« Hik ez dakik zer den beldurra | Kabareta »
Etxeak eta hilobiak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2019
Agur Obaba, agur Ugarte! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2020-01-10
[Prologoa:] Bernardo Atxagaren azken nobela da, idazleak horrela adierazia. Atxagaren obran funtsezkoa da Obaba herriaren inguruan girotu eta eraiki literatura. Etxeak eta hilobiak irakurtzean, ezin izan dut Obaba aldenarazi nire imajinaziotik.
Obabako etxetiarren —etxeetan eta hilobietan— istorioen baitan utopia dago, eta Atxaga idazlearen utopiak Etiopia poesia liburuan du iturburu: “Gure etxea utzirik, nora joan? Atzeko basoaren babesean hain klaru kantatzen duen xori ezezaguna nork kausituko? Hi hintzena, bi arraia zaharren gurutzaketa, galdu da, galdu haiz, hautsi da anphora eta mila ispilutan multiplikatua ez haiz azken irudi ezabatua baino. Ez dago beste ziutaterik, eta hementxe xahutuko dugu gure mundualdia txorakeriak eginez. Obabatxue, Obabatxue, Obabatxue…”
Sei atalak osatzen dute Etxeak eta hilobiak nobela delakoa. Frantzia, Espainia edota AEBetako hainbat lurraldetan girotutako istorioak biltzen ditu, baita Ugarte herrixkako bizitza bildu ere. Hots, Euskal Herrian. Elias eta Ugarte daude liburuaren lehen esaldian. Elias dago ere azken atalean. 1972an abian dira eta 2017an amaitzen pertsonaia andanaren —pertsonaia atxagatiarrak— bizialdiak. Mende erdia iragan da aldi batetik bestera.
I. atala (1972): Il était un petit navire… (Bazen barku txiki bat…). “Eliasek hamalau urte zituen (…) Ugarte herrira iritsi zenean”. Eliasi Frantzian etorri zitzaion mututasuna. Istorioa Paue (Okzitania, Bearno) inguruan girotuta dago. Euskal Herria bada nor errelatoan, baina euskaldunak ez du izaterik. Izan ere, non ote Ugarte herrixka? Ugarte —toponimiari kasu egitera— ur arteko lurraldea da. Euskal Herria artxipelagoz osatutako izate fantasma da. Obaba zen hura, “gure etxea”, mila zatitan —mila artxipelagotan— sakabanatu zen. Anartean, arima galdurik izaki, izate sendo gabea da. Tokiko txorien mintzoa sendoa da, bertako etxetiarra, berriz, mututzen doan izakia. Alta bada, Bazen barku txiki bat… narrazioko munduaren —eta istorioaren— iruditeria sendoa da. Artean, euskaldunaren iruditeria kolektiboak badauka izatea. Orain dela 50 urteko euskaldungoak Obaba du euskarri; Ugarte, kasuon. Paisaiak eta usainak. Txoriak, basurdeak, zakurrak, Luis eta Martin anaia bikien arteko harremana (Obabako bi anai-ak gogoan). Traizioa. Fideltasuna. Euskal Herria —Obaba edota Ugarte— sinesmenen abaroan bizi da, euskaldunen gogo kolektiboa sendoa da.
II. atala (1970): Lau lagun. “Eliseo gauez iritsi zen Santa Maria herrira…”. Espainia —haren hainbat ezaugarri, hots— ondo baino hobeto ageri da istorioan. Non eta Madrilgo El Pardon dabil Eliseo. Mika txoria da istorioaren hariaren eramailea, istorioaren eragilea. Paca izena du mikak, Paca izena du ere pertsonaia batek. Eliseo eta Donato —bikote laguna, lagun bikiak?— Caloco eta Celso dira protagonistak. Valdesalce Espainian nola, halaxe Ugarte Euskal Herriko iruditerian. Ugarteko basoan jaiotakoek baina, “El Pardoko basoan” zaildu eta formatu behar dute nahitaez. Animaliek —txoriek nola txakurrek— munta handia dute kontakizunean, pertsonek ere ezinbestez. Frankismoa usaintzen da: Franco jeneral ehiztaria eta haren heredero Juan Carlos printzearen tekua. Garaia ederto deskribatzen duen erretratua. Luzetsi da, agian, narratzailea.
III. Atala (1985-1986): Antoine. Narrazio honetako protagonistak Euskal Herrian du bizitoki, Baionan. Hiriko karriken deskribapena xehe-xehea da. Komunismoaren erorketaren urteak dira. Antoine Paris eta Baiona artean mugitzen da, Landesetako Dax hirian ere ibili —ez Akizen— ohi da. Bertako da txikitako Pierre Irissou laguna. Lagunak ditu ere Louise eta Troy txakurrak. Eliseo, Luis eta Martin bikiak istorioaren partaideak dira. Ugarte herrixkan plegatuta. Obabako ekonomiaren ezaugarri meategia bazen, halaxe da ere Ugartekoa. Joan badoan —joan zitzaigun— lan mundua. TGV (Abiadura Handiko Trena) delakoa martxan dabil engoitik.
Psikoanalisiaren beharra du Antoinek. Sigmund Freuden ildoan artatua da, Nadia psikologoa du sendagile. A63 autopistan gaindi dabil protagonista, goiti eta beheiti. Lemoizko Zentral Nuklearraren afera eta Goma2 dira, besteak beste, gainbehera datorren mundu horren adierazleak. Ugarteko meatzean ari direnak, ez dira etakideak. Maoistak dira. Nola nahi den ere. bai batzuenak zein besteenak —komunismorenak zein ETArenak— egin du harrezkero. Utopiaren ildoan ene ikaspena: “Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?”. “Ez dago beste ziutaterik, eta hementxe xahutuko dugu gure mundualdia txorakeriak eginez”. Nazio nahiz klase batekoen askatasuna gauzatu ezinezko baten aldia islatzen du atalak, bi urteren joan-jinean.
IV. atala (2012): Luisen istripua. 25 urte joan dira aurreneko istoriotik, nobela txirikordatzen duten istorioen aldiak zeharo aldatu dira. Laugarren atal hau bitxia da, bitxia denez. Ameriketako Estatu Batuak aspaldi txertatu ziren gure iruditerian: Muhammad Ali eta Foreman, Usain Bolt eta Yoan Blake korrikalariak (bitasuna beti presente Atxagaren iruditerian, hirutasuna ere zenbaitetan—, Coca Cola eta Michael Jackson (Pepsi Cola-ren sustatzailea). Sergio Leone zine zuzendariaren Amerikaren iruditeria berebiziko da istorioa endelegatzeko: Ona, Gaiztoa eta Itsusia pertsonaiak baina, Ugarten El Bueno, El Malo eta El Feo dira. Aktore nagusien izenak ere gogoan ditugu zinema zaleok. Ugarteko ametsak amerikarrak dira orduz gero. Ondorioa: Ugarte hor dago nonbait, baina bere espiritua eta izatea ahitzen doaz, ahitu dira.
Atxaga narratzailea aparta da. Haatik, aldian aldi, Obaba eta Ugarte ahitzen doazen heinean, badoa ere ahitzen mundu hura elikatzen zuen iruditeriaren xarma: “Francis Picabiak munduko boxeo txapelketa Bartzelonan jokatu zuenerako, gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian”.
V. atala (aldi edo urte gabea): Daisy telebistan. Istorioa laburra da, aurreko —amerikar munduko— istorioaren patetismoa osatzera dator. Entretenimenduak (entertainment) eta dibertsioak karakterizatzen ditu —mendebalde kapitalista liberaleko— mundutarrok. Aisialdia-k ezaugarritzen ditu, eta paradoxikoki, libre deitutako denborak —denbora libreak edota aisialdiak— esklabo inozo bihurtu ditu pertsonaiak —pertsonak gero eta pertsonaia-goak gara—. Esklaboak, eta gainera ergelak! Elikadura eta itxura hitzek errimatzeaz gain, pertsonaia horien ezaugarrien/izatearen sendo eta errime dira. Ugarte gure iruditerian leku ezdeusa baino ez da. Gure ethos ahitu zen, baita Obaba edo Ugarte ahitu ere. Telebista da —aro berri bateko estreinako gailua baino ez da— aldi berriko gure nortasunaren e(ra)gilea. Pentsamendu, adimena eta sena ez dira logos berriaren adierazleak. Aro berriko phatos berriak inor gutxi limurtzen du jada, ez inoren gogoa ernatzen ere. Pertsonon arima, poza eta tristezia, pasioa eta pairamena paradisuan galdu ziren. Obaban, naski. Ugarten, kasurako.
VI. atala. (2017): Orkideak. Ugarte munduan dago. Ospitaleak dauden legez. Garazi gaixoa da protagonista. Haren aita eta ama, Ana eta Martin, Luis osaba bikia tarteko direlarik. Engoitik ez dago bitasunik. AEBetako Houston hiria Ugarten dago. Ospitaletako grebalariek ez dute bihotzik. “Zerbitzu minimoek” eusten diote munduaren gainbeherari. Zer behar duzu? Bada, interneten baduzu behar horri nola aurre egin. Ugartek 1.500 biztanle ditu. Ugartetik hurbilen dagoen hiriak 300.000. Europako eta AEBetako hiriburu handiek 1.000.000 eta 1.000.000ak. Denak daude hurbil. Espazioa eta denbora zartatu dira milaka zatitan. Elkarrekiko indiferentzia ordenagailuan loratzen da. Orkidea kosmopolitak munduaren dekoraziotarako usain gabeko landareak dira. Eta narratzailea —Bernardo Atxaga idazlea— bikaina izanagatik, munduko bizilagunon tempoa aldatuz nola, halaxe aldatzen doaz gure arteko harremanak, baita halaxe aldatu ere narratzailearen iruditeria.
Etxeak eta hilobiak nobela ote den, hainbat aldietako istorioen harilkatze-biltzea ote den? Zein genero ote? Bego. Atxagak duen kontatzeko moldea xarmagarria da, baina mundu zaharra kontatzeko balio zituzten molde berriak mundu berria kontatzeko demodé geratu ote diren nago.
[Epilogoa]: Nork literaturari buruzko bere ikuspegiak ditu, baita aburuak izan ere. Baliteke nireek, ez muntarik ez lekurik merezi izatea. Nire adeitasunetik, nire miresmena Bernardo Atxaga literaturgileari. Haren emankortasunaren aurrean txiki sentitzen naiz, eta liburu erraldoi eta duin honi buruzko hitz hauek paratzean uzkur. Bere obra itzela da, berezko lekua dauka euskal literaturan, ezinbestekoa Euskal Herria ulertzeko.
Tankera honetako azken liburua omen da honako hau. Erabaki egokia begitandu zait. Beraz, ene ikuspegi agian lauso eta murritzetik, hona nire diosala: agur Obaba, agur Ugarte!
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro