« Amen matxinada | Itsasoan uharte (amets galduen hondamendian) »
Ez da erditzea / Ione Gorostarzu / Elkar, 2019
Zirriborro bat loreen gainean Maddi Galdos Areta / Argia, 2022-03-06
Azalak berak ematen du liburuan kontatzen denaren berri. Zirriborro bat ageri da lore batzuen gainean, zurrunbilo bat udaberrian. Horixe da Ione Gorostarzuren (Berastegi, 1984) Ez da erditzea (Elkar, 2019) poema-liburuak dakarkiguna: amatasunaren edo, oro har, emakumetasunaren ertzak eta argi-ilunak dira bildumaren ardatz.
Iraganetik, orainetik eta etorkizunetik begiztatzen du idazleak Adrienne Richek amatasunaren instituzio gisa izendaturikoa, intimoaren eta globalaren arteko koordenatuetatik. Alabatasuna, haurdunaldia, erditzea eta gurasotasunaren inguruan gailentzen den kontakizunaren ifrentzu diren erru, damu, min, ezin eta beldurrak dira erdigunea, eta bereziki, amak ama soil ez direnaren aldarria. Baita, zentzu berean, emakumeak amatasunaren, familiaren eta besteen bitartez definitzearen aurkako aldarria ere.
Ama ere baden ni poetikoak hezurmamitzen du araua onartzearen eta hura arrakalatzearen arteko tentsio konponezinak sortzen duen ezinegona: “Zenbateraino aldatu mundua ondorengoentzat / zenbateraino moldarazi ondorengoak, mundura”. Honekin, gaur-gaurkoz erantzun argirik ez duten galderak eta kezkak agertzen dira hitzotan, poetarenak ez ezik beste hainbat idazle eta irakurle andanarenak ere badirenak. Izan ere, Gorostarzuren hau amatasunaren idealizazioa auzitan jarriz emakumezko idazleek argitaratutako obren konstelazioan koka genezake: Alaine Agirreren Karena (Elkar, 2021) eta Katixa Agirreren Amek ez dute (Elkar, 2018) eleberriak eta Leire Bilbaoren Etxeko urak (Susa, 2020) poema-liburuarekin batera, besteak beste.
Poema batzuek lirikotasun handiagoa dute, bestetzuk narratiboagoak dira, eta erabiltzen dituen baliabide poetikoek topo egiten dute eguneroko gauzen arruntasunarekin.
Erantzunen xerka miatzeko bideak proposatzen ditu idazleak, amatasuna denaren eta izan zitekeenaren arteko zubia eraikitzeko birdefinizio ariketa eginez: “Eta jarri beharko dugu elkarrekin zalantzan / elkarrekin sortu zehaztu eta arautu beharko / egunero-egunero erabaki / zer den maitasuna guretzat”.
Esan bezala, ordea, erantzunak baino gehiago dira galderak. Ez, ordea, buelta emanda amu bilakatzen direnak, gizarteak egiten dizkigunen gisakoak; aitzitik, askatzea helburu duten galderak dira hauek, erronka itxura dutenak.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi