kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Austerlitz / W.G. Sebald (Idoia Santamaria) / Igela, 2022

Bizirik hildakoen memoria Hasier Rekondo / Deia, 2022-06-18

Gustave Flaubert-ek esan zuen prosak erritmoaren sentimendu sakon bat eskatzen zuela, erritmo iheskor bat, araurik bakoa, ziurtasunik gabekoa… W.G. Sebald-en azken liburua dugu Austerlitz (Igela, 2022). Liburua argitaratu eta handik gutxira hil baitzen 2001ean Ingalaterrako Norfolk-en, hainbeste maite zuen ekialde hits hartan, ustez, bihotzekoak jo eta horren ondoriozko trafiko istripuan. Haren heriotzaren inguruko pasadizoek ere ziurtasunik gabeko nobela bat mereziko lukete.

Arestian esan bezala, araurik gabeko erritmo iheskor bati jarraiki ekin zion nobela honi Winfried George Sebald-ek, duda izpirik gabe XX. mendeko narratzaile gorenetako batek . Autofikzioaren, nobela klasikoen zein postmodernoan zenbait elementu dituen arren, Sebaldek sortzen duen giro narratiboak ez dauka parekorik: malenkonia historikoaren, estetizismo erakargarri baten eta existentzialismoaren arteko mugetan mugitzen baita. Austerlitz Napoleonen garaipen ospetsu baten tokia da, Napoelonen figura asko jorratu du Sebaldek, eta Auswitch ere izan liteke, Sarrionandiak dioen gisa.

Liburuko narratzaileak arkitekturaren historian aditu misteriotsu den Jacques Austerlitz pertsonaia aurkituko du, kasualitatez edo, Anbereseko tren geltokian. Alta bada, narratzaileok aurkitzean Austerlitz ez da oraindik bera. Oroimen pertsonalaren alderik funtsezkoena ezabatua duen Austerlitz, narratzaile nagusi bilakatuko da bien arteko kasualitatezko elkartzeen ondoren. Europako XX. mendean nazien totalitarismo hiltzaileak sarraski pertsonalen eta kolektiboen testigu bilakatuko da, oroimena berreskuratu behar duen eta nahi ez duen testigu hain zuzen ere. Hori litzateke nobelaren sinopsia, baina ildo narratibo etengabeek eta xehetasunez mukuru hornitutako digresioak ezinbesteko protagonista bihurtuko dira, halaber. Nobelak trinkoa izanagatik, digresio horietako batean bi narratzaileekin bizitzen geratzeko gogo izugarria pizten du.

Joseba Sarrionandiak liburuaren gibel-solasean aipatu gisa, Sebalden narratzaileek hil osteko espektro ematen dute. Austerlitz ustez bizirik dagoen zendutako narratzailea dugu. 5 urterekin Galesen hartu zuten predikatzaile kalbinista apokaliptiko batek eta haren emazte higatuak. Juduak pilatzeko eta desagerrarazteko xedez, alemanek eraiki Prahako ghettoan haren ama Agáta giltzapetu eta ekialdean desagerrarazi baino lehen bidalia baitzuten Ingalaterrara umez betetako itsasontzi batean. Jaiotzarik gabeko hildako horren xede bakarra kontatu ezinaren gaineko ahalik eta narrazio gehien kontatzea izango da, halabeharrez bada ere, existentzia irrazional batek irentsi ez dezan.

Ezin dut aipatu gabe utzi Idoia Santamariak alemanera trinko batetik ekarrita, euskaraz sortu artelana, jatorrizkoaren konplexutasuna kontuan izanda beste maila batean jarri du Santamariak euskal itzulpengintza. Sebalden lexikoaren aberastasunak ez baitu parekorik literatura garaikidean.

Bai ildo narratiboen ugaritasunak bai sintaxiaren konplexutasunak bai puntuazio marken urritasunak anabasan eraikitako literatur artefaktu baten aurrean gaudela adierazi dezaketen arren, horrexek berak egiten du liburua bera handi eta aberats. Sebald maisu baino gehiago dugu liburu honetan zenbait argazkiz hornituriko deskribapenetan, era guztietako naturako elementuak (sitsen gaineko deskribapen gogoangarriak lekuko), hiriak, ez-lekuak, tren-geltokiak, gotorleku militarrak, industria-guneak; kasik literatur genero berri bat sortzeko gai dela erakusten ez ditu ahaztuko nobela historikoa, estilo landua eta proustiarra eraikiz. Sebalden unibertso literario korapilatsua, erakargarria eta zenbait gauza kontatu ezinezko kontatzeko ahalegin antzuak eta ederrak literaturaren lan prometeikoa dakarkigu gogora.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak