« Fikziozko tormentuak | Sustrai berrien bila »
Azalberritze bat / Esti Martinez Diaz de Cerio / Balea Zuria, 2018
Uraren gainean Igor Estankona / Argia, 2018-09-30
Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak gazteentzat pentsatutako poesia lehiaketak badu lehen saritua. Iruindarra, 1991n jaioa. Eta dio: “Orrialde zuria dut/ isilmandataririk fidelena,/ mara-mara jausten dira hitz malutak/ isilatsun gainera”.
Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Pello Otxotekok argi ikusi bide zuten zirriborroaren indar ezkutua. Izan ere, badu berdetik eta badu heldutik Azalberritze bat (Balea zuria, 2018) honek, baina batez ere bilaketa baten istorioa dela begitandu zait. Bere abantaila, eta bere azkena, hortixe datoz.
Urteetako metodoaren eta obsesioaren fruitu, bistan da izerditutako liburua izan dela: “Mundutar oro egunsentiaz ahaztuko balitz bezala,/ soilik katuak ibiltzen gara/ alderrai,/ etorbideetako jaun eta jabe,/ Cortazarren arrasto isilak bagina bezala,/ telefono kableen gainean/ pausauko diren enarak itzuli zain.//Itzuliko dira”. Idazketa eta irakurgaiak eta egunerokoa nahastu egiten zaizkio poetari maiz. Liburuan hainbat aldiz harrapatzen du bere burua poesiaz hausnarrean, liburu bihurturik bere azala beste batzuetan. Inoiz, lirika dendetako eskaparateetan ere ikusi bide du.
Urteetako irakurgaien dekantazioa bezain irregularra, liburuko poema zenbait luzatu egingo nituzke nik, aterako nieke ideia batzuei punta arean gehiago. Eta, bestalde, zertarako: idazleak hauxe gura izan du transmititu, alegia, halako intimismo bat ertzak borobilduak dauzkana, estridentziarik gabekoa. Berba bat bestea baino altuago ez esate horrek bihurtzen du atsegin eta funtsean argal. Konfesiorako tartea da hemen orri zuria, baina konfesio hori neurritsua da. Esan daiteke asmo txikiekin egina dela halako asmo goragoko bat: “Hutsartetik osotasunera doan bidea/ makurra eta luzea izan daiteke/ salto batez egiten ez duzunean.// Niri eternoa dirudit”.
Eta agian esan dugun horregatik guztiagatik, eta bere itxura bateko sofistikazioagatik, uraren gainean idatzia dirudi. Estiloa dauka, erritmoa dauka, hitza dauka, eduki behar duen lekuan; eta errematea ere bai. Baina irakurriaz batera lurruntzen da. Esti Martinez Diaz de Ceriok hogeita zazpi urterekin idatzi ditu hamazazpi urterekin idatzi ohi diren ahapaldiak.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi