kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Errua eta maitasuna / Markos Zapiain / Elkar, 2002

“Errua eta maitasuna” edo txitxarroen harrapaketaz Txema Garcia-Viana / Ostiela!, 2003-09

Gezur borobila esango nuke Markos Zapiain sekula ez dudala ikusi esango banu. Gezurra, haren pertsonaren eta, batik bat, haren nortasunaren berri ez dudala aitortuko banizue, era horretan, liburuaren gainean egin nezakeen edozein iruzkin, inpartzialtasunik handienaz zipriztindurik dagoela sinetsarazi nahian edo. Gezurra izango litzateke, halaber, “Errua eta Maitasuna” izeneko liburuaz egingo dudan kritika, aldez aurretik, eta berarekin aurrez aurre egindako aholku eskearen ondorio zuzena ez, baina neure inspirazio etengabearen fruitu soila izan dela iradokiko banu.

Bi aldiz egon bainaiz Markosekin hizketan, bi aldiz berarekin tratuan!

Estreinako aldian, tren zahar baten barnean topo egin genuen. Ez dakit zer demontre egiten nuen nik toki hartan, ezta Markosek inorako txartelik ote zuen edo kasualitatez (neu bezala, antza) suertatu zen ni nengoen tren-departamentuan, helmuga jakinik gabeko bidaian, alegia. Nik nekien gauza bakarra zen film zahar batean bezala, nire inguruko gauzak oro zuri-beltzean zirela. Bestalde, hutsala litzateke adieraztea nola ekin genion mintzatzeari, nahita bilatutako elkarrizketa izan zen ala berez sortutakoa, haren pipak botatzen zuen kearen karietara lerratu ote zen lehen hitza ala, besterik gabe, hizketa ustez sakon batean murgildu ginen bat-batean. Kontua da, korroskada baten aitzakian izan, edo gure adimenek beren kasa fortunarazitako elkarrenganako enkontru bat izan, ondorioa argi asko dagoela: hizketan hasi ginen.

Trantze ederrean jarriko nindukezue galdetuz gero zenbatgarren geltokian luzatu zidan liburua; zeren eta horri itxurazko erantzuera bat ematekotan, hasierako erreferentziaren bat izan beharko nuke, hala nola, zenbat geltoki paseak neuzkan ordurako, edo, besterik ezean, noiztik nengoen tren hartan… Azken finean, eta bistakoa denez, gogoan ez ditudan datuak. Baina aski da zehaztugabetasunez! Jaulki dezagun behingoz tren-geltoki baten izena jendea nazkatu aitzin: Holcomb, Kansas mendebaldean. Paisaia bat: leihotik, goiztiri nagi batek zeruaren grisa gozatu egiten du, unean baino unean urdinduz. Hortaz, Markos eta biok buruz buru. Haren liburua nire aldizkaria pornoaren truke. Une batez zalantzan nago. Markosek zintzo itxura du; gainera tratuak, itxura batera, zuzena dirudi. Baina, bestalde, aldizkariko neskak arras ikusiak izanagatik ere, haienganako sentimenduek —jelosia, oroz gain— dudarazi egiten naute. Azkenean, amore ematen dut.

Liburua antsiaz atxikitzen dut. Bertan, jende famatu eta entzutetsu askoren lanak aipatzen dira. Batzuk ezagun egiten zaizkit, baten batzuk, berriz, behin ere aditu gabeak nituen; hala ere hori ez da harrigarria inondik inora ere, zeren eta ni gizon trauskil eta ezjakin samarra bainaiz. Hortaz, Choderlos de Laclos, Raymond Queneau, Ibon Uribarri, J.E Urrutia Capeau, Ludwig Wittgenstein edo Stefan Zweig-en berri izan nuen lehendabizikoz. Beste batzuk —etxekoak zein kanpokoak— ezagunak nituen, eta haietariko batzuen libururen bat irakurrita ere bai. Nahiz eta ez gogoratu non, norekin edo zein egoeratan zehazki.

Liburuan atentzio ematen didan lehen gauza: liburuen gainean Markosek egiten duen azterketa sakona. Eta sakona diot, testuari berari beste ikuspegi bat itxuratzeraino. Sekula ez dut pentsatu liburu baten kritika irakurtzean zinez goza daitekeenik; baina hau posible da, soilik, baldin eta egindako iruzkina ohiko kritika hotz, latz, hitsari gailentzen zaionean. Beti(dani)ko mugak hausten jakin beharra dago, hona Markosen errekurtso- armetariko bat ondo agerian.

Bigarren ondorioa atera nuenerako, eguzkia mendi-hegien aurka lehia gogorrean ari zen nola edo hala buztandu beharrez. Belazeak errainuen pean berdetzenago ari ziren, baina nik banekien azpian, David Linch-en filmean bezala, milaka eta milaka zomorro zeudela, dena jan, irentsi eta txikitu beharrean; ziur naiz belarria lurrean paratuz gero, beren barailen harrabotsa entzun nezakeela. Bazirudien Markos ondo pasatzen ari zela nire aldizkariarekin, ni, aldiz, esnemamitan nengoen bere liburuarekin. Baina natorren harira. Markos Zapiain filosofoa dugu, eta agerikoa denez, hori berezkoa du. Are gehiago, filosofiak bizi du Markos eta hori, noski, liburuen komentarioei ematen dien trataeran antzematen da garbiro. Hona iritsitakoan, komeniko litzateke hainbat aurreiritzi ezabatzea, erran nahi baita, filosofia ez dela gaitz bat izan behar, edo filosofoak, derrigor, jende arrunt astuna, edo filosofiak ez du zertan usteldu literatura. Ni neu, kasu, zenbait urtetan kartera-lapurra eta piromano amorratua izandakoa naiz, eta horrek ez dio, haatik, era ezkorrean bederen eragin nire idazkiei. Horrenbestez, filosofiaren grina, gutxienez, bi alderditan nabari zaio nagusiki, hots, iruzkina bera egiterakoan zein iruzkingaia (bai testua bai egilea) aukeratzerakoan. Markosek ez dio edozein libururi kritika egingo, eta nago, horretarako berak ipintzen duen baldintza nabarmenegia dela: liburuak gozarazi eta asebete egin behar du aurrenik.

Markosi galderak egiteko tenorea iritsia zen. Ea ez ote zuen pentsatzen, kasu, egileren batek (agian) ez zuela ezagutuko bere lana egindako iruzkin-ispilu sakon hartan. Zeren gerta bailiteke, testu jakin bat hain aberastua eta emendatua ateratzea non, egileak berak, ez jakitea halako sakontasunez idatzia zuenik!

Tamalez, ez nuen horretarako astirik izan.

Gu (gatibu?) geunden zuri-beltzeko tren-film zahar hartan, bat-batean, zalaparta latza hasi baitzen aldameneko departamentuan. Dena oso azkar gertatu zen, eta orain gogoan printza baten antzera irudikatzen zait gogoratu nahi dudan bakoitzean. Laburbil dezagun gertatutakoa: eztabaida gogorra, emakume eta gizon baten artekoa, emakumea bere onetik irtenda, jatorri ezezaguneko zenbait hots bortitz, ate baten danbatekoa eta jendea korrika pasilloan barna, nik liburua lurrera bota eta kanpora ateratzeko imintzioa egiten dut, neska bat nire gainera etorri, itsumustuka, aurpegiari erreparatu eta… Peggy Cummins ezagutzen dut, txikitako amodio platonikoa (nerabezaroko kanpai joalditan musa fidela) neure besoetan, lepamoztutako arkume begiez laguntza eske, Markosek eserita jarraitzen du, agidanean, primeran pasatzen ari da, film baten titulua datorkit burura di-da batean, “Deadle is the Female”, karantza txarreko morroi bat atearen alartzean, pistola bat eskuan, bezkozkoa ilunegia gauza onerako, ondoren tunela eta iluntasuna, tiro hotsa, amaierarik gabeko tunelaren ondoan argia, ni belauniko nago, Markosen liburua eskuetan, oraingoan ez neskarik, ez morroi gaiztorik, ez aldizkari pornorik ezta Markos bera ere, bakarrik nago liburua eskuetan, zorionez, dena ez dago galdurik: liburuaren azalean Peggy Cummins-en autografoa baitago. Momentuz dena bukatu da. Urrats astunez kanpora noa.

Bigarren enkontrua lehengoa baino askoz ere… nola esan nezake? Harrigarriagoa… ez! Xelebreagoa, izugarriagoa izan zen. Ez naiz ni neure bizitza pribatua kontatu zalea, are gutxiago liburu baten komentarioa egiteko, noski. Hortaz, esan dezadan, besterik gabe, yate dotore eta garesti batean nengoela adineko andereño aberats batekin. Beude azalpenak horretan!! Eguraldi ederra zegoen, eguzkiak gupidagabe zigortzen zuen mendean harrapatzen zuen edonor eta itsasoa bare eta urdin zegoen Bermeoko porturik atera ginenean. Ni alai nengoen eta poesiak errezitatzeari ekin nion andereñoak kili-kiliak egiten zizkidan bitartean. Egun betea zain genuela zalantza gutxi nik orduan.

Asmoak bat-batean erabat okertu ordea!

Dena, trinkotzen hasi zen laino mehe batekin hasi zen. Unean baino unean trinkotu eta loditu egiten zen, laino itsu bilakatzeraino. Ez dut gezurrik esango: larritu eta izutu egin nintzen. Iparrorratza jira eta buelta zebilen, eroturik bezala. Andereñoaren garrasiek eta urduritasunak egin behar ez nuena egitera bultzatu ninduten.

Ez bat eta ez bi jo eta uretara bota ninduen!!

Horra hor ni, nire herioan, plisti-plasta lainotan barna. Eta dena galdurik zegoenean zirudienean, hara non sentitu nuen esku bat paparretik tiraka. Konturatu orduko, txalupa batean nengoen. Arraunlaria, Markos; merkantzia, berriz, txitxarro freskue.

Beste behin ere Markos eta biok bekoz beko!

Hasiera batean ez genuen hitzik egin. Halabeharra, halabeharra da eta ez du merezi buelta gehiago ematea. Gero, liburua atera eta, orduan bai, horren aitzakian luze eta zabal jardun genuen. Zorakeria zatekeen eguraldiari buruz mintzatzea halako laino trinkotan noraezean gindoazela.

Eguraldiaz hitz egitea bezain gauza zozoa izango zen, orobat, galdetzea ea zergatik haren kritika guztiak aldekoak dira; beste modu batera esanda, ea zer dela eta, ez duen egurrik banatzen noizbehinka. Zeren eta galdera horri liburuko azken atalean, “fiskaltza ala arrantza” izenekoan hain zuzen ere, maisuki erantzuten baitio. Berea arrantza baita, txitxarro harrapaketa preseski; eta horretarako munduko eskubide guztia izan ez ezik, guztiz birtuosoa agertzen zaigu Markos zeregin horretan.

Giroa epelduz joan zen, eta baita, arraunkadaz arraunkada eta txitxarroz txitxarro, gure arteko hizketa gozatu, kasik konfiantzaren atakara iristeraino gozatu ere! Orduan, aitortu egin nion: “hara Markos” esan nuen, bere erreakzioa nolakoa izango ote zen beldurrez, “orokorrean gozatu ederra hartu diat hire liburuarekin; baina Virginia Woolfen liburuaren komentarioa ezin izan diat irentsi. Lehengo partea, asko ulertu gabe, irakurri egin diat; bigarrena berriz, saiatu ere ez”. Bai, horrexek gaizki sentiarazten nau: ez dakit oso maila jasoan ari den kritika egiten edo, aitzitik, neure adimena batez bestekoaren neurritik hagitz behera ote dagoen. Argiro esate aldera: tonto konpletoa ote naizen, alegia. Neure autoestimurako lagungarria ez izan arren, gogoangarria deritzot berak emandako erantzunari: “txitxarroaren harrapaketa eta prestaketa ez duk beti xamurra izaten mutiko!”.

Noizbait izan behar, eta azkenean itzuli ginen Bermeoko kaira. “Hire liburuaren aipamena txitxarro janaren trukean” nik. “Ados”, hark. Eskua emanez tratua itxi, eta kanta-kantari Bermeon sartu ginen. Liburuaren gainean gauza gehiago badaudela esateko? Horixe baietz! Hala ere gordeko ditut nire kolkoan, hirugarren enkontrua gertatu arte behinik behin.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak