kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Rosa itzuli da / Pako Aristi / Erein, 2018

Azal samurra daukazu Rosa, gutxi zigortutakoa Mikel Asurmendi / argia.eus, 2019-03-15

Rosa itzuli da. Horixe da Pako Aristi idazlearen azken nobelaren titulua. “Rosak, ETAko kideak, 25 urte eman ditu espetxean. ‘Parot doktrinari esker’, zigorra neurri horretara ‘egokitua’. Sagastume herrira itzuli da. 20 urte zitueneko borrokalari heroia izatetik, borrokalari garaitua izatera pasa da. 40 urteetako fenomeno politikoaren eta jendartearen —parte baten— fikziozko errelatua da”.

Nobela da. Aristiren boskarrena. Urregilearen orduak, laugarrena, duela hogei urte luze idatzia. Liburu saritua. Kcappo, Irene eta Krisalida trilogia izan zen horren aurreko sorta. Bitxia egin zait. Ni, besteak beste, nobela haiekin zaletu eta lotu nintzaion literaturari. Lehen balorazioa: hura literatura zen, nire gusturako noski, Rosa itzuli da berriz…

Bustiko naiz. Ezagutzen dut Aristi artikulugilea. Gordin erranen dut, eta barka nire harroa eta ausardia: “Nobela txosten politiko literario kutsukoa begitandu zait”. Ez guztiz ere. Aristi idazle da, idazle zaildua. “Rosa itzuli da thriller ona da”. Baina, esan dezadan garbi, “iniziazio nobela da”. Erran nahi baita, literaturara hurbiltzen ari diren belaunaldi berrientzat, oso komenigarria. Areago, egokia.

Istorioa, nire uste zuloan, oso hurbil dago errealitatetik. Zuloan diot, gure memoriak zulo asko baitu. Irakurle batzuek, agian, hainbat zulo antzeman diote nobelari. Alegia, “terroristen jarduera” justifikatzen du idazleak. Aldiz, militante altruista horien jarduera begi onez ikusi zutenek, burkideek, lagunek eta senitartekoek, pentsa dezakete, “nobelagileek bizi ez dutenaz erraz idazten dute”. Baita Pako Aristik ere.

Laburrean errana: “Idaztetik bizi behar dutenez, bada, edozein ‘istorio’ balekoa da”, jendartean edo literaturaren unibertsoan euren “tokia” izateko.

Unibertsoa aipatu dut. Eta zabala da gero! Literaturarenaz ari naiz. Literatura obra batek —edozein dela generoa— edo arte lan baten egokitasunak, omen, berau ezagutu aurretik eta ondorenetik, beste “pertsona” bat izatea lortu behar du. Exageratu gabe, noski. Kitzikapen gisako bat esperimentatu behar du irakurleak.

Rosa itzuli da irakurri ostean, irakurle honek —ez naiz pertsona egokiena hori adierazteko— ez du ETArekiko, haren militanteekiko, fenomenoarekiko, aparteko zirrararik bildu bere baitara.

Arren, ez dezala inork nire balorazioa “gutxiespen”tzat jo. Areago, nobelaren hasierako txosten periodistiko kutsua, gero eta mami literarioagoaz osatu du egileak istorioa garatu ahala. Nobela askoz hobeagoa da bukaeran, ezen eta hasieran. Hastapenean, barka errepikapena, Pakok aldian-aldian idatzi ohi duen kazetaritza artikuluen airea arnastu dut.

Berbarako: Aristiren “Kantuak dioen bezala, ez dira betiko garai onenak” irakurtzen dudanean, baliabide literarioa bezala ulerturik, Aristik behin eta berriz hizpide duen kolonialismoa, “kolonialismo literarioaren harlauza” bihurtzen zait.

“Herri baten tragedia politikorik handiena menderatua izatea da”, dio idazleak. Ez da berria bere jardueran. Egunkarieraz irakurria dugu jada. Kontua da, eta hau ez da nire uste zuloa, ez apala, nik ez baitut herri honen historia osoa bizi izan: “Nago herri honen garaiak inoiz ez direla oraingoak baino hobeagoak izan”. Usteak ustel betiere. Historiaren kontakizuna bezain!

ETA fenomeno politiko armatua —segi zuk adjektiboak gehitzen, irakurle lagun horrek— belaunaldiz belaunaldi osatzen joan zen. Militante bakoitzak berea izan du onenentzat, edo bera fenomenoan murgildu zenean behintzat, egokien eta beharrezkoen. Oraingo belaunaldiek, ETArik gabe jada, benetan uste dute herri honetan garai hobeagoak izan direla iraganean? Anda ya! Lizentzia literarioa hartu dut erdarazko espresio hori papereratzeko.

Nik Aristiri zor, Kccapo eta Irene zor dizkiot, ahantzi ditudan Krisalida-ko eta urregilea protagonistak ere. Hots, behialako bere nobelak nahiago ditut, baita nahiago ere Rosa itzuli da nobelaren 43. kapituluaren lehen paragrafoa, eta esaldi hau hobetsi ere: “Azal samurra daukazu, gutxi zigortutakoa”.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak