« Bortizkeriaren inguruan | Nora itzuli? »
Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2018
Boterearen ajeak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2019-03-30
“Agur Euzkadi” (2010) Juan Luis Zabalaren nobelako pasarte batean hilen artetik bizidunen mundura itzuli den Lauaxeta txundituta geratzen da kalean aparkatuta Ertzaintzaren auto bat ikusten duenean. Bere lehen inpresioa da Euzkadik gerra eta ondorioz independentzia irabazi egin zituela bera fusilatua izan ostean, eta begi aurrean duen autoa euskal subiranotasunaren froga eta sinbolo dela. Nazio-estatu subirano baten ezinbesteko baldintza da, azken batean, lurralde, hizkuntza zein gobernu bat izatearekin batera, polizia eredu propio bat edukitzea —eta galdetzen zaionaren arabera, baita armada bat ere— herritarrak eta estatuaren mugak babestuko dituena. Nobelak aurrera egin ahala, Euzkadik ez zituela ez gerra irabazi ez independentzia lortu konturatzen da Lauaxeta, nahiz eta euskal gobernu bat zein euskal polizia bat existitzen diren. Existentzia hori zertan datzan, hortxe Edorta Jimenezen azken lanaren ardatza. Nobelak euskal agintariei —Bizkaikoei batik bat— zein euskal poliziari kargu hartzen die, norentzat eta zein helbururekin lan egiten duten aztertzeko asmoz: herriarentzat ala herriaren kontra. “Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua” nobelako protagonistaren ustez —Espainiako armadan mertzenario ibilitako ertzain jubilatua, 1980ko hamarkadan gatazka armatuaren testuinguruan azaldutako jokabide gogorragatik Camboya ezizenez ezaguna—, argi dago zein den erantzuna. Poliziaren funtzioa, herritarrak zaintzea eta estatuaren mugak babestea, elkarren osagarri balira bezala aurkeztu ohi dira —poliziak herritarrentzat lan egiten du estatuaren barruan— baina maiz herritarrak eta estatua elkarri kontrajarrita daude: poliziak herritarrengandik babestu behar du estatua. Sistemaren parte zen garaian, ez zuen bere rolaren gainean hausnartzeko arrazoirik: gauzak ziren bezalakoak ziren. Erretiroak, ordea, gertaera zein jokabide jakin batzuekiko distantzia ekarri dio; distantziatik ohartzen da gauzek ez dutela zertan izan diren bezalakoak. Camboyaren gogoetak ez dira Ertzaintzan nagusi diren eta bere ikasle izandako Gazteluk aurre egin behar izan zituen hipermaskulinitate, misoginia eta homofobiara mugatzen; sistema politiko osora zabaltzen den kritika da berea. Txakur batzuen desagerpena ardatz duen ikerketaren harira, goi kargudunen gehiegikeriak eta azpilanak azaltzen ditu ertzain ohiak.
Euskaldunen izaeraren eta, ondorioz, euskal labela daraman ororen inguruko ideia erromantiko eta esentzialistak handik eta hemendik aurki daitezke oraindik ere: euskaldunak hitzeko pertsonak dira; euskaldun izaeraren kontrakoa litzateke tranparik egitea. Gure mugez kanpo ere aski zabaldurik dagoen estereotipoa da: madrildar batek euskaldunen bostekoa goraipatu zidan behin, esku keinu horrek kontratu batek adina balio duelakoan. Pertsona beraren ustez, espainiar estatuko agintarien ustelkeriaren tamaina kontuan hartuta, euskal agintariak aingeru batzuk dira eta EAEn politika egiteko modua gardenagoa dela gaineratu zuen. Jimenezen nobelak zalantzan jartzen du uste hori, baina mitoekin erabat hautsi beharrean haien barruan funtzionatzen duela esan daiteke. Bandoen herria dela hau esaten zaigu, jauntxoen eta haien menpekoen lurraldea. Gazteluren alabak bere ezkontza “Game of Thrones” telesailean oinarritzea gertaera ironikoa bezain adierazgarria da zentzu horretan. Ulertzen zaio nobelari egiten duen kritika: botere goseak gidatzen du politika. Hala ere, gaur egungo giro politikoa bandoen garaiarekin parekatzeak estereotipo jakin batzuk mobilizatzea dakar: ez gara uste bezain modernoak. Bandoen garaiak, ordea, ez zituen estatu modernoa, kapitalismoa ezta neoliberalismoa ere ezagutu. Galdera zera da, euskal labela nahikoa ote den gizarte eredugarria lortzeko, ala kritikoki aztertu behar ditugun burujabetasunarekin lotzen ditugun egiturak, estatuarekin hasita.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez