« Tren literatura | Maitasun-lokarriak edo ama gaiztoak »
Nola gorde errautsa kolkoan / Miren Agur Meabe / Susa, 2020
Urnak Igor Estankona / Deia, 2021-01-30
Miren Agur Meabek ez daki gezurra esaten. Igartzen zaio ez dakiela zer egin errautsekin, non gorde hainbeste lehenaldi, hainbeste etorkizun. Miren Agur Meabek ez daki disimulatzen, eta denak emanda idatzitako poesia hori da hain zuzen atsegin duguna, batzuetan pausatua, beste batzuetan arean irreflexiboa: “Udalehenean hesolak zeharkatzen genituen mundu berrietan barrentzeko. Bazen mahastia, bazen baseliza, bazen kobazulo bat, itsasargia, zerratokia, iturriak. Oraindik badira sasiak hormetan, baina masusten gozo-poza ez da ordukoa”.
Miren Agur Meabek Nola gorde errautsa kolkoan hau hasi du hasten diren bezala memoriaren koadernoak. Album bat du lehen atala, bertan ezarri dituelarik introspekzioaren oinarriak. Eta liburua apurka-apurka zabaldu egiten da, ahots gehiago biltzen dira bertara, denak ere Miren Agur Meabe desberdinenak —alaba, idazlea, sumendia, leuntasuna, biolentzia—.
Bisitak dauzka, ametsetan: “Baina zirimiria begitandu zait, petalo zuriak./ Galdetu dizut, Zeu zara, ezta?”.
Eta ahots horiek guztiak dira bereak, eta bere ahotsa da horien nahastea. Nola gorde errautsa kolkoan antologia baten gisakoa da, emakume batek orain arte idatzi duen guztiaren laburpena. Liburu-sutegi honetan urtzen dira diskurtso feminista eta etsipengarria. Ahots uniformerik ez dauka, eta horregatik da hain interesgarria, horregatik hartzen zaitu hain estu: “Oreka lehian dago zure izate aldakorrarekin/ Orekak musa intsumisoak fikzionatzen ditu./ Orekak erronka jotzen die geure buruaz ditugun juzguei./ Oreka ez da buruaskia kaosean ordena jartzeko./ Orekak narrazio osoa laburbiltzen duen une perfektu hori iradokitzen du./ Oreka ideal faltsua da”.
Liburuaren antolamendua eta eitea, poema bakoitzaren teknika —orain narratiboa, orain lirikoa— zein orrialderik orrialde Nola gorde errautsa kolkoan honi igartzen zaion tentsio-puntua, denak dira mugen bilatze bat. Noiz utzi genion amesteari? Non dira gure ilusio existentzialak?
Miren Agur Meabek pentsamendu asko, estilo ugari, poeta bat baino gehiago metabolizatu du liburu konpleto honetan. Hemen daude bere deabru eta bere aingeru guztiak, eta bere ibilbidearen zati handi bat. Ez diot nik ikusten Kristalezko begi bat (eleberria, Susa, 2013) eta Hezurren erretura lanekin (narratiba, Susa, 2019) lotura hain begibistakorik, nahiz eta idazleak berak “triptiko” baten zati legez aurkeztu dituen bi horiek eta oraingo hau. Uste dut, kontrara, poesia egiten duenean Miren Agur Meabek lebitatu egiten duela, eta narratibarekin lortzen ez duen etorri bat lortzen duela, hitz egiten ari balitzaigu bezala egiten baitu poesia. Badauka liburu honek, horrenbestez, freskotasun bat berezkoa, ez datorkiona berdetasunetik, ezpada heldutasunetik. Txirikordatutako poemak dira orrialde hauetakoak: lehenak badauka azkenaren antza, berdinak izan ez arren. Era horretan omegatik alfara doala dirudien bizitzaren errekan behera eroango zaitu Miren Agur Meabek, haurtzarotik azken zaurietaraino. Geruzak eta geruzak dauzkan poesia-klase bat da hau, edertasunaren bitartez bilatzen duena mamira iristea: “Ez naiz zure alarguna;/ soilik lili arraro pozoiduna.// Ezin zaitut zitroi-urez garbitu ostiralero”.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez