikusten zen arren, latza, garratza eta ia erabat gaitzesgarria zen, erretxina.

Ez ditut gogoan, testua eraldatu edo bertan behera laga zezan, esan nizkion guztiak, baina banaka batzuk hona ekarri nahi izan ditut.

Esan nion, adibidez, aldean zeukala antzeko esperientziarik izandako lagunen bat, ondorioak gertutik ezagutu zituela, eta erraza zeukala berak besteren buruan ikastea.

Esango nion, beharbada, edo giroan zen eta esan beharrik ez, aurretik halako bat edo beste egina zuela, eta emaitzak oso bortitzak izan zirela behin edo behin, kontraerasoak alegia. Jendeak ez diela erreparatzen gaitzespena oinarritzen duen argudioari, ezpada ziriarekin datorren mozoloaren aurpegiari. Min ematen duenak mina dakarrela bueltan.

Ahaztuko zitzaidan seguru asko esatea ez zuela merezi zirkuituan energia negatibo gehiago sartzerik, bazebilela nahikoa, berezkoa —neurri batean, hala behar duelako gurealako inguru txikian— eta eragindakoa —beharko ez liratekeen batzuk desegin egin daitezkeelako—.

Egia zela bazirela salatu beharreko joka-molde editorialak, banaketaren mundukoak, guztientzako diru-laguntzen kontuan, salatu beharreko kalitate hutsaleko bilduma oso-osoak salneurri sinestezin horietan (salmentatik baino diru-laguntzatik sarrera handiagoa).

Egileen ego hegalariez ere bazela zer edo zer esateko, eta kritika, eta zorroztasuna, eta zaborraren lehen iragazia etxetik behar dutela hasi. Adiskide zintzeroak behar zirela euskal idazle txarren inguruan. Aipatuko nion akaso indignazioa, duintasun-urratze jarrera hori, ez dela egokierarik egokiena besteren libururik komentatzen jarduteko, batez ere norberarenak beste haren arrakastarik izaten ez duten artean (nago guzti-guztiak ere ez nizkiola hemengo moduan esango, garbi gera dadin diot, kargua hartuko dit bestela).

Hori guztia esan arren, edo hori guztia esan eta gero, berdin da, lagunari ez egiteko esandako pekatua egitera egitera nator, besteren batekin batera.

Goiburuan aipatu den aldizkariaren zenbaki honek aspaldi honetako itxura eta egiturari eutsi dio (azala kolore berritan ageri da —gris urdin laranja bixian—, baina diseinu edo ilustrazioaren egilearen aipamenik ez da ageri). Juan Luis Zabalaren zerrendatze lan eskergarri eta erabilgarria dator azken aldera, 2002ko bibliografia.

Azterketa literarioak atalean Etienne Salaberryri buruzko hiru artikulu, hurrenez hurren J.L. Davant, Joxe Azurmendi eta Pako Suduperenak. Eta Karlos del Olmok bildutako batzuk itzulpenaren eta literaturaren inguruan. Adabakietan, artikulu astronomiko gustagarri eta jakingarri bat dakar, Tintin gorria edo tomatea. Beti bezala, Kritika eta erreseinak atal luzea dakar.

Sorkuntza atalean, poesiatzat ematen dira lerro moztu lotsemangarri batzuk. Eta haur literaturan, besteren lotsa emateko moduko Kritikoekin kritiko. Zergatik zarete horren kriptiko? izeneko panfleto gustu txarreko infantil mengel bat, izenburuarekin inolako zer ikusirik ez daukan eraso pertsonalez jositako jario harigabe —zentzuz eta zentzunez— argitara ezina. Aldizkariaren harpidetza eteteko adinakoa.

Ez dakite erakunde batzuek zeinen ondo datorkien batzuetan hasierako ohar legearen aitzakiazko baina ia protokolozkoa bihurtutako hori jarri izana: “X Elkarteak ez du derrigorrez bat etorri behar Y aldizkarian agertzen den edukiekin”. Baina badakite ohar horrek ez diela testuok argitaratu izanaren ardurarik arintzen, ez zuritzen.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak