kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Faith / Lander Garro / Elkar, 2021

Itsasoan uharte (amets galduen hondamendian) Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-03-07

Triangelua osatu du idazleak, Lander Garrok hots! Erran nahi baitut, trilogia biribildu duela. Errateko manera bada, izan ere, ezer ez da borobila, ez pertsonok egiten dugun ezer behintzat. Eta bestalde, deus ez da amaitzen, amaitzea hastea baita. Hitzak hitz —literatura, metaforak…— Kontrarioa eta Gerra txikia nobelaz gainera, hona hirugarrena: Faith.

Aurreko bietan legez, Xabi Ugarte duzu pertsonaia nagusia. Lander Garroren alter egoa. Erran gabe doa, baina betiere erratea komeni: Ugarte Garro bera da, baina ez osotoro. Haren inguruko pertsonaiak ere errepikatzen dira, ama, anaia, arreba, aita… Nagusiak horiek, lagun mordoaz beste. Triangelua aipatu dut, nobela Errenteria —Orereta idatzi behar al da/dut?— (Euskal Herria), Bartzelona eta Madrilen artean, joan-jinean gauzatzen baita.

Xabi Ugarte Bartzelonara joan da, argazkilaritza ikastera joan ere. Alabaina, horren beharrean, beste hainbat “behar” darama berarekin. Iragana zaku astuna baita, izugarria: erbestea (Ipar Euskal Herriko exilioari ez genioke herbestea deitu behar, ihes egindakoa herrialde berean baitago, eta horixe izan zen Xabi Ugarteren kasua), presondegia, errepresioa, borroka… Borroka baina ez da izan Xabi Ugarteren bizitzaren arrazoia; batez ere zama izan da. Ez zio nagusia behintzat. Horixe nire ustea. Familiak “engaiatu” eta “engainatu” zuen. Hau da, bera ingurukoa zen, baina ez ETAkoa. Eta hori, herri honetako historia berrian ez da istorio bat. Alegia, poliziak banda armatuko “pertenentzia” frogatu beharrean, zure “ez-pertenentzia” zuk zeuk frogatu behar duzu. Horixe Xabi Ugarteren historia.

Aurreneko bi nobelak irakurri eta iruzkindu nituen. Ez ditut osotoro nire gogoan, bistan da. Alta bada, Kontrarioa nobelaren kariz, “Hondamenditik aterako da” adierazi nuen. Gerra txikia delakoari, berriz, “Amets galduen zirimolan” lerroburua paratu nion. Iragana iragan, Xabi Ugarte hondamenditik irten beharrean bizi da, amets galduen zirimolan bizi ere. Horrela antzeman dut Faith delako honetan. Funtsean, fedeak atxikitzen du Ugarte zutik. Bere buruarengan duen fedean. Itsasoan uharte da.

Liburua iragan mende erdiko fenomeno sozio-politikoaren “gatazka eta memoria” berritzera dator, kontatzera alegia. Hona premisa bat: gatazkaren karietara errealitatearen oroimen objektibo bat ekarri ezinean, literaturaren bidezko istorioek osatzen dute historia. Zeregin horretan, iruzkingile lanetan, nobela baten gainean jarduteak protagonisten zirimolan sartzea eskatzen du. Labur zurrean aritzeak berriz, itotzea dakar. Sinopsi motz bat egin beharrean, eta “kritika zehatzik” egin ordez, hona segidan hainbat burutazio eta juzku.

Labur bat hasteko: errealitatearen oroimen objektiboa ezinezkoa denez, Ugartek artean —jarduera artistikoan— bilatzen du babesa, errealitatearen objektibotasuna bilatu ere.

Nobelaren baloreak eta ez-baloreak. Zer dut alde, zer kontra? “Bertuteak” eta “akatsak”, bestela erranik. Ez dakit akatsak izendatzea haizu ote den. Bertuteak eta gabeziak, horrela hobe agian. Humanoak gara. Baita gure burua fikzioan errepresentatzen dugunean ere. Balore bat: nobela behin irakurrita aski. Ez da afrontu bat, aitzitik. Narratzaileak kontatzen duena kontatzen du. Bere hitzetan ez dago “gibel-asmorik”. Pertsonaiek diotena diote, puntu. Kakotx gutxi. Pertsonaiek, prefosta, idazleak dioena diote. Ez betiere. Horixe artearen ezina, horixe idaztearen muga.

Euskal gatazka deitutakoaren memoria baino, stricto sensu, euskaldun multzo baten eta estatu bateko —edo biko— funtzionarioen arteko kontu doitze bat da nobela. Funtzionarioak poliziak dira, gehienak, epaileren bat tarteko. Nobela, batez ere, Xabi Ugarte protagonistak bere buruarekin duen gatazkaren kontakizuna da. “Borroka da bidea” baino “sorkuntza da bidea” lehenetsi zuen txikitatik. Alabaina, nork bere bidea aukeratuta ere, norberaren bidean bide asko gurutzatzen dira, nahitaez eta ezinbestez. Norabide horretan, errealitateari aurre ezin eginez, “artea”-n errefuxiatzen da. Nobelaren zentzua, zentzu handiena, Xabi Ugartek nor izateko duen funtsean oinarritzen da.

Familiak eta lagunek berek traizionatzen ahal zaituzte, zure herriak berak —Euskal Herri fantasma hori— traizionatu zaitzake. Izan ere, gehien maite zaituztenak horiexek baitira etoiak, etoi seinalagarrienak. Salbuespenak salbuespen izaten dira. Ugarteren familia, adibidez. Ugarteren kasuan, familia, oh, oi, oh, oi familia… bilgune sublimea baita. Errealitatea mingarria da. Errealitatea gure moldera irudikatzeak salba gaitzake hondamenditik. Errealitatea gure nahietara irudikatzea —moldatzea— errealitateari itzuri egiteko manera da. Izan ere, gerra handitik —familiako gatazkak dira gerra handienak— inor ez da zauririk gabe ateratzen. Ordea, “gerra txikietatik” libre irten gaitezke lantzean behin. Hala uste dut. Usteak ustel. Horiexek izan daitezke nobelaren bertuteak.

Ez-baloreak edo gabeziak segidan. Ez nago ziur ere, objektiboa izateaz ziur alegia. Literaturak edota fikzioak “dena” onartzen baitu. Beno, “dena” onartu nahi ohi duelakoan nago. Xabi Ugarte Lander Garroren alter egoa da, neurri batean hori ere, errana bada ere, berriz errepikatua. Alabaina, 25 urteko Xabi Ugarteren izatea —2000 urte inguruan gauzatzen da istorioa— 2020ko Lander Garroren alter egoa da. “Ez al da bada, zilegia?” galde dezake inork. Bai, noski. Tira, horiek “ez-balorea” edo “akatsa” bezala azpimarratu ditut, baina Xabi Ugarteren “bagajea” nabarmendu nahi dut. Izan ere, nobelaren balio handienetako bat —herri eta familia baten borroka bidea agertzeaz batera— argazkilaritzaz eta zinemaz ekarritakoa baita. Literaturaz ere amiñi bat ere badakar. Kontua hauxe: Xabi irudiaren bitarteko sortzailea da eta Lander hitzen bidezkoa. Biak ala biak pertsona bakarrean bilduta daude. Ezbairik gabe, Ugarteren federik gabe ez litzateke Garrorik izango gaur egun inolaz ere.

Ez naiz ziur nobelako gabeziaren bat agertu dudan, edo aitzitik, nobelaren bertutea azaldu dudanez. Badut beste “gabezia” bat adierazteko. Honako hau ez da “forma kontua, funtsa kontua” baizik. Liburua triangelu batean finkatzen da, demagun errealitatea Xabi Ugarteren tripodean finkatuta dagoela: Euskal Herria, Bartzelona (Katalunia) eta Madrilen (Espainia). Geografikoki finkatua izateaz ari naiz. Xabi Ugartek pasarte batean (300. orrian) hauxe dio: “Askoz ere zailago dirudi atzerritar batekin lehiatzeak”. Berarentzat atzerritarrak dira, kasurako, greziar, norvegiarra, italiarra, finlandiarra. Atzerritarra Xabi Ugarterentzat ez da espainiarra. Eta, nago, berez eta izatez hala beharko lukeela. Are, identitatearen eta nazioaren auzia areago tinkatuz, kataluniar batek berak “atzerritarra” izan beharko luke euskaldun batentzat. Madril atzerria nola, halaxe ere Bartzelona.

Xabi Ugartek dioenez, protagonistak berak, pertsonaia nagusiak, “erromantizismoa ez da gomendagarria”. Alabaina eta hain justu ere, nobelan nola erromantizismo dosia itzela izan da “gure” artean. Baina, artean, jarduera artistikoan legetxe, artistak bizitzaren bilakabidean bere traumak gainditu behar ditu eta halatsu egin ere pertsona arruntak, soilak edota borrokalariak. Borroka bidea lehenetsi baino, Ugartek bidea sorgarri nahiago. Baina, zoritxarrez, gorputza gero eta mekanikoagoa dugu, eta arima berriz gero ez deusagoa. Fedean bizitzea, neurrian hobe. Morala egin dut. Bego eta barka!

Azkenik, honela argigarriago naski: Faith nobelan ageri bezala, Ozeko aztia istorioan idatzita, Bermie Taupien hitzetan egoki emana dator: “Oh, nire patua gezurretan ari dela erabaki dut, adreilu horien bideaz harago”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak