kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Itzultzeko etorri naiz / Felipe Juaristi / Balea Zuria, 2021

Apetazko pentsamendu “askea” Hasier Rekondo / Deia, 2021-11-20

J.L. Borgesek esan zuen idazle baino gehiago zela irakurle. Halere, errazkeria ugari idatzi izan dira irakurle sakon ugariren artean, esaterako, Borges bera ere historiaz edo politikaz idazten duenean amildegi inozo batean murgildu ohi da. Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957) sakonki irakurritako azken urteotako irakurketak baliatu ditu idazte prozesu neurtu eta mamitsu batera itzultzeko, haren literatur eta bizitza obsesioek eragindako zenbait gorabehera medio.

Liburua saiakera sailean aurkeztua izanagatik, badu, Juaristik idazten duen oro bezala, hegaldi poetikorik, ez da harritzekoa poesia ardatz duen Balea Zuria argitaletxean eman baitute argitara.

Apetazko literatur hiztegi gisa antolatua, batzuetan lar errepikakor nire gusturako, Juaristik bere betiko gaiak jorratu ditu maisuki, bidaide izan dituen idazleen konpainia noblean: idaztearen zergatia, xedea edo xederik eza, poesiaren funtsa, heriotza, memoria, depresio indibidualak eta kolektiboak, bizitzaren antzutasuna eta edertasuna, begirada historikoa eta pertsonala…

Bidaide askotxo izan ditu Juaristik azken urteotan, gehienak ezagunak eta ezinbestekoak literatur ibilbidea XIX eta XX mendean kokatu dugunontzat, egile klasikoak edota ezezagunagoak izan badiren arren. Alfabeto osoa barneratzen duen zerrenda amaigabea da, ez du hasiera ez amaierarik haren aukeraketak eta gozamen hautuak, nondik hasi, non bukatu?: Baudelaire, Celan, Adorno, Ovidio, Pascal, Nietzsche, Kafka, Stevenson, Montaigne, Arendt, Lukrezio, Lautremont, Levinas, Plath… Betiere, pentsamendu labur, landu eta zehatzerako ekarriko ditu azkoitiarrak, eta betiere, pentsamendu horrek eman dezakeen askatasuna hutsal gerta daitekeela jakitun: “Hainbeste hitz eta gero, ez da hitzik geratuko, isiltasuna baizik.”

Esanguratsua da, halaber, “gure” literaturari dagokionez bi aipamen berezi eta derrigorrezko nabarmentzea: Jon Mirande eta Celan-en artean eraiki Juaristiren paralelismoa liburuaren puntu gorenetarikoa iruditu zait, eta, halaber, Juaristiren obsesio, haren esanahiagatik eta azkoitiarraren literatur eta pentsamenduarekiko antipodetan dagoelako, liburu osoko erreferentzia dialektiko bakarrenetarikoa: Gabriel Aresti. Azkoitiarrak Arestiri ematen dion “astindu intelektuala” ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Arestiri leporatzen diona oso erraz laburbildu daiteke artikulu labur honetan: Aresti profeta zen, Juaristik ez ditu profetak maite poeta oro zalantzez betea baitago. Dena den, kontuz ibili beharra dago, ene aburuz, kontu honekin guztiarekin norbera ere zalantzaren profeta bilakatu baitaiteke.

Oro har, Juaristi ondo ateratzen da ataza horretatik, pentsamendu malgua eta jakituria patxadatsua lagun. Liburuaren zehar erreferentzia pertsonal gutxi dauden arren, irakurketen inguruko saiakera “aforistikoa” baita neurri batean, harribitxiak iruditu zaizkit, besteak beste, herrira itzuli zeneko kontakizuna eta horren ondorioak, edota, anaiarekin bere etxeko leihotik ikusten zituen ikuspegi egun ezabatuen gaineko aipu poetikoak eta existentzialak. Juaristik ekarritako Rilkeren aipu bat profitatuz, “bada mirari bat mundu honetan: / nik hauteman dut, bizitza oro bizi egiten da”; nago, badela mirari bat literaturan ere, honelako liburuak gozatu ahal izatea noizean behin.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak