kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

1.362 km euri / Garazi Goia / Goizalde Landabaso / Elkar, 2019

Emakume izateagatik Peru Iparragirre / Berria, 2019-03-24

Itxuraz, 1.362 km euri (Elkar, 2019) liburuak premisa aski garbi bati jarraitzen dio. Goizalde Landabaso (G.) eta Garazi Goiaren (G) arteko gutun-trukea jasotzen du liburuak; urtebeteko tartean batez ere gai baten inguruan elkarri helarazitako hitzak. Liburuari hasiera ematen dion galderan jasota geratzen da gai hori: “Bigarren bizitza bat bazenu, bizitzeko beste bizitza bat… zein emakume izatea aukeratuko zenuke zuk?”. Galdera hori aitzakia, G.-ren eta G-ren arteko korrespondentzia izen, biografia eta zerrendetan luzatuz doa. Hasierako premisa horrek, ordea, eta liburuan jasotakoen laguntzaz, ate eta leihoak zabaltzen dizkio irakurleari (niri neuri bai, behintzat).

Ausartuko naiz esatera hasiera-hasieratik argitaratzeko pentsatutako gutun-trukea dela hau, orain jada hiru urte Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan “bertako” eta “kanpoko” idazleak elkartu zituen Txekhov vs Shakespeare proiektuko korrespondentzien bildumaren antzera. Horietara joan zait gogoa, liburu honetan bezalaxe horietan ere idazleak baitziren elkarri gutunak idatzi zizkietenak, literaturaz eta beste.

Horraino heltzen da, agian, alderaketa. G. eta G beste asmo batek elkartu ditu liburu honetan, esan bezala, eurek izan nahiko luketen emakumeen bilaketak, edo, zehatzago beharbada, historia eta kanon ohikoetatik ezabatu diren (ezabatzen diren) emakumeen bilaketak eta haien berri emateak.

Dena dela, interesgarria da gutun-trukea halako transmisio eta truke publikorako tresna bilakatzea, gaur egunean gutun bat jasotzea bera gertaera apartekoa izan daitekeenean; hau da, komunikazio-bideak, idatzizkoak izanagatik ere, berehalakoak, azalekoak eta efimeroak direnean, gutuna izatea ideiak, historiak, erreferentziak eta abarrak elkarri (eta irakurleei) patxadaz helarazteko bidea.

Emakume izate hutsagatik itzaletan geratu diren emakumeak, baina, batez ere, itzaletara kondenatu ditugunak, eta haien lanak eta ideiak dakartzate gutunetara G.-k eta G-k; mundu osoko emakumeak, haien artean euskaldunak. Honela dio G.-k gutun batean: “Juan Antonio Urbeltzen itzalpean egon omen zen Marian Arregi bezala. […] Badakizu ez ziola inork elkarrizketarik egin? Harrigarria egiten zait. Emakumeak ikusezin bihurtzen ditugu gure begien aurrean, eta soilik hiltzen direnean jabetzen gara nortzuk izan ziren eta zer egin zuten. Bai, hil berri da. Isilik. Isilik ezagutu ez zutenentzat”.

Idazleok euren buruei eta elkarri egiten dizkieten galderak, kezkak, ametsak jasotzen dituzte gutunek, orriotara dakartzaten emakumeen historiekin tartekatuta, haiek gogora eta argitara ekarriz eta mundua haien bidez ikusten ahaleginduz. Gorago aipatu dut ate eta leihoak zabaltzen dituela liburu honek, hain zuzen ere, aipatzen dituzten erreferentziak beste erreferentzia batzuetarako zubi direlako, eta gaur egunean txertatzen dituztelako, iraganaren eta orainaren kontakizun osatuago bat emanez.

Esango nuke bere egitekoa, edo bere egitekoa izan daitekeena, behintzat, ederki betetzen duela liburuak. Ohiko bideetatik jasotzen ez ditugun erreferentziak ematen dizkio irakurleari, eta gutun bakoitzean aurkezten diren idazleak, argazkilariak, artistak, dantzariak, militanteak, eta abarrak, guztiak dira, Arregi bezala, ikusezin bilakatuak; guztiak gogoan hartuak izatea merezi dutenak.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak