kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Beldurra bera zaldi / Bixente Serrano Izko / Pamiela, 2002

Txepelon hankatasunaz Markos Zapiain / Berria, 2003-07-12

Deusek ezin duenez askatasuna itxi eta amata, hain gutxi liburu batek, artikulu eta aforismo sorta egituraz aske bat eman digu Bixente Serranok, gizaki librea gainerako gizaki libreekin bildu beharko lukeen sarearen ispilu: atalak banaka irakur daitezke, baina aldi berean elkarri oihartzun egiten diote, giza askatasunari ez baitzaio bakardade lehorra komeni. Liburuxka hau arras da urduria, eztabaidagarria, bizia; etengabe iradokitzen dizkigu bide berriak. Eta ez dakar, zorionez, libertatearen ohiko laudorio poetiko sutsua.

Bixente Serranok ederki ezagutzen du Mendebaldean askatasunaz idatzi dena; puntuz puntu ezatabaidatzen ditu guri sakonkien dagozkigun jarrerak: Nietzsche, Sartre, Popper, Fromm, Arendt eta Azurmendirenak, besteak beste. Hala ere, liburu honek gutxi du bilduma eruditutik edo jolas intelektualetik. Serranok gorputzean sentitzen du libertatea: zehazki, beldurra du jareigile nagusitzat. Irakurleak kezkaturik galdetzen dio bere buruari pentsalari nafarra askatasuna eta ikara elkartzera eraman duen esperientziaz.

Harira: Serranok nahimenean kokatzen du askatasuna, ez arrazoian edo adimenean. Ordea, arrazoia munduan irrazionalki agertu zen bezala, nahimena ere nahi gabe zen sortu, naturaren indarra eta beharra baitu sustrai. Hain zuzen, giza nahiaren aurreneko ihesak naturaren bortxatikoak izan ziren. Serranoren ustez, ez du zentzu handirik egungo ekologismo batek proposatzen duen naturara itzulerak libertate galduaren bila. Historian baitabiltza askatasun nolanahi ere ez guztiz asebetegarriak. Historian zehar lorturiko hainbat esparru libreren lantzea, lehenagoko egoera beldurgarrietatik hanka egite gisa interpretatzen du Serranok: esklabotasunaren debekua, sufragio unibertsala, autodeterminazio eskubidea, hizkuntza txikituen aldeko diskriminazio positiboa. Haatik, askatasun-nahia gaur egun gehiago dabil gizarte uztarrietatik ihesi, desobedientzia zibilean, naturakoetatik baino.

Naturatik zein gizartetik jaregin, dena den, libertatea maizegi lotzen diogu garaipenari eta handitasunari: desira egoistak menperatzeari, esate baterako, arimak patuarekin, Jainkoarekin, arrazoiarekin, komunitatearen aginduarekin edo kausa zuzenarekin bat egin dezan; bestela, erlijioaren edo gizartearen katea hausteari, gurari naturalei bide ematearren. Izan ere, Mendebaldean, ekimenik eraginkorrenak soldaduen, heroien eta santuen eskutik etorri dira oroz lehen, eta hauek, gizartea militarki eta hierarkikoki egituratu ostean, beren ezaugarri psikologikoak eredutzat har daitezen erdietsi dute. Halatan, gatazkaz eta gailentzeaz dugu libertatearen sentimendua hornitu.

Serrano ez da fio. Sumatzen du askatasuna aldarrikatzeko molde hau ez dagokigula gizaki gehienoi, baizik zenbait gizakik beren buruaz eman nahi duen itxurari. Haboro baitu gizakiak koldarretik heroitik baino. Egokiagoa baita hanka egiteko erasorako baino. Gizarte eta arima militarrei zaie onuragarri heroiaren gorazarrea. Heroiaren eredugarritasuna sustatzeak herio du bizkortzen.

Horrenbestez, Serranok bahiturik izan duten zeru sublimetik jaregin du askatasuna, eta gizaki txepeloi itzuli digu. Beldurra lako gorputzeko sentsazio bat etxekoago, eta, beraz, demokratikoagoa baita gizandien bikaintasuna baino. Askatasun-nahia bera da garrantzitsuena Serranorentzat, hau da, bidea, ez horrenbeste helburu zehatzak. Bidean dabilena baita libre eta zuzen, alegia, bidezko. Aldiz, heroiak sarritan bidegabeak izaten dira, hots, ibili askeari bidea ebasten diote, itxiturazko utopiak eraikiz, jarioak eragotziz. Bestalde, erabateko libertatea, izatekotan, ezin denez heriotza baino izan, bizirik gauden heinean tai gabe ditugu hanka egiteko aukera berriak, are bidea ebakiko ligukeen Egia, Justizia edo Zorionen bat nahi izatekoa ere, libertatea ukatzeko ere libro baikara.

Askatasuna bezalako gai klasiko bati Bixente Serranok ezusteko alde batetik heldu dio, eta era berri batez margotu digu: askatasunaz inor ez da sekula Bixente Serrano bezala mintzatu.

Jarraituko ahal dute euskal saiogileek Beldurra bera zaldi honen tankerako ale libreak argitaratzen!

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak