« Naturaleza erdigunean | Bihotza gogoan »
Atzerrian / Nerea Balda / Pamiela, 2019
Distantziak eta hitzak Ibon Egaña / Deia, 2019-09-14
Getxoko Kultur Etxeak estreinakoz antolatutako Ramiro Pinilla nobela laburren lehiaketa irabazita iritsi da plazara Atzerrian, eta harekin batera idazle berri bat, Nerea Balda irurtzundarra. Euskal literaturan eta kulturan sarri hartu da atzerria (eta erbestea, eta deserria) gai literario gisa, batzuetan haren esangura politikoan, bestetan kokagune gisa, eta gehienetan sinbolismoz betetako espazio gisa. Baldaren eleberriaren izenburuak ez dio gezurrik barruan dakarren narrazioaren edukiaz: atzerrian, Londresen, bizi den neska euskaldun gaztea, lanbidez itzultzaile-interpretea du protagonista, erakunde inportante batean lanpostua lortu berri duena.
Atzerria ez da kokaleku soila hemen, baina ez espazio geografikoak nobelan protagonismoa hartzen duelako (demagun, Irati Elorrietaren Neguko argiak ederrean Berlinek hartzen zuen bezala), ezpada atzerria batez ere pertsonaia nagusiaren barne-egoeraren metafora bat delako, liburu osoa zeharkatzen duena, hainbat esanahi hartuz: askatasunaren eta ezezagunaren bilaketarena hasieran, bakardade, isolamendu eta distantziarena ondoren, baita noraezarena ere. Kontakizun labur hau, izan ere, gertaeren segidan eta intriga narratiboaren gainean baino, zenbait ideia eta kezkaren gainean dago eraikia, eta hala pertsonaiak eta ekintzak zenbaitetan ideia horien narratibizatzea dira. Esango nuke horrek berak kalte egiten diola batzuetan nobelari, eta arnasa kentzen diola kontakizunari, esplizitatu egiten baitu, izenburutik beretik hasita.
Atzerriaren kontzeptuarekin batera, hizkuntzaren eta literaturaren inguruko kezka da liburuaren bigarren habe nagusi bat. Hitzekin, hizkuntzak mundua izendatzeko duen gaitasunarekin xarmatuta dago protagonista, horrek eraman du itzulpen ikasketak egitera, baina behin postu finkoa lortuta, halako hustasun batek hartu du, eta horrek eraman du bat-batean Sarah Bloom fikziozko idazlearekin obsesionatzera, haren urratsak jarraitzera, testuak itzultzetik nolabait testuen egile bihurtzera. Harreman obsesibo horren bidez, eta bigarren mailako beste pertsonaia eta gertakari batzuk tarteko, nobelaratzen ditu Baldak idazketari buruzko hainbat gogoeta interesgarri: plagioaz eta originaltasunaz, egiletasunaz, itzultzearen eta birsortzearen arteko mugez, besteren artean. Aldika sinesgarritasunak herren egin didan arren, interesatu zaizkit pasadizo eta hari narratibo horiek, eta, lehen nobela idatzi duen egileaz ari garela aintzat hartuta, ezin izan dut saihestu kontakizuna metanobela gisa irakurtzeko tentazioa: itzultzetik, irakurle izatetik literaturarekiko pasioa berreskuratzeko egile izatera (ia nahigabe) jauzi egiteaz ere badihardu-eta, nobelak.
Protagonistarena da kontakizunaren hari sendoena, baina bigarren mailako pertsonaiek ere badute interesik, nahiz eta zertzeladetan geratzen diren askotan, laburtasunak hartaratuta. Protagonistarena da ahots nagusia ere, baina harekin tartekatzen ditu idazleak bestelako ahotsak ere, testu apokrifoak eta txandatzen diren narratzaileak. Horrela lortzen du narrazioak erritmoari eustea, intriga narratibo handirik behar izan gabe. Eta emaitza, borobila izan gabe ere, atseginez irakurtzen den nobela laburra da.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez