kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

17 segundo / Kirmen Uribe / Susa, 2019

Iraungo duen poesia Aitor Francos / Bilbao, 2020-02

Hitzaurrean azaltzen denez, hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira, batez bestekoan, behintzat ikerketaren batek ziurtatzen duenari kasu egiten badiogu. Kirmen Uribek New Yorkeko Metropolitar Arte Museora joan zenean, bertako gidari batek esan ziola kontatzen du elkarrizketa batean. Bere ustez, gozamen estetikoak, baina batez ere, poesiak, beste gauza bat behar du, denboraren gelditzea, biziaren bizkortasunetik ateratzea eta arnastea. Premisa hori hartuta, Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) hamazazpi urtez, 2002tik 2019ra, idatzitako poemak biltzen ditu 17 segundo (Susa, 2019) honetan. Bitartean heldu eskutik argitaratu zuenetik, 2001ean, ez du beste poema libururik kaleratu (Bar puerto diskoa, musika-proiektua kontuan hartzen ez badugu). Badirudi Kirmen Uribe denbora luzean egon dela liburu hau sukaldean prestatzen, arrainak gazitu eta ketu egiten diren moduan, zaporetsu bilaka zedin, poemek beharrezko indarra har zezaten, ahalik eta hunkigarrien izateko. Uribe beste zereginetan aritu da, eleberriekin hain zuzen ere, era arrakastatsuan. Berak badaki erabiltzen hizkuntza bere alderdi lasaienean, sinpleenean, nahi duen guztia adierazteko, ez du hitz handiren beharrik. Kontalari trebea dela erakutsi digu, bai istorioak asmatzerakoan, bai bizi izandakoa irudikatzerako orduan. Ederki jasotzen ditu Uribek mementoak. Edozein gertaera, sentimendu, unibertsala bihurtzen du, edonori balioko diona, edonork bereganatu dezakeena. Liburua irakurtzen duenak bidaia egingo du, etxe batetik bestera, herri urrunetara, New Yorkera, Japoniara, Uriberekin batera, haren parean. Laudatzekoa da poeta bezala duen gaitasuna benetakotasuna eta sentipen arruntak, guztionak, erraz eta zuzenki transmititzeko. Poesia eta hutsunea atalean poetikatzat har daitekeen testuan dio Uribek: “…poesiak ez du errealitatearekin antzekotasunik bilatzen, bestelako errealitateak sortzea da haren helburua, begi bistan ez dagoen hori azaleratzea”. Mark Strand poeta estatubatuarra aipatzen du bertan eta egia esanda, nahiko nabaria da honen eragina Uriberenean. Liburuan badaude jolasak, esaterako, Mendebaldar (Bruce Nauman ikusi eta gero) poeman, edo Whatsapp delakoan. Japoniarekiko loturak ere erraz asma ditzazkegu, Bidai tantak kapituluan, adibidez, Gajumaru edo Geltokiko margoa poeman (“Zuhaitz adarrak/ sustraiekin lotuta./ Gajumaru da./ Mugi dela dirudi,/ oinez daki arbolak”) edo Espetxeko haikuetan: “(Horman etzanda,/musuan eguzkia./ Bake unea”. Eta New Yorkekoak, Uriberen bizilekua gaur egun. Egitura aldetik ondo desberdintzen dira testuak, esan bezala, badaude prosaz idatzitako poemak, bertso librekoak, beste zenbaiten artean. Gehienak anekdota erreal batean oinarritutakoak, beste batzuk asmatutakoak, baina esperientziaren eredu direnak. Bestetik, badira abestien erritmoa dutenak ere (Trostki niretzat zen). Idazlearen autobiografiara itzultzen gara askotan (Ume mutua-n, Emakumeak fabriketatik bueltan, edo Izeko kontalarian, besteak beste) edo jende anonimoaren biografietara, Madison parkeko emakumea, bertan deskribapen aseptikoen bitartez soziologia egiten du Uribek: “Jolasean dabiltza haurrak Madison parkean,/ pailazoak, txotxongiloak, kolorea./ Gurasoek amets egiten dute haurren etorkizunarekin,/ dena da posible, iritsiko zara urrunera. (…)”. Poetak antropologoaren lana egin behar du askotan, sinboloak aztertu, paisaiak gain-begiratu, hitz bakoitzak izan ahal duen esanahian sakonduz, muturreko hausnarketetaraino. Poesiaren funtsa denboraren geldiketa delako Uriberentzat, begiradaren arreta infinitura eramatea. Kontakizunak, tradizioak, esaerak, badaude 17 segundotan. Bizipenak eta gogoetak, edonon. Ume mutua poeman, ezin dezake hobeto esan zer den berarentzat poesia, idaztea: “Kosta egiten zait mundua ulertzea,/ ez da oraingoa./ Kosta hitz egokia bilatzea./ Beharbada horregatik naiz idazlea,/ eleak hautatzen nabilelako/ egunez egun, ele galduak”. Poesia maite duen edonork irakurri beharko luke liburu hau, lasai eta apurka, kontserba-lata onenen modura, luzaroan fresko iraungo duela ziurtatu dezaket. Beharbada irakurleari ere hala irudituko zaio liburuan sartu ahala.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak