kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Poesia kaiera / Forugh Farrokhzad (Miren Agur Meabe) / Susa, 2020

Haize biak batera jotzen Igor Estankona / Deia, 2020-05-30

Mendebaldeko haizeek jotzen duten lekuan, ekialdeko haizeek jotzen duten lekuan, munduaren erdigune apartatu hartakoak, Pertsiakoak, dira maite ditugun hainbat ahots. Rudaki, edo Ferdosi. “Hogeita hamar urteoten asko sufritu dut/ irango jendea berpiztu dut, persierarekin/ Hau eta gero ezin hil naiz, bizirik bainago/ hitzaren hazia zabaldu dudanez”. Konfidantza itzela erakusten dute poeta Pertsek, Irango poetek, euren hizkuntzaren baliabideekiko, euren berbakunearen lirismoak berezkoa dirudi. Omar Jayyam, edo Attar. “Utzi ikus dadila bihotzeko ebakiondoa, zauri horiei esker ezagutzen baitira maitasunerantz doazenak”.

Eta Miren Agur Meabek tradizio horretatik eta bi mila urtetan zehar Zetaren Bidetik zein portuetatik zein aireportuetatik iritsitako ahotsen antologia egin du Forugh Farrokhzad (Teheran, Iran, 1935-1967) itzulita. Beñat Sarasolak dio, aitzin solasean: “Gazterik hasi zen poesia idazten, hamahiru urterekin, eta gazterik ezkondu, hamasei urtekoa baino ez zela, eta bere aitaren borondatearen kontra —eta harengandik ihesi, biografoek diotenez—. Ordea, luze gabe dibortziatu zen, ezkondu eta bost urtera, bere lehen editore eta senarraren lagun Naser Khodayar-ekin maitemindu ondoren, besteak beste. Garai hartako lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (“Gatibu”, “Horma”, “Matxinada”, “Beste jaiotza bat”, “Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran”), eta 1962an “Etxea beltza da” film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Bizitza samin hori azkarregi joan zitzaion, hogeita hamabi urte zela hil baitzen auto istripu baten ondorioz”. Testuinguru gogorrean hazitako printzak.

Bere poesia, hala ere, ez da berdea, ez da presazkoa, sakona da lehen azaldu dugun hizkuntza persaren aztarna bezain: “Pinua bele-karranka zitalez gainezka./ Euriaren zeta lurrintsua dantzan berriz leihoetan.// Damutuko zara/ zure oinazeari kontra eginez gero./ Tristuraren lorea usaintzen ari zara,/ beste poema bat idazten hastear”.

Banaketa, erbestea, laidoa, eta horien denen erdia batzuetan lore koloretsu bat, hara Farrokhzaden poesiaren indarra nondik datorren. Testuinguru gogorrean hazitako printzak dira hauek. Patriarkatuaren estandarrak leherrarazi zituen Koronelaren alaba izan zen, eta tradizioaren formalismotik poesia intimo publiko batera egin zuen salto, egundo lehenengoz Iranen, egundo lehenengoz emakume batek ateak ireki zituen hertsirik zeudenak: “Norbait etorriko da./ Norbait etorriko da./ Beste norbait,/ hobea den norbait,/ inoren antzik ez duen norbait,/ ez duena aitaren antzik,/ ez Ansiren, ez Yahyaren, ez amaren antzik”.

Kontrakulturaren ikono bihurtu zuten mendebaldean, ekialdean ordea arnasa hartzea bezain beharrezkoa eta naturala izan zen bere idazkera. Miren Agur Meabek ez dakit zelan lortu duen, baina lortu du idazleari entzutea itzultzaileari baino gehiago. Agian erraza delako Forugh Farrokhzaden oihuak bezala entzutea laztanak eta arnas-hotsa, agian errebelde izateko milaka urteko teknikak darabiltzalako, teknika horien artean dagoelarik blasfemia behar-beharrezko bat.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak