kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Idazleen gorputzak / Eider Rodriguez / Susa, 2019

Idazleen gorputzak eta atze-oihalak Aiora Sampedro / Berria, 2019-04-14

Orain artean Susa argitaletxeko Lisipe sail feministan argitaratzen aritu diren lanek ekarri interesgarria egin diote teoriaren arloari, eta, azken bi lanetan, agian kasualitatez edo agian hala bilatuta, bira interesgarria eman da edizioaren aldetik, lan enpirikoagoak argitaratu baitira. Ia elkarrekin eman dira argitara; lehenik, Uxue Alberdik osatutako Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak hainbat elkarrizketa-saio biltzen dituen liburua; eta bigarrenik, hemen iruzkin-gai den Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian Eider Rodriguezek ondutako saioa.

Joan den urtean Lisipe sailean bertan argitaratu zen Jule Goikoetxeak koordinatutako eta Emagin elkarte feministak osatutako Ezagutzaren matazak saioan mugimendu politikoaren eta ekinbide komunitarioen arteko elkarlanaren beharra azpimarratzen zen; eta saioaren zenbait ataletan, teorizazio feministarako esperientziaren balioa aldarrikatzen zuten egileek.

Azken adierazpen hori esanguratsua da Eider Rodriguezen lanari begiratzerakoan; izan ere, EHUko literatura irakaslea eta kritikaria ere baden egileak bost emakume idazle hautatu ditu eta, emakumezkoaren gorputzak haien ibilbide literarioan izandako eragina mintzagai izanik, hainbat elkarrizketa osatu eta lanean transkribatuta ekarri dizkigu. Ez hori bakarrik: epilogo modura, egiletasunaren eta emakume izatearen arteko harremanaz hausnarketa eskaini du Rodriguezek, irakurleari testuinguruan kokatzeko eta ikuspuntua egokitzeko balio diona, eta, liburuaren amaierako atalean, bost elkarrizketatuek emandako klabeak laburtu eta horien gaineko iruzkinak egin ditu. Metodologia horrek benetan adierazgarria bihurtu du lana: oso biziak sentitzen dira idazleen hitzak.

Mintzalagunetan adinekoenak 71 urte ditu eta gazteenak 35. Horra liburuaren beste gakoetako bat: belaunaldiz belaunaldi aldatu edota mantendu diren joerak konprobatzeko oso era gertukoan da baliagarria. Preseski belaunaldiaren gaiari dagokienean, egile helduenek aipatu dute talde batekiko atxikimendu falta, zeina determinantea izango den gazteagoen aipamenetan.

Beste alde batetik, izenburuak erakusten du elkarrizketa guztiak zeharkatuko dituen gaia: gorputzarena. Ikuspegi intertsekzionala gailentzen da guztien artean berau aipatzerakoan; batzuek haurtzaroko edo gaztetako esperientzia aipatzen dute, gibel-esperientziei erreferentzia eginez; beste batzuek lanbidearen edo idazletzari loturiko beste ekintzaile batzuen inguruko pasarteak aipatzen dituzte. Gogorrak dira testimonioak, guztiek ere abusuak jasan dituztela aipatzen dute: Epilogoa-n egileak berak zehazten du aukeratu dituen idazleak hautatzeko erabilitako irizpideetako bat aurretik pertsonalki ezagutzen zituelako izan dela; horrek, beren barrenak husten lagunduko zielako ustetan. Eta egiazki, irakurketa amaitzean halako irudipena geratzen zaio irakurleari ere.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak