kritiken hemeroteka

8.683 kritika

« | »

Bihotza nora, zu hara / Susanna Tamaro (Fernando Rey) / Igela, 2019

Bihotza gogoan Joannes Jauregi / Berria, 2019-09-15

Susanna Tamarok italieraz argitaratu eta 25 urtera datorkigu euskaraz Bihotza nora, zu hara eleberria. Ez dirudi oso epe luzea, baina, mende laurden horrek milurtekoaren gontzak ere birarazi baititu, nago nobela oso desberdin irakurtzen dela XXI. mendearen ertz honetatik. Ez aurreko gizaldiko erreferentziengatik edo girotzeagatik, ez baitira oso ugariak, ezpada nobelan aletzen diren hiru emakume-belaunaldien (amona, ama, biloba) kateagatik. Izan ere, oso aurreko mendekoa da osatzen duten segida: amona, bere gaztaro mugatua eta ondorengoak ulertzeko duen ezina; ama, 68ko iraultzaren inguruko askatasun-boladan loratua eta gainbeheratua; biloba, 90eko hamarkadako gaztea, familia-istorioaren zamarekin atzerriratua.

Biloba diot, eta ez alaba, nobela honen funtsa amonaren eta bilobaren arteko harremana da eta. Argumentuak aski premisa sinplea du: atzerrian da amonak hazi eta hezitako biloba, eta amonak, bere heriotzaren hurbila ikusirik, bidaliko ez dituen eskutitz batzuk idazten dizkio, zahartzaroko gogoeta eta oroitzapenak arintzeko eta, nahi gabe bezala, familia-sekretu lazgarri bat aitortzeko. Ama, amona-biloben arteko emakumea, sekretu horren giltza da, eta itzal gisa baino ez zaigu agertzen, ezari-ezarian, amonaren hustuketa emozionalean.

Bakarrizketa epistolar horretan, amonaren beraren sentimenduak eta gogoetak dira nagusi, eta, ondorioz, eleberri osoari lirismo tinko bat dario, bere xumean izugarri poetikoa baina errazkeriara ere labaintzen dena tarteka —edo sarriegi, nork begiratzen dion—; izenburua bera dugu, adibidez, horren lekuko. Halakoetan, nobelak gehitxo hanpatzen ditu sentimenduak, eta nabarmen trakesten kontaerak berez bertute duen soiltasuna. Nolanahi den, ez nuke esango zati horiek, gustuak gustu, nobela kaskartzeko modukoak direnik.

Estiloari dagokionez, nobela apaingarririk gabeko molde soil eta sinple batean dago kontatua, hizkera lauz eta goranahirik gabe; adjektibo horiek orobat erabil litezke amonaren beraren izaera xumea deskribatzeko. Hain da horrela, non bai baitirudi amonaren bakarrizketak, ia oharkabean bezala, nobelaren idazmoldea bera deskribatzen digula inoiz: “Alde egin baino lehen, eskutitz bat utzi zenidan […] ezinegonaz aparte, ez dut tutik ere ulertu gutun horretatik. Izugarri bihurri eta nahasia zen dena, iluna […] Ni pertsona sinplea naiz, desberdinak dira zure garaia eta nire garaia: gauza bat zuria bada, zuria dela esaten dut; beltza bada, beltza”.

Amonaren oroitzapenak bere eguneroko bizitzarekin uztartuta daude; lorategirako osteratxo batek edo Buck txakur alaiak oroimen bizia kitzikatzen diote, eta, hala, kontatzen duen iragana, kontakizun zorrozki errealista bat bainoago, ebokazio emozional bat da, ordena kronologikorik gabea eta oroiminak taxutua, non iraganaren zama orainaldiko gainbeheraren araberakoa den, batez ere azkena gero eta hurbilago duen honetan:

“Ez dakit bizitzaren azken egunetan denei gertatzen ote zaien bat-bateko sentsazio hau: gehiegi bizi izanarena, gehiegi ikusi izanarena, gehiegi sentitu izanarena”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak