« Gupidaren itsasoetan barrena | Pertsonaiak sortzeaz »
Pelegrinak / J.E. Urrutia Capeau / Pamiela, 2018
Periferian, bertan gozo Hasier Rekondo / Deia, 2018-06-17
“Ozono-geruzari egin diogun zuloak literaturari ere eragin dio: liburu gehientsuenek ez daukate batere zaporerik”. Horrela laburbiltzen du Karlos Linazasorok, beti bezain ironiko eta sakon, egungo literaturaren ajea. Gurean, estandarizazio politikoki zuzenean, merkatuak inposatu edukien errepikapenean, zein hizkuntzaren “ulergarritasunean” edo estiloaren trinkotasunean aurki litezke gatzik gabeko zaporeok. Nagusitu diren ildo jakin horietatik kanpo, J.E. Urrutia Capeauren (Iurreta, 1954) literaturak dastamen berezia eskaintzen du, irakurle kopurua murritza izan litekeela jakin dakien arren. Xede horrekin, periferia “arriskutsu” batean kokatzen da. Arriskutsua, ez mami edota moldeari dagokionez, aipatu estandarizazioaren at lekutzen delako baino, haren lexikoa erabat arrotz gerta baitakioke egungo irakurle estandarrari, eta, halaber, jorratutako gaiak erabat anakronikoak iruditu.
Alta bada, esan liteke Capeau bertan gozo bizi dela bai tematikoki zein estetikoki proposatzen digun eredu arkaiko bezain erakargarri batean, euskal testu barrokoak inspirazio iturri hartuta. Esaterako, Pelegrinak (Pamiela, 2018) honetan lehen begiratuan irudi luke, besteak beste, Mircea Eliade errumaniarrak idatzitakoaren aztarnen atzetik dabilela erlijioen gaineko agertu jakituriaren eskutik. Erlijioak eraiki sineskeriak abiapuntutzat hartuta, Capeauk kasik estilo-ariketa arkeologiko bat eraiki du.
Apustu erabat pertsonal horretan 20 narrazio paratu ditu Iurretako idazleak. Batzuk beste batzuk baino sinesgarriagoak egin zaizkit, horretan baitatza apustu honen arrakasta edo porrota: irakurle “berezi” horri ere sinesgarri egin behar zaio nolabait, estiloaz erakartzeaz bat. Narrazioon artean, kristautasunak Amerikan inposatu indarkeria eta sineskeria basatiak egin zaizkit interesgarrienak. Kuba irlako historia aurreko beste liburu batzuetan jorratua zuen Capeauk, Jururu (Pamiela, 2015) nobelan esaterako. Oraingo honetan, Remedios-eko deabruak tituludun narrazioan ekin dio kolonia esklabotzaren garaiko sineskeria sinesgaitzak bere estilo bihurgunetsuan narratzeari. Estilo barrokoa erabili izanagatik Capeauk badu, halaber, iradokizunetarako maisutasun berezi bat. Aita Egañak “Aita Egaña deabruek ezin engaina”, euskaldunek triskantza hartan izan zuten protagonismoaren lekukoa hartuko du. Prieta Leonardak laburbilduko du Capeuak liburu guztian zehar barreiatuko duen ideia nagusia: “— Zer Satan eta zer Belcebu! Ez haiz konturatzen erotuta nagoela?”. Istorio guztiek antzeko egitura agertzen dute, erlijio bakoitzaren gaineko (non boterea eskuratu dutenen artean munduan izaniko erlijio gutxi falta baitira) deskribapenak eman xedez, historiako, mitologiako edo asmatutako pertsonaiek Azken Errealitatearekin egin nahi dute topo sutsuki, bai sineskeria bai fedearen bidez. Alta bada, guztiek pairatuko dute “benetako errealitatearen” azken eztanda, narratzaileak matriuska baten barruan gordea. Ozono-geruzaren zulotik ihes egiteko literatura, edo bertan itotzeko aukera.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi