« Sargoriak jotzen gaituenean | Hadji-Murat »
Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak / Iban Zaldua / Elkar, 2018
Ezer ez da dirudiena Lutxo Egia / 111 aldizkaria, 2019-01
Yan Lianke-ren Balou mendikateko balada bukatu berri dut. Idazle txinatarraren eleberrian bizirik eta hilik dauden pertsonaiak errealitatearen plano berean mugitzen dira. Lan bikaina izateaz gain, zeharo sinesgarria da. Eta halaxe gertatzen zaigu Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak bildumako ipuinekin, non tarteka fantasia, zientzia fikzioa, errealismo magikoa, eszenatoki distopikoak, heriotza eta hilketa ustez ezinezkoak eta abar agertzen diren, den-dena sinesgarri, behar den moduan idatzita irakurlea kontakizunean murgiltzeko eta harrapaturik gelditzeko.
33 ipuinek (32 + 1, gurago baduzue) osatzen dute bilduma. Salbuespenak salbuespen, ipuin laburrak dira. Eta bere laburrean, ezin borobilagoak, idatzi aurretik ederki neurtuak hasieratik bukaeraraino. Sarri egoera errealista batetik egoera fantastiko batera irristatuko gara, eta nekez antzemango dugu nola zeharkatu dugun batetik besterako marra, baina gustura onartuko ditugu idazleak proposatutako bidaiak, bai eta haien amaierak ere, ustekabekoak gehienetan. Ipuinetan, bata bestearen atzetik, sumatu egiten dugu badatozela ustekabea eta kolpea, eta geure buruari sinestarazten diogu hau edo hori izango dela, baina gutxitan asmatuko dugu, Zalduak abilezia handia baitu ipuin originalak sortzen.
Ezin liteke esan Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin-liburuak gai nagusi bat biltzen duenik. Hamaika alde erakusten dituen poliedroa da. Badaude gaurkotasun handiko gai sozialak (Babes eskaera edo Zaborra desagerrarazteko makina ipuinak kasu, gogoangarriak euren umorean eta ironian. Edo Ispiluarena, non nartzisismoaren garaian ezinezkoa baita ispilua ez maitatzea); badaude gai politikoak stricto sensu (ETA nahiko presente dago, ipuin batzuetan bederen. Eta ez dut uste kasualitatea denik hark zabaltzea eta ixtea liburua. Bestalde, niri neuri bikaina iruditzen zait lotzea gure gatazka errealitate birtualarekin —Ibilbidea— eta zientzia fikzioarekin edo fantasiarekin —Dena, Lekukotasuna edo Pareko Tabernan, esaterako—. Azken ipuin zoragarri honek Les revenants serie frantsesa ekarri dit gogora). Eta gai guztien artean, harremanak (biko harremanak askotan), zahartzaroa eta, batez ere, heriotza nabarmentzen dira. Heriotza ipuin askotan agertzen zaigu modu batean edo bestean, noiz seriotasunez noiz umorez, baina beti zer pentsa ematen (Ihes egindakoak kasu, ipuin latza). Azken finean, liburuko aizto literario zorrotzek hartara eramaten gaituzte. Istorioekin gozatzeaz batera, idazleak proposatutako gaiez hausnartuko dugu.
Iban Zalduaren ipuin-bilduma honetan eta, oro har, haren literaturan ezer ez da dirudiena. Eta zer? Egiantza da liburuaren ezaugarri eta lorpen nagusietako bat. Eta egiantza munta handiko elementua da literaturan. Irakurlea geuretuko badugu, maiz hobe gezur sinesgarri bat egia sinesgaitz bat baino.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez