« Askatasunaren jatorria | Politikaz »
Arnasa galduaren ondarea / Pello Otxoteko / Elkar, 2003
Hausnarraren ondarea Asier Sarasola / Gara, 2003-07-12
Irakurtzen hastera noan liburu bakoitza aspaldiko lagun bati erakusteko ohitura dut, zaletasun galdua duen hori berreskuratzeko ahaleginetan, solasean gabiltzala, besterik gabe, gai berri bat piztuz. Azken honekin, erantzunak bilatzen hasi ginen; filosofia zela poesia itxuraz, zer da poesia zehazki, gai zehatzik ba al du, beraz, poesia filosofikoa da edo buruz behera, etiketa zertarako, zergatik, filosofia bizitzaz ari dela eta poesia zer esanik ez, poesia-bizitza, bikiak direla, obulu berekoak. Arantzik gabeko sasi-eztabaida honek, orduan denbora betetzeko eta orain karaktereak xahutzeko baino ez duela balio, azkeneko lerro hauek dira froga argigarriena. Hobebeharrez noan paperera.
Izenburutik, Arnasa galduaren ondarea, hildakoak bizi izandakoa uler liteke, ingurukoen oroimenean jasotako altxorra. Arnasa galduaren ondarea hausterra bada, erretzekoarena uler liteke, birika bete hautsontzi bat. Bizitzan egindako aukeraketetan, iratzarri gabe utzi ditugun loak, ametsak, uler litezke. Arnasa galduaren ondarea, finean bizitza bera uler liteke.
Hitzaurrean eta azken orrian adiskideen laguntza izan du Otxotekok. Eranskin kantatua luzatu amaieran, ispilu aurrean idazlea bera liburua eskuetan duela ageriz. Horrela, bizitza edota heriotzaren, ikuspegiaren arabera, aurkibideari errepasoa eman dio. Mamian, gaiak, kezkak, zenbakaitzak, zenbat aldiz abestuak hainbat poetek, zenbat aldiz hausnartuak filosofoek. Denbora, maitasuna, heriotza, bakardadea. Giza-hutsunearen osagaiak-edo, liburuaren azaletik Oteizaren apostoluek iradokitzen duten bezala. Liburuaren orritan Oteizak aztarnak utzi izan balitu bezala. Eskuartetik begietara, ordea, idazle, hitz, metafora, izen ezagun gehiagok agurtuko gaituzte. Erreferentziaz josia baitator egilearen jarioa. Horiekin guztiekin osatzen du bere egia. Egia bai, “errealitatetik” kanpo paratzen duelako bere burua, ideien dorrearen puntan, eta handik begira dirauelako. Begira, eta gogoetan, orojakile antzean.
Gogoeta-gai; gaur egunean gizakia hutsunea deritzon bizitza betetzen, nola saiatzen den. Eta min dario ariketak irundarrari, bere burua taldean sartuta ikustean, eta hala, salaketa galderak eta erantzun kritikoak jalgi ditu. Zauriak eta zornea. Etsipenaren mezua zabaltzen, heriotza itxaropen bakarra lez. Patu petrala hilezkor nahi lukeenarentzat. Eta erritmoa dario minari, hotsen eta hitzen kate eta jokoak, euskaraz gain erdarak ere nahastuz. Egituren errepikapenak oles-itxuratuz poetaren jarduna, batzuetan hiztegi zuzeneko, besteetan zuzenean hiztegira, irudi ederrik eta arestiko guztiak; orokorrean gogoetaren urruna eta hatza leuntzeko. Gorabeheratsu egiten den ibilbidean irakurle honen aburuz. Badira hausturak aipatu ibilbidean, orrietan zehar zabaldutako ildotik nabarmen aldentzen diren poemak, jolas modura ulertuak, inguruan hainbatetan molde erlijiozkoak irakurrita bereziki. Kontraesankor iruditutako bihurguneak, izan ere, ba ote dago egibakar eta iraunkorrik? Ba ote dugu bizitza luze nahiz berehalakoan inola ere ukatuko ez dugun egiarik?
Gorabeheratsu eta kontraesankor bizitza bat definitzerakoan ohiko izenlagunak dira. Bizitza, Arnasa galduaren ondarea uler liteke.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi