kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Mamu eratortzeko moduak / Juanjo Olasagarre / Elkar, 2021

Bizitako puska batzuk baino ezin ditugu berregin Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-04-05

Idazlearen soslai gisako bat

Juanjo Olasagarre idazlearen jite literarioa bi generoren bidez manifestatu da nagusiki orain arte. Poesia eta nobela dira bere espresiobide kuttunak. Poesian, poeta orok legez, bizimina du gai; literaturaren adiurrea oro har eta orobat. Bizitza puska biziaz osatzen dela erakutsi digu bere poetak. Nobelagile gisara, berriz, giza generoa eta euskal gatazka ditu berezko gaiak. Mamu eratortzeko moduak laugarren nobelan euskal gatazka hartu du gaitzat, bete-betean hartu ere.

Nobelaren soslai gisako bat

Nobela zazpi atalek osatuta dago, Joseba Jaka bekaren bidez gauzatua. Desmartxa hori nobelaren kontu erreala duzu. Fikzioan ere, desmartxa horren nolakotasuna azalduta dago hiru ataletan. Izan ere, nobelak Sara Carcamo erdal idazlearen nobela autofikzionalean hartzen du oinarria. Beste lau atalak, berriz, hainbat narratzaileren bitartez eraikita daude. Itziar Amezaga da protagonista nagusia, ETAk hildako emakumea. Hilik dago, baina bizitzara itzulia da. Mamu bat da. Espektro bat. Nobela generoa berez irreala bada, kasuon areago: nobela “fantastikoa” legez hartu daiteke hortaz. Munduan bizikide izan zituen pertsonen ondora itzuli da Itziar Amezaga: Josu neba, Ander mutil laguna izana eta Jon Andoni etakidea dira, besteak beste, pertsona horietako batzuk. Azken horrek bizia kendu zion. Itziarrez gain, Anderrek eta atentatu berean hil zuten guardia zibilaren alargun Merchek osatzen dute kontakizuna, besteak beste. Beste bizidun zenbaitek ere osatzen dute istorioa, istorio siniestroa, makurra, hots.

Nobelaren ezaugarriak

Ezaugarri batzuk labur zurrean emanak: nobelak literaturaren alde extraliterarioa aditzera ematen digu. Hau da, beka sistemak, administrazioak eta hedabideek literaturan duten munta edo partea; parte-hartze handia. Izan ere, literatura —zoritxarrez, erranen nuke— ez da literaturaz kanpoko menpekotasunetik aske, eta horren arabera gauzatzen da neurri handi batean, zenbaitetan neurri handiegian tamalez. Beste ezaugarri bat: nobela euskal gatazkaz ari da, baina “gatazkaren barruko gatazkak” dira nobelaren zio nagusia. Esaterako, gatazkaren biktima eta biktimaegileak berebizikoak dira nobela honetan, euren bizipenak, euren jarrerak, euren aburuak. Finean, euskal gaztakaren barruan —gerra eta gatazka guztietan bezala— biktima izateko modu asko baitaude izan.

Nobelaren estiloaz

Juanjo Olasagarreren estiloa definitzekotan nago, eta tentu handiz —beldur amiñi batez— ari naiz. Bat-batean, bere estiloa barrokoa dela —ez soilik nobela honetan— erran dezaket. Baina hitz horrek, apika, ez du adierazten guztiz erran nahi dudana: estranbotiko samarra dela ere erranen nuke, ausarki erranez. Eta, aldion, gaia mamu edota espektro baten bidez ekarri duenez, zenbait pasartetan ez da samurra barneratzea. Edonola den ere, euskal gatazka ulertzeko edo haren gainean iritzi osatuago bat egiteko, Sara Carcamoren elkarrizketa dakarren atala hagitz egokia begitandu zait. Areago: nobelagileak gatazka agertzeko jorratu duen moldea ez da samurra, alabaina, bai biktimek bai biktimagileek pairatzen duten “aberrazioa” azaltzeko modua gordina bezain egokia egin zait. Baten batek erran lezake, biktimak eta biktimarioak plano berean jartzen ari naizela. Ez naiz ziur nobela honek biak ala biak parekatu izanaz. Irakurleak erranen du. Dena dela ere, nobela hau ez da Fernando Arambururen Patria, bistan da.

Nobelaren funtsaz

Harkaitz Canoren Twist nobelan Soto eta Zeberio mamu-espektroak ezagutu genituen —Josi Zabala eta Josean Lasa etakideen historia istorioa bihurtzen duena—, oraingoan Itziar Amezagaren espektroa ezagutu dugu. Noski, Itziar Amezaga ez da pertsona erreala izan, alabaina, Amezaga bezalako biktima asko dago, baita Jon Andoni etakidearen modukoak ere. Istorioa osatzeak nobelagileari eman dizkion lana eta buruhausteak ez dira gutxi. Haatik edo, narrazioan akatsen bat edo beste dagoela iruditu zait. Edo mamuek jota irakurri al dut nobela? Hona adibide bat: Felix Mendoza ezker abertzaleko preso kide ohia, legebiltzarkidea bilakatu dena, Mendezu goitizenekoa, Manezu ere bada hiru bider gutxienez. Pertsonaiak pertsonaia, espektroak espektro, mamuak mamu, azken ataleko Sara biktimaren kontakizunak ixten eta biribiltzen du nobela.

Burutapen pare bat ausarki

1. Bistan da, erran dudanez, hau ez da Patria. Hala ere, Itziar Amezaga Arambururen Patriako Txato izan daiteke. Olasagarreren Jon Andoni etakidea izan daiteke Arambururen Joxe Mari. Beste pertsonaia batzuk, biktimak eta biktimarioak, parekatu daitezke. Alta bada, Patrian ez dituzu aurkituko Gomez eta Salvador Ezpeleta guardia zibilak. Euren zeregina eta parte-hartzea gatazkan, alegia. Guardia zibilaren numero arrunta lehena eta kapitaina bigarrena. Berbarako, ETAren biktimak aneurismak jota bizitzera kondenatuta daude, baina estatuaren lege pean —guardia zibilek, besteak beste— torturatuak salbu daude gaitz posible guztietatik. (Nire) suposizio hau estranbotikoa da, bistan da, bistan denez.

2. Euskal gatazkak ezarri duen errealitatea kontatzean manikeismoa itzela da, bai komunikabideen bitarteko ustezko modu “errealez” bai literaturaren bidez kontatzean. Erran nahi baitut, manikeistek ongiaren eta gaizkiaren arteko betiereko borrokan sinisten dute oraindik ere, gaur egun ere. Sinesmen karga horrekin nola azaldu errealitatea? Horiek horrela, ez da harritzekoa Juanjo Olasagarre idazleak euskal errealitatea —euskal gatazkaren erreala, kasuon— espektroen bitartez azaldu nahi izana.

Azkenik edota Post Scriptuma

Bere idatz-estiloa barroko eta estranbotikotzat jo dudan arren, Juanjo Olasagarreren errealitatearekin —fikzioan badarik ere— bat egin dezaket handi-handika. Zentzu —eta norabide— horretan, azkeneko argipen bat halere. Azken urteetan Bilbon —Bilbo Handian— bizi den Nafarroako Sakanako jatorrizko Olasagarrek polito baliatu du nobelan ederto ezagutzen duen geografia. Alta bada, Sakanako Huarte-Arakilera bidean noala pertsonaiekin —Jon Andoni etakidearekin kasurako— ezin izan dut nire burua Lekunberri-Aranatz herrian kausitu. Zer da benazkoa? Zer da fikziozkoa? Zer da zein? Zein da zer?

Azken bala: euskal gatazkan bizitakoa eratortzeko modurik ez dago. Gertatua, erreala, iritsi ezinezkoa da. Gertatu izan denaren puska bizi batzuk baino ezin ditugu gure memoriara ekarri. Bestera erranik: iraganean bizitako puska batzuk baino ezin ditugu berregin.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak