« Orotariko ipuinak | Batailaren baitako paisaia »
Hondar aleak / Rafa Ugalde / Erein, 2018
Sen hutsez Igor Estankona / Deia, 2018-10-27
Rafa Ugalde zorrontzarrari aurretik “Hamaika bizimodu” (2003, Ibaizabal), “Gorria eta beste kontakizun batzuk” (2005, Beta) edo “Relax” (2007, Txalaparta) ezagutzen genizkion. Guk dakigula “Hondar aleak” hau du (2018, Erein) estreinako poema liburua. Bilboko Udalak antolatutako Blas de Otero Nazioarteko X. Poesia Lehiaketako saria merezi izan du poemarioak eta, egia esan, narrazio luze-laburretan zein abestien letretan poesiak hain argiro zipriztindutako idazle batentzat uste dugu ez bide dela gaitza izan idaztea lirismoz bizitzaren joatea eta idaztearen ezdeuskeria ederra: “Hutsune bihurtzen da inguruan dudan guztia/ gaztelu inguruko fosa-zuloa lez,/ handiko aldean dabiltza ingurukoak,/ zubi altxagarria zabaltzen dut lantzean behin, halakoren bat hurbildu dakidan.// Baina esku hutsik itzultzen naiz beti,/ berba ustelen artean,/ esku hutsen zama astuna eraman ezinik”.
Atzera begirako ahapaldiak dira “Hondar aleak”, aurreko poeman esku hutsek duten pisua bezala zaiolarik pisu idazleari ideien mundua. Are, nahiago du Rafa Ugaldek jostatu sentsibilitatearekin, instintu hutsarekin: “baldintzarik gabe maiteko nauen/ nor edo noren abere-sen garbia,/ ukimenezko hizkuntzan berba egingo didan norbait,/ begirik gabe, ahotsik gabe,/ azaletik hitz egin,/ eskuetatik maitatuko nauen norbait”
Idazlearen babesleku da lurra, sustraien habi, segurantzen paradisu gezurrezko. Idazlearen altzo seguru, halaber, joandako maitasunak, bereziko indartsua inoiz izan ez ziren tokien magnetismoa. Oihartzun egiten dute liburuan zehar “locus amoenus” guztiek, errotarririk mugitzen ez duten uren antzera direlako tatxa gabeko idealizazio bikain.
Erromantikoen joera nabari zaio idazleari purua dena goratzeko eta kateak gorrotatzeko. Bakoitzak bere buruari ezartzen dizkion kateei egiten die kontra gainera. Horrek asmarazten dizkio maiz inon ez dauden paradisuak. Eta, hala ere, zein ondo idatziak gezur horiek guztiak, osatzen dutenak gizakiaren egia: “Nik ez diot ezer,/ hemen nago/ beti izan naizen lekuan,/ zure eraso ongilearen zain, baina orduan arerio bilakatuko nauzu,/ eta nik ez dinot ezer,/ baina gizakia banaiz,/ animalia banaiz,/ biziduna baldin banaiz,/ neure burua babestu behar dut,/ neure izana eta izena defendituko ditut,/ galtzaile izango naizela ondo jakin arren,/ bortitza izango naiz neure buruaren defentsan,/ eta terrorista izendatuko nauzu”.
Rafa Ugaldek badauka Luigi Anselmiren zer edo zer, Sarriren ukitu bat, klasikoen eitea. Aitaren heriotza ere gurutzatzen du liburuak, agur neurritsu, agur diskretu baten antzera. Ibili ere, “Hondar aleak” honetan igartzen da poeta findu eta birfindu ibili dela hitz, koma, arnasa eta zentzua. Kolpe batez irakurtzen den liburua da, aho zapore garbikoa: sinpletasuna eta eite klasikoa dira bere meritua. Amets garbien lurraldeetan, Anselmiren poesia sakona da, baina era berean atsegina eta arina. Bakuntasuna ote da bere sekretua, edo tristeki atsegina bihurtzen duen nostalgiarako joera dotore hori? Ezin jakin. Lerro artean ezkutaturik doa Ugalderen eskua, eta uneka mila urteotako poetek idatzitakoaren bilduma dakarrela dirudi: “Lur hau maitatu dut,/ gogoz arnastu dut,/ hats kolpe bakoitza egurats fresko honetan”.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi