kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Suak pizten direnean / Mikel Soto / Elkar, 2020

Poesiaren bidez testigantza eman Aitor Francos / Bilbao, 2020-12

Hamairu urtez Txalaparta argitaletxean editore lanetan aritu ondoren Mikel Soto (Iruña, 1978) idazle moduan aurkezten zaigu orain, poema bilduma batekin, Elkarren eskutik. 90eko Iruñako giro potilikoan kokatzen du Sotok ni poetikoa, aitortza pertsonaletan oinarrituatako kontakizunen bitartez, orduko gatazken, beldurren eta indarkeriaren inguruan. Batzuetan ahozkotik gertuko hizkera erabiltzeak gertaeren errealitatea eta sinesgarritasuna handiagotzen du baina horrek arazo bat ekar lezake, liburu honetan gutxitan gertatzen den arren: poesiak testigantzaren forma hartzea. Hortaz, irakurlea idazlearengana hurbiltzeko ahalegin zintzo horretan testuak deklarazio bakun batzuetan geratzen dira, izan ahal zuten lirikotasuna eta xarma galduz. Nolabait ere uler daiteke bizipen gogorrak eta traumatikoak oroimenean berpizteko nahian distantzia babesle bat behar zuela egileak, eta, aldi berean, egia pertsonala kontatzeko bilaketan zegoela, gertakizunak anekdota hutsetan gera ez zitezen eta dolua aurrerajarrai zedin. Esan bezala, kazetaritzatik zeozer daukate poema hauek, eta korrespondentziatik ere. Zerekin eta nortzuekin identifikatzen den, politikoki zein idealetan, argi uzten du hainbestetan (“Aro eta leku guztietako iraultzaileen artean/ bi kolore egon dira arragoan:/ iraultzaile metodiko profesionala/ eta abenturero errebeldea”). Itxuraz dokumentalaren egitura ere eramaten du poesiara, tortura aipa-tzerakoan, adibidez, Ospitalekoak poeman: “…hurrengo egunetako lana/ larruan ubeldura berrien oinatzak kartografiatzea izango da./ Hurrengo urteetako lana/ tormentatuoi zabaltzen zaigun erruaren zauria ixtea izango da”. Kontzientzia emozionala eta politikosoziala duen poesia da Suak pizten direnean lanean agertzen zaiguna, autokritikoa, arriskutsua, iraultzailea. Errealitatearen oinazea leuntzeko asmoarekin ironia ere edonon antzeman dezakegu (“Diagnosia eginda,/ hain gaizki ez gara gelditu./ Margoa eta txapa baino/ zerbait sakonagoa beharko dugu,/ fisioterapeutarekin/ hau ez zaigu pasako”) Minaren eta beldurraren azaleratze gogaikarrian jartzen du begirada, zuzenean, ezer besterik justifikatzeko inolako ahaleginik egin gabe. Hor daude, besteak beste, espetxeratua izan zeneko egunetako sentimenduak eta ezinegonak (Sarrionaindiaren eragina nabaria da, halaber Maiakovskirena, baita Gabriel Arestirena ere). Lost generation poeman ondo baino hobeto deskribatzen du nola sentitzen zen orduan:”Kuadrillakoek kartzelara idatzitakoa/ berrirakurtzen egon naiz/ eta barre eta negar artean/ belaunaldi galdu berri bat/ aurkitu dut”.

Teknika aldetik erabiltzen dituen baliabide poetikoak anitzak dira helburua lortzeko. Albisteen inte r fe re n tz iak (gazteleraz batzuetan, Partea ikusten amatxi Luisaren etxean), lagun arteko hizkeraren erabilera, edo enumerazioen ekarpena, Borgesen erara, Horditasunaren indarrak poeman bezala (“Marx eta Engels burutsu marruleroak/ Robespierre apostolu haluzinatua/ Danton jigante txortalaria/ Marti amerikar mutiaria/…”). Sotoren liburuan epigrafeak, goiburukoak, izenburuak, intertextualitatearen eremuak, nahitaezkoak dira testuen osaketarako, lotzen diren gaien koreografia iruntzeko. Adibideak adibide, Esan ez etortzeko atalean, halaxe hasiko da poema bat: “Bi letter jaso nituen/ oso denbora gutxian… ” Bernardo Atxagaren liburu baten izenburuarekin, gero, umore apur batekin bukatzeko: “eta ez ziren banku/ arropa denda/ edo hipermerkatukoak”. Beste testu batean Su Ta Gar talde musikalaren ohiartzuna atzetik igartzen da, lehenengo bertsotik: “Guda baten erdian jaio ginela/ errepikatzearen errepikatzeaz/ honek antz handiagoa dauka/ Belfast/ Soweto/ Los Angelesekin”. Broma pribatuak edo intimoak aparte, badaude omenaldiak eta eskaintzak.

Koaderno partikular eta intimo baten aurrean gaude, begirada iraganera luzatzen duen helduarena. Porrotak, zalantzak, minak bideratzeko, erromantizismorik gabe, gordintasunez agerian jartzeko, poesiaren arma hartu du Sotok. Gatibua, gezurretan oinarrituriko atxiloketak, epaiketak, gaztaroko memoria emozionalarekin bateratura datozkio, Soto zuzenik beldurraren eta biolentziaren lekukoa izan baitzen. Bozgorailu batekin bezala idazten balego bezala, poema hauek belaunaldi baten katarsirako balio dute, protesta kolektibo baten pankarta dira berarentzat. Mikel Sotok 90eko kale borroka hartu du gaitzat eta saiatu da behintzat bere historia biografikoa ondo kontatzen, zituen ilusio eta esperantzekin, etsipenak, gogoetak, sufrimenduak, gurera hurreratzen.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak