« Memoriaren begirada findua | Bidaiaren hasiera: pauso sendoz »
Taxiak ez dira inoiz gelditzen / Xabier Montoia / Susa, 2021
Galtzaileak eta traketsak Nagore Fernandez / Berria, 2021-06-20
Taxiak ez dira inoiz gelditzen dugu Xabier Montoiak argitaratu duen azken ipuin liburua. Eta, kasu honetan, ipuin liburu terminoa apropos erabili dut, ipuin bilduma beharrean, Iban Zalduaren bereizketari eta kategorizazioari jarraiki, euren artean lotura estuak dituzten kontakizunak aurkituko baititu irakurleak. Pertsonaiak ipuin batetik bestera saltoka ageri dira; areago, maiz, pertsonaia bera behin baino gehiagotan testuratzen zaigu, eta horietan guztietan, gainera, protagonista bezala. Osagaiak berdinak dira; aldagai nagusia denbora: pertsonaia bera bere bizitzako une ezberdinetan hezurmamitzen zaigu, eta une eta narrazio guztiek osatzen eta aberasten dute subjektuaren soslaia. Bestela esan, pertsonaiak poliedrikoak begitandu zaizkit: figura bakarra; aurpegi anitz. Pertsonaia gehienak, halaber, ahaideak dira, eta ez direnek lotura afektiboren bat dute euren artean. Alderdi horrek intentzionalitate eta batasun bat ematen dio liburuari, eta, narrazioz narrazio, familia konplexu baten genealogia eta erretratua iradokitzen du obrak.
Sortu den komunitate horretan, baina, pertsonaiak galtzaileak balira bezala irudikatu ditu idazleak, patetikoak zenbait kasutan, edozein irakurlek berarentzat nahiko ez lituzkeen bizitzak irudikatzen dituztenak. Guztiak, heriotzarekin harremanduta ez badaude ere, gertutik edo urrunagotik zoritxarreko patuaren biktimak dira, eta erabilitako perspektiba fatalista horrek ere, zentzu batean, lotura tematikoa ematen dio obrari. Behin baino gehiagotan adierazi dudanez, nigan zerbait eragiten duten obrak ditut gustukoenak, eragiten duten zera hori poztasuna nahiz tristura delarik ere. Kasu honetan, hasierako ipuinak iruditu zaizkit tristeenak, eta, ondorioz, indartsuenak, gehien gustatu zaizkidanak, jarrera aski masokista izanagatik, gehien sentiarazi didatenak izan baitira. Hauekin batera, Zarata ipuina ere azpimarratuko nuke, ez bereziki tristea izateagatik, ezpada protagonistak zenbait ekintzatan erakusten duen aiurri txarrarengatik.
Protagonisten tipologia da nabarmenduko nukeen beste alderdia. Izan ere, ipuin guztietako protagonistak emakumeak dira, eta guztietan hitz egiten dute lehen pertsonako diskurtsotik. Guztiz harritu nauen hautu narratiboa izan da hau. Gogora datorkit, esaterako, 2007an Euskadi Literatur Saria jaso zuen Euskal Hiria sutan ipuin bilduma, zeinetan protagonista gehienak gizonezkoak ziren. Honetan, ordea, batetik, feminitate eredu ugariak mahaigaineratu dira, hegemonikoaz gain, bazterrekoak, mari-mutilak, maskulinoak, desio eta harreman sexual homosexualak, eta heterozuzenak ez diren jarrerak fikzionalizatu dira. Bestetik, eta, batez ere, ama-alaba sare gatazkatsuak irudikatu dira, aditzera emanez, harreman on/txar dikotomikoaz gain, konplexuagoak diren erlazioak ere egon daitezkeela, eta badaudela, gainera. Harritu, eta era berean, estimatu dudan ariketa izan da, hortaz.
Guztiarekin ere, alderdi askotatik batasuna duten ipuinak bildu ditu Montoiak azken lanean, bizitzaren krudelaz, halabeharrez, eta giza-harremanen konplexutasunez dihardutenak. Denboraldiari amaiera emateko aukeraketa ezin hobea, duda barik!
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez