kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Laranja mekanikoa / Anthony Burgess (Ion Olano Carlos) / Meettok, 2018

Hizkuntzaren obsesioak Joannes Jauregi / Berria, 2019-03-17

Sarri askotan, egile handi baten lanik enblematikoena ez da izaten berak gehien estimatzen duena. Halaxe gertatu zitzaion Nabokovi Lolita-ren aparteko arrakastarekin, eta orobat Anthony Burgessi bere Laranja mekanikoa honekin. Hiru astean idatzi omen zuen, diruz larri zebilela, eta gerora aitortu zuen prest zegoela nobela “gaitzesteko”. Halere, nobelaren sona eta eragina literaturatik harago hedatu dira, eta jadanik ez dugu haren pasarterik irudikatzerik Stanley Kubricken filmaren estetikaz akordatu gabe.

Indarkeria dago nobela honen muinean. Etorkizuneko Ingalaterra distopiko batean dago girotua, non gazte banda kriminalen ultraindarkeria ekintzak eguneroko —gaueroko— ogi baitira. Gazte horietako bat da Alex, protagonista, zeinak bere taldearen hainbat indarkeriazko pasadizo kontatzen baitizkigu nobelaren lehen partean. Hurrengoetan, bortxa horrek beste hainbat noranzko eta forma hartuko ditu; estatu indarkeria, besteak beste. Alde horretatik, Alex bortxaren bidegurutzean dago, berak ezarririko indarkeriaren eta ezartzen diotenaren artean; “benetan mundu gaizkilea eta lizuna, zuek denok eraikitzen ari zaretena”, esaten dio kartzelazain jazarleak Alexi berari, bitasun horren lekuko.

Alabaina, Alexek berak beste nonbait aitortzen duenez: “Ni ez nauzu gaizkile kriminal arrunta, jauna, eta ni ez naiz higuingarria. Gainontzekoak izan daitezke higuingarriak, baina ni ez”. Alexek musika klasikoa maite du, batez ere Ludwig Van Beethoven, eta bere bortxazko egintza oro nolabaiteko apreziazio estetikoz bustia dago, halako sadismo artistiko batez. Dena den, pertsonaia karakterizatzeko elementurik inportanteena linguistikoa da, Burgessen dohain literarioak gorabehera. Nobela hau tour de force bat baita, bai, baina gehienbat hizkuntzaren aldetik. Burgess aditua baitzen hizkuntzalaritzan, eta ezagun zaio, saiakera linguistiko bat egin baitzuen nobela honekin, nadsat edo gazte hizkera berezi bat sortu eta Alex narratzailearen ahotsa hizkera horretan isuriz. Hizkera horrek errusierazko mailegu ugari darabiltza, besteak beste, eta liburuaren amaieran badago hiztegi bat, 250 hitzekoa. Horrek lana zailtzen dio irakurleari, zeinak etengabe jo behar baitu hiztegira, hasieran behintzat. Alabaina, aurrera egin ahala, irakurlea nadsat hiztegia barneratuz doa, eta ohartzerako bere egiten du Alexen subjektibitate konplexua: Harkaitz Canoren epilogoko hitzetan, irakurleak “hizkuntzaren berreziketa” pairatzen du, Alexenena bezalako prozesu batean.

Obraren karga estetikoa hein handi batean linguistikoa izanik, itzulpen lana benetan delikatua da, kontua ez baita Burgessek sorturiko hitzak itzuli eta edonola eranstea testuari. Aitzitik, hizkera berezi hori sinesteko moduan ekarri behar da euskarara, eta euskaran bertan integratu; alde horretatik, arrakasta ukaezina iruditzen zait. Itzultzailearen oharretan ere igartzen da halako lan batek ezinbestean behar duen eldarnio eta obsesio puntua, eta ez beti onerako, oharrok gehiegizkoak baitira batzuetan 100, orotara, batik bat erreferentzia kultural eta literarioez gain egilearen xehetasun biografikoetan sartzen denean. Nolanahi ere, aise barkatzen zaio hori, halako obsesio punturik gabe nekez izango baikenuke hain itzulpen zinez horrorxou-rik.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak