kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Ekaitza urrun / Joanes Urkixo / Erein, 2018

Austriatik etorritako espioia Estibalitz Ezkerra / Gara, 2018-12-15

Duela ia hamar urte, XIX. mende hasieran Bilbon kokatu zen Wilhem Wakonigg enpresari eta Austriako kontsularen historia bitxiari tiraka, Gerra Zibilak Euskal Herrian izandako garapenaren inguruko gertaera ez hain ezagunak azalarazi zituen Ingo Niebel historialari eta kazetari alemaniarrak idatzitako “Al infierno o a la gloria. Vida y muerte del ex cónsul y espía Wilhem Wakonigg en Bilbao (1900-1936)” (Alberdania, 2009) liburuak, besteak beste, espioitzak jokaturiko rola. Azken horri lotuta egon zen Wakonigg, Bilboren erorialdia eragiteko asmoz naziekin eta altxatuekin estu kolaboratuz, eta espioitza jarduera horiengatik, hain zuzen, euskal poliziak atxilotu eta herri epaitegi batek heriotzara zigortu zuen 1936ko azaroaren 17an, eta bi egun geroago fusilatu. Wakoniggek Gerra Zibilean izandako parte-hartzeari heltzen dio Joanes Urkixoren “Ekaitza urrun” nobela berriak, gertaera historikoak fikziozkoekin uztartuta.

Nobelak jorratzen duen denbora epean, hots, 1936ko irailetik Wakonigg atxilotu eta fusilatu egiten duten arte, elkarrekin lotuta dauden hainbat hari narratibo azaltzen zaizkigu. Haietan lehenak, Wakoniggen ibileretan oinarritua, intriga istorioen elementuak azaltzen ditu. Austriako enpresariaren urratsak jarraitzen dituzten pasarteetan —Bilbotik hainbat eskuindar, falangista eta monarkikori erbestera joateko aukera erraztetik nazien bitartekaritzarekin espioi sarea antolatzera igarotzen da— nabarmendu egiten da pertsonaiaren psikologia eta barne motibazioak adierazteko idazleak egiten duen ahalegina. Interes propioak, batik bat diruari lotuta daudenean, lehenesten dituen pertsona bezala azaltzen zaigu Wakonigg. Gerra albait arinen bukatzea espero du ekonomia ohiko erritmora itzul dadin, ekonomia kaltetu batek ez baitu inongo inbertitzailerik erakarriko.

Gabino izeneko gazte galdakoztarra dugu bigarren hari narratiboaren protagonista. Aitak frontera joateko baimena eman ez eta Eusko Jaurlaritzaren babesean Luis Ortuzarrek, Bizkaiko barne segurtasunaren arduradun eta Wakoniggen suhiak hain zuzen, antolatu eta zuzenduriko euskal polizia-indarrari (gaurko Ertzaintzaren aurrekaria) lotuko zaio, eta Getxoko Nazioarteko Eremuan Wakoniggen espioi sarearen jarduerak monitorizatzea egokituko zaio. Jarduera horretan dabilela, Rosarekin, hau da, Wakoniggen kide den Federico Martinez Arias Paraguaiko kontsularentzat lan egiten duen neskamearekin, maiteminduko da polizia gaztea. Gabinoren gehiegizko ontasuna eta heldutasun emozional falta azalarazteaz aparte, maitasun istorio honek ez dio tramarik beste ekarpen handirik gaineratzen.

Askozaz interesgarriagoa da Gabinoren beraren eta frontean sozialistekin eta komunistekin borrokan ari den Luzianoren arteko harremana, baina gainerako gertaeren aurrean bigarren maila batean geratzen da hari hau, ia anekdotiko bihurtzeraino. Ezkontzatik kanpo jaio eta aita kanpotarra izateagatik Gabinoren anai-arrebetan zaharrenak jasaten duen bazterkeriak gerra garaiko euskal gizartearen aurreiritzi eta barne banaketarekin aurrez aurre jartzen du irakurlea. Sozialismoaren gainean Luzianok irakatsitakoak zer pentsatu emango dio Gabinori zuzena zer den (edo zer izan beharko litzakeen) erabakitzeari begira, baina etxean jasotako euskalduntasun on eta bakarraren gaineko doktrina indartsuagoa izanik ez dio berritasunari tokirik egiten uzten.

Memoria historikoari begira dezente gogoratzeko eta azaltzeko dagoela erakusten du “Ekaitza urrun” lanak; horixe du lorpen nagusi nobelak. Planteamenduari begira, ordea, hari narratibo guztiek pisu eta eraginkortasun bera azaltzen ez dutela-eta historiak fikzioari irabazten dio partida.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak