kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Hik ez dakik zer den beldurra / Karlos Linazasoro / Erein, 2019

Beldurren eremuan Aitor Francos / Bilbao, 2020-02

Harrigarria iruditzen zait Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) maskaratzeko duen ahalmena. Behin eta berriro aurkitzen dugu, liburuz liburu, nola edo hala, itxuraldaketa batean, genero batetik bestera, eta guztietatik, behintzat emaitza literarioei dagokienez, arrakastatsu ateratzen da. Irakurleak falta zaizkiola pentsatu dut maiz, dituenak gutxiegi direla, kalitatezko, goi-mailako literatura dela berea, harrera oparoagoa izan beharko lukeela. Umorea eta ironia izan baditu hizpide nagusitzat Linazasorok Trilogia hiperlaburra (2016) edo Versus (2013) liburuak idazterakoan, azken urteotan norabidea, gidaritza, erabat okertu du, errealismorantz nagusiki, eta Hik ez dakik zer den beldurra hau (Erein, 2019) horren eredu ezin hobea da. Bizitzarekiko kezkak eta ardurak, buruhausteak, berdinak izanda, beste era batera adieraztea erabaki balu bezala. Zentzugabetasuna eta surrealismoa alde batera utzi, eta errealismoaren ezaugarriak bereganatu ditu, bai iraganari begiratzeko orduan zein egunerokotasunak krudeltasun gordinenean azaltzeko mementoetan. Hemen ardatza, gaia, gaizkia da, maiuskulaz, guztiok gure barnean izan dezakegun munstroaren inguruko hausnarketa. Leku isolatuak, bizitza itogarriak, zapaldurak eta maltzurkeriak, patu beltza, obsesioak, familia gatazkak. Deskribapenak, huskeriak baztertu nahi izan ditu Linazasorok, garrantzitsuena, mezua, azpimarratzeko asmoarekin, gizakiak gaizkia egitera zerk bultzatzen duen pentsaraztera eramaten gaituen artean, muturreko egoeretan pertsonaien erantzuna nolakoa den edo nolakoa izan daitekeen erakutsiz. Liburu bortitza, formalki ausarta; testuak laburrak, erretorika eta batere apaingarririk gabekoak, erabat biluzik datozkigunak, premiazkoa ez den guztia kanpoan geratu da. Puntuazio marken eza ere nabarmentzekoa da, estiloa indartzen duelako. Narrazioen garapena susmo batean geratzen da, gidoi batean; batzuetan ia ipuinaren amaieraraino ez dakizu non hasten diren arazoak, nor den pertsonaia edo narratzailea, zertaz hitz egiten ari den edo zergatik. Edonola ere, zaila egiten zaio Linazasorori ohikoa duen atmosfera eta nortasun poetikotik aldentzea, narrazio huts batera esekitzea. Liburuan ageri diren hamazortzi ipuinekin batera, sarrera edo hitzaurre gisara, poema batzuk daude, Linazasorok berak euskaratu dituenak. Ezra Pound, Wallace Stevens, Ted Hughes, Raymond Carver edo Yosa Buson, batzuk aipatzearren, haien artean gustukoen ditudanak. Autoreak dioenez, batzuetan poematik sortu da ipuina, eta beste batzuetan idatzitakoari gehitu dio bere ustez hobe egokitzen zitzaiona. Beldur mota asko badaude ere, eremu psikologikoan mugitzen direnak gailentzen dira Hik ez dakik zer den beldurra-n. Pertsonaia askoren jarrera eta pentsaera beldurraren menpean (neurozirujau bat, polizia torturatzaile bat… baina gehienbat jende arrunta, egoera gehienak ez dira hain bestelakoak, baina zailak zaizkien baldintzetan, kondizio deserosoen aurrean, bortizkeriaz edo ustekabeko erreakzio desegokiekin erantzuten dutenak. Pertsonaia batzuk beldurrarekin batera bizitzera egin direla ikusten dugu, damua ere sentitu arren, amesgaiztoekin bezala. Galdera liteke inoiz kaltea jasateko gauden prestatuta, inoiz horretara ohitu ahal gaitezen. Linazasororen literatura gogortzen ari da.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak