kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Bilduma bat / Sandro Penna (Iñigo Astiz) / Farmazia Beltza, 2019

Argi-ilunak Irati Majuelo / Berria, 2020-03-15

Amodioaren poeta deitu izan zaio Sandro Penna italiarrari. Alabaina, bere poesian amodioa estuki lotuta ikus daiteke gaztetasunaren eta malenkoniaren edertasunarekin. Izan ere, begiradan aurki daiteke Pennaren poemen gakoa: ohiko egoerak aurkeztu ohi ditu, ohiz kanpoko tentsioa nabari dutenak, poetaren eta dakusanaren artean begiradak azaleratzen dituen bizitzaren istante pizgarriak. Alex Gurrutxagak hitzaurre bikainean dion moduan, Pennaren “poema bakoitza bizitzaren zentesima zoragarri bat da; su txiki bat, ahulegia arimaren euskarri izateko, baina bere baitan gordetzen duena bizitzaren indar erotiko guztia”.

Edertasuna da poeta italiarrak ororen gainetik bilatzen duena. Edertasuna antzematen du eguzki izpietan, jendetza anonimoaren aurpegietan, pixatokietako begiradetan, bizikleta albo batera utzi eta itsasoari begira dagoen mutikoan. Edertasun hori ahalik eta zuzenen adierazten du poema labur eta trinkoetan, metafora lausorik gabe, bere unibertso propioa osatzen duten hiztegi eta elementuekin. Hala, behin eta berriz errepikatzen dira argia, zelaiak, euria, ibaia, pixatokiak edo idortzea gisako kontzeptuak.

Edertasunarekin bat eginik, amodioa da —edo are sentsualitatea— Pennaren poesiaren zentroa. Gizonaren erotika lantzen du, zenbaitetan modu xalo eta inuzentean, haragiaren gosetik gertu besteetan. Sutan pizten diren zelaiekin irudikatzen du sarri desira, eta amodioarekin bezainbeste lotzen du malenkoniarekin. Interesgarria da oso nola dakarren gizonaren gorputza eta desira poesiara. Era berean, eta desira horren fokua ume eta mutikoak direla aintzat hartuta, oso lausoa da erotikaren, sexuaren eta pederastiaren arteko muga. Argi dago, tradizio homoerotiko oso baten parte dela, Thomas Mannen edota Pasoliniren ildoan, baina ezin uka daiteke gaur egungo perspektibatik begiratuta, lausotasun horrek ezinegona edota hazkura sortzen duenik. Idazlea bera kontziente da erotikatik harago esaten dituenez, eta anbiguotasun hori mahaigaineratzen du: “Ume ederrak nola edaten duen iturrian, / hala guk ere bekatu egin eta ez egin.” Susma daiteke, idazten dituen poemetan argia gailentzen den gisan, iluna izkutatzen dela adierazten ez dituenetan.

Zentzu horretan, kuriosoa izan liteke itzulpena Iñigo Astizek egin izana, elizaren pederastia kasuei buruzko liburua argitaratu ostean. Hala ere, itzultzaileak begirada sakonago bat bilatu duela igartzen da, tradizio homoerotikoari bide eman, eta alde literarioa nabarmendu duela. Itzulpen fina eta beharrezkoa proposatzen digu alde horretatik Astizek, idazle baten begiradatik gustuz osatua eta mimoz zaindua. Halakoa da baita ere argitaletxeak hartutako lana, edizioa, ilustrazioak eta hitzaurrea bikainak baitira.

Hortaz, Gurrutxagak liburuaren hitzaurre bikainean dion gisan, Pennaren poesiak dohai berezia du. Balio baitu zuk, irakurle, bizi dugun antsietatearen eta abiaduraren zurrunbiloan, une bat hartu eta emateko. “Une horregatik idazten zuen Pennak, une horregatik itzuli du Astizek, une horregatik marraztu Panek”. Gozatu ezazu.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak