kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Azalaren kodea / Miren Agur Meabe / Susa, 2000

Sabela eta adimena Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-03

Badira narrazio liburuak, beren borobiltasunean, nobela bat bezala irakur daitezkeenak. Badira, aldi berean, beren baitan istorio kontalariaren ahotsa daramaten poemak, beren laburrean ere, narrazio bat adina ñabarduraz eta zoko-mokoz hornituak. Horrexegatik, letra estuz beteriko orrialdeen gainean eraikitako eleberri luzeetan baino mundu gehiago aurki dezake zorte oneko liburu arakatzaileak poema sorta batzuetako testu urrian. Gisa horretako sentipena jabetzen da irakurleaz “Azalaren kodea”, Miren Agur Meabe lekeitiarrak orain arte plazaratu duen poesia liburu bakarra, esku artean erabilita.

Poesiaren goldeak alor maiztuak ditu amodioa eta desamodioa. Maitemintzearen garrak bere baitan preso hartzen gaituen unea eta maitasunaren iraungipenak bihotz-azaletan uzten digun urradura. Bien bitarteko denbora, aldiz, narratiba mota guztien lehengai maiteenetarikoa dugu milurteko hasiera eszeptiko honetan. Zorionez, Meabek ez daki erregelez. Hartara, emakume baten eta gizonezko baten arteko harremanek izan ditzaketen alderdi guztien kronikari eta arakatzaile bilakatzen ditu bere poemak: desioa, grina, sexua —euskaraz argitaratu diren olerki erotiko ederrenetarikoak idatzi ditu lekeitiarrak—, absentziak, atzeraminak, baina baita etorkizunak sorrarazten duen beldurra, amatasunaren (eta aitatasunaren) neke eta lilurak, elkarbizitzaren ajeak, bikotekideen arteko isiltasun hilgarriak, izan ez zenaren nostalgia, gaitz horiei guztiei —guztiengatik ere— aurrera egin nahiak jartzen dizkien sendabide egiazko eta alegiazkoak ere (afari bat jatetxe polit batean, noizean behin, / eta goizero-goizero/ pentsamendu alairen bat egun on esatean).

Horretaz guztiaz, bistan dena, modu aunitzetan idatz daiteke. Meabek autoerrukiarendako lekurik uzten ez duen doinu eskergarrian egiten du, hizkera sendo, koloretsu eta, zenbaitetan, hordigarrian, iruditeria zabal bezain iradokorraren harrobitik ale hautak ekarriz: itsasokoak eta lehorrekoak, hegaztiak eta landareak, egunerokotasun arruntekoak eta bizitzan behingoak.

Harribitxi arraroa da Meaberen liburua. Duela zenbait urte, ezinegona eta haserrea piztu zuen euskal literaturaren so egile batek euskal olerkigintzari “emea” iritzi zionean, hots, ahula, indarrik gabea. Eme batek sabela eta adimena elkartzen diren tokitik poesia egiten duenean zer-nolako indarra ager dezakeen jakiteko, irakurri beharra dago “Azalaren kodea”.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak