kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Munduko tokirik ederrena / Iñigo Aranbarri / Susa, 2018

Oroimenaren elipsietan barna Hasier Rekondo / Deia, 2019-02-02

“Iraganak badu hori, bere ahazturekin eta asmakizunekin, zaila oroimen txatal batek nornahirentzat balio izatea”. Iñigo Aranbarriren ipuin liburu eder eta paregabe honetan aurkitu oroimen-txatal bat erabili beharrean nago, 2018ko urteko libururik onenak jaso duen oihartzun eskasa salatzeko. Zenbaitzuk arrazoitu dute, erdi txantxetan edo, Aranbarrik ipuingintzan eginiko lehen barneratze hau (bitxia bada ere) urteko zerrendetan agertu ez izana, eta honekin batera hiru kritika besterik ez jasotzea, gerontofobia-ren aitzakiarekin. Jonas Poisson (Susa, 1986) poesia liburu hartatik asko igaro da eta ezer ez da igaro. Euskal literaturan, antza, zaharra edo esperimentatua den oro bazter uzteko joera arriskutsua baitago. Aranbarriren liburu hau kasik oharkabean igarotzeko arrazoi nagusia litzateke, hortaz, azkoitiarra 1963. urtean heldu zela munduko toki honetara. Kontuan izanda, Jorge Luis Borgesek esan zuela ez zuela inoiz 100 urte bete gabeko libururik irakurtzen, Aranbarrik 100 urte itxaron beharko ditu zor zaion tratamendua jasotzeko.

Munduko tokirik ederrena (Susa, 2018) honetan Aranbarrik hobekien egokitzen zaion narrazio moldea aurkitu duelakoan nago. Berandu bada ere, inoiz ez da berandu literaturak kalitatea eta sakontasuna uztartzen dituenean. Askotan aipatu izan dira Aranbarriren trebeziak elipsiak testuan txertatzeko, haren literaturaren marka gisa aipatu ere. Baina ahaztu egiten da sarri azkoitiarrak gauzak esateko modu paregabea duela, estiloa eta ikuspuntua direla haren dohain nagusiak. Nire aburuz, apika ez du beti asmatzen gaiekin, iritzi oso pertsonala da, badakit, baina gaiarekin asmatzen duenean ez du parekorik euskal literaturan. Hizkera heterodoxo eta sintaxi konplexu batetik abiatuta betiere, oraingo honetan bizitzaren patuak kolpatu pertsonaiak dakarzkigu Urola bailaran kokatu —baina balio lezake edozein geografia itogarrik ere— 10 istorio laburretan. Lehen begiratuan irudi luke nostalgia batek hartu duela narratzailea, 70-80. hamarkadetan kokatzen baitira istorio ugari. Batzuk ildo autobiografikoari jarraiki, idealizaziorako arrisku nabarmena zegoen. Narrazioetan barneratu ahala, guztiz kontrakoa dela ohartuko da ahalegindu beharra izango duen irakurlea: pertsonaiek aurrera egin beharko dute egoera sozio-ekonomikoak, bidegabekeriak edo patu madarikatuak horrelakorik nahi ez badu ere.

Uhala ipuin gogoangarrian, Aranbarrik goia jotzen du. Azpeitiko baselizako kupularen arazo arkitektonikoak erretreta hartutako Iparraldeko polizia baten iraganeko gerra-zikinaren arazoekin ekartzeak ez du parekorik, ene ustez, euskal ipuingintzan. Neurriak, moldeak, ekarpenak, elipsiak, pertsonaien arteko zubiak ezin hobeto ehunduak dira, Aranbarri bere paradisuan. Gerra zikinaren garai ahaztuetan, errealitatean pitzatutako kupulek behar duten uhalaren lana egiten du poliziak, ezinbestez. Horrek zenbait bizitza bidean uztea eskatzen badu ere. Ametsetako pertsonaiak eta desagerrarazi militanteak bat eginen dute gin-tonicak lausotu polizia erretiratuaren memoria izoztuan. Iraganak eta orain iheskor batek gauza bakarra behar baitute besterik, oroimena. Oroimen hori jasangaitza bada ere, eta nornahirentzat balio ez badu ere.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak