kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

16 ipuin amodiozko / Xabier Mendiguren Elizegi / Susa, 2002

Erosek baditu milaka aurpegi Maider Ziaurriz / Egunero, 2003-03-15

Orain horren-hurrengo hamarkadetatik hona maitasunezko istorio, kontakizun erotiko, eta, are, narrazio pornografikoak agertzen hasi bazaizkigu ere, konta ahalak izan dira gure literatura garbia zikintzera ausartu diren idazleak, literatur molde hori —euskaldunak berezko omen duen maitasunerako kera lotsatiak eraginda, apika—, bat-batean, aurrekaririk gabe, ezerezetik sortu balitz bezala. Ez da hala, ordea; hain zuzen, izan dezakegunik eta aitzindarietan antzinakoenak, Bernard Etxeparekoak alegia, jada azaldu baitzituen gure Patxi Altuna klasikozale handia lotsarazten zuten bertso erotismoz estaliak. Alabaina, ez dute hartutako joerarik izan gure idazleek, kristautasunaren erreinuak mendean hartutako euskal literaturan ugariak izan baitira debekatutako gai eta kontamoldeak. Haatik, etxe onenean ere beti izaten baitira ardi beltzak, arlo honetan ere, Miranderi egokitu zitzaion madarikatuaren paper hori betetzea; horren lekuko argi ditugu haren poesiak eta Haur besoetakoa eleberri eskandalagarri bezain zirraragarria.

Kosta zaio euskal idazleari, kosta zaionez, ikaskizun etiko-moralak bazter utzi, eta literatura irudimentsuagoa, ausartagoa egiten hastea. Geroztik, ordea, bat baino gehiago saiatu da erotismoa eta sexu jolas-jokoak literaturaz janzten; eta hala sortu dira beren beregi amodio-erotismoetarako argitalpen sailak ere.

Xabier Mendiguren bera ere aritu zaigu ibili horretako sasiarte eta oteak garbitzen, gizakiaren bekaturako sen hori naturaltasun osoz, bere gordinean ekartzen. 1986an plazaratu zuen Susak ipuin bilduma honetako lehen sorta, eta berriki argitaratu ditu, ostera ere, sei ipuin horiek osatzera datozen gainerako hamarrekin batera. Hauetatik gehienak han-hemen argitaratuak eta inoiz sarituak dira. Eta, orain, denek ere batera nahiz bestera amodioa baitute hizpide, bilduma honetan datozkigu.

16 ipuin amodiozko hauek lau ataletan banatzen dira: Sei ipuin amodiozko-n hainbat joeratako maitasun motak agertzen dira; Beste sei perbertsio izenekoan, maitatzeko molde ezohiko eta bereziagoak; Pastitxe bat-ean sedukzioari buruzko film hari batek ematen dion jokoaz baliatzen da irudimenari ate-leihoak zabaltzeko; azkenik, Eta hiru voyeur istorio-n, begiratzeak ematen duen gozamena azaltzen digu egileak.

Teknika eta molde oparoz emanak dira ipuinok. Eskertzekoa da idazleak harrimena eta ezustekoa eragiteko egin duen saioa, lerroz lerro irakurketa arin eta atsegina egiten baita. Irudimen, originaltasun eta are ironia ukitua ere ez zaio falta Erosen milaka aurpegiei mozorroa kentzeko garaian, eta hala azaltzen dizkigu bere gordinean: Eros erosia, erotikoa, errotikoa, erromantikoa; Eros erosoa, eroslea, erostaria. Eros eroa, azken batean.

Idazleak berak aitortzen duenez hitzatzean, 22 ebaki ipuina katartikoa izan zen ez bakarrik idazlearentzat, baizik baita irakurlearentzat ere. Baina nago, idazlearen iritziari ezer eranstea zilegi bazait, ipuin guztiek ere gure gizartearen eta literaturaren katarsi moduko bat ez ote duten agertzen. Nolanahi ere den, katarsia beti izaten baita terapia ezin hobea, balioko ahal du euskal literatura lotsatiaren hainbat errepresio askatzeko!

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak