kritiken hemeroteka

8.826 kritika

« | »

Mecanografiak / Harkaitz Cano / Txalaparta, 2018

Orotariko ipuinak Peru Iparragirre / Berria, 2018-10-21

Izenburua ez nuen berehalakoan harrapatu; ordurako garuna udako eguzkiak egosi zidalako, ziurrenik. Mecanografiak da Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) azken liburua, aste gutxiz gehiago izango bada ere. EiTB Kultura Transit telebista-saioan esan zuen Canok berak ia-ia lanik egin gabe ateratako liburua dela. Izan ere, azken hogeita hiru urteotan argitaratutako narrazioak biltzen dituen antologia da Mecanografiak. Irati Jimenezek (Mundaka, 1977) egin du hautaketa, eta harena da hitzaurrea ere.

Atzera begirako liburu hau Canok ipuingintzan egin duen ibilbidea berrikusteko parada ederra izan daiteke, are, hortik zehar barreiatuta eta bistaz galdutako ipuinak aurkitzeko aukera ere bada. Gutizien dastaketa-menua da Mecanografiak, nolabait. Jimenezek ez ditu kronologikoki edo kanon baten barruko testuak hautatu; haren hitzetan, bilduma “ez-akademikoa” da, baina koherentzia mantentzen saiatuta egindako antologia dela ere badio, eta koherentzia zerk ematen dion asmatzen jakin ez dudan arren lortu duela esango nuke. Canok literaturarekiko erakusten duen maitasun bera erakutsi duela Jimenezek ere; hori iruditu zait. Canoren orotariko ipuingintzaren erakusgarri da antologia, eta denetarik eskaintzen dio irakurleari. Argitaratu dituen ipuin-liburu guztietako aleak daude jasota, eta baita, esan bezala, aparteko argitalpen batzuetan argitaratutakoak ere: 27 ipuin guztira.

Halabeharrez da orotarikoa Canoren ipuingintza, urteen joanaren, ipuin-liburu desberdinen, askotariko formatu eta eskakizunen beharren ondorioz eta noranahiko imajinazio ia mugagabeari eskerrak. Eta ez imajinazioa istorioak asmatzekoa bakarrik, eta istorioak kontatzekoa ere, hori baita koska. Ez naiz Canori buruz esan ez den ezer berririk esaten ari, dena dela.

Laudorio hutsa baino gehiago da antologia zabaltzen duen hitzaurrea, laudorioa ere badenez, Canoren bibliografiaz baino literatur ekoizpen eskergaz eta horren esanahiaz ere mintzo da Jimenez. Hala eta guztiz ere, ipuingintza da gehien landu duen generoa, kopuruari dagokionez, behintzat. Badaude ipuingintza horri buruz Jimenezek idatzitako bi esaldi, iruzkin honetara ekarri nahiko nituzkeenak, antologia honi buruz hitz egitean ituan ematen duelakoan. Honela dio: “Zeuri ere gertatuko zaizu, behin baino gehiagotan, ipuin hauek irakurtzerakoan literatura bila joan eta bizitza besarkatzen duzula sentitzea, edo alderantziz”. Eta zer esan, niri behintzat gertatu zait, literatura bila joan naiz gehienetan eta bizitza topatu dudala esango nuke, eta literatura gehiago topatu dudala bizitza horretan, gero.

Badaude bilduman besteak baino iltzatuago geratu zaizkidan ipuinak, biribilagoak direlako edo horiexek zirelako behar nituenak, auskalo. Hauxe Jimenezen bigarren esaldia: “Biek aurkitzen dituzte narrazio interesgarrienak fantasiaren eta errealitatearen arteko puntu telurikoetan”. Hemen Cortazarren eta Canoren arteko lotura egiten du Jimenezek, ez alferrik. Cortazarren heriotzarekin eta Parisen hasten da antologia, eta Cortazarren hilobia ere ageri da antologia ixten duen ipuinean, Parisko Père Lachaise hilerrian. Gehiagotan ere ageri da Cortazar, eta ageri ez denean ere hor dagoela esango nuke. Fantasia eta errealitatea, fikzioa eta errealitatea elkartzen dira Canoren unibertsoko orotariko ipuinotan: literatura eta bizitza.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Ibon Egaña

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak